
Larunbat arratsaldekoa
Maiatzaren 19an eta 20an izan genuen Eibarren nazioarteko makila-dantzen jaialdia 42. Euskal Jaiaren barruan. Larunbatean, zerura begira (bai nobedadea) altxatu ginen eta afalordurarte horrela ibili ginez, lepoko minez, baina lehor. Bost talderen emanaldia izan genuen Untzaga plazan larunbat arratsaldean.
Hasteko Nafarroako Cortes herriko Yona taldeak bere herriko makila-dantzak eskaini zituen, jota eta bals erritmora egiten dituztenak. San Asensioko danzanteak aritu ziren ondoren. San Asensioko trokeo-dantza osatzen duten hainbat pieza eskaini zituzten beren herriko gaiteroen doinura: Contradanza, El de frente, El brinco, El enredujo, El del culo, El de los cuatro, Ligero eta bukatzeko Castillo.. Ondoren, Elgoibarko Haritz dantzari taldeak Gipuzkoako makila txikien dantza egin zuen. Neska eta mutilez osatutako 12ko talde bana aurkeztu zuen Untzaga plazan Haritz dantzari taldeak, eta buruzagien zortzikoaren ondoren zortziko 40 muriska eta makila txikien jokoa egin zituzten.
Otsagabiako dantzariak plazaratu ziren segidan, eta bobo-ak gidatuta eta Iruñeko Gaiteroek lagunduta honako piezak eskaini zituzten: Emperador, Katxutxa, Modorro, Pañuelo-danza eta Jota. Eibarko Kezka dantza taldearen emanaldiaren borobildu zen larunbat arratsaldeko jaialdia. Arrateko trokeo-dantzatik makila txikien dantza eskaini zuen Kezka dantza taldeak.
Zeruak itxura txarra izan zuen arratsalde osoan baina errespetuz eutsi zion urari dantzak bukatu artean. Afaltzera jarri ginenean hasi zen trumoi, tximista eta euri festa.
Igande euritsua
Larunbata bukatu bezala hasi zen igandea. Euripean. 10.30etan harrera ekitaldia egin zen Udaletxean. Mari Jose Telleria kultura zinegotziak ongi etorria eman zien talde guztiei eta liburu sorta bat oparitu zien. Udaletxeko batzar nagusian bertan geundela hasi zen euria eta ez zuen bakerik eman egun osoan. Emanaldia plazan egiteko baldintzarik ez zela ikusita Coliseo antzokira eraman genuen jaialdia. 12.00etan aterrune bat baliatuz Coliseo bertatik atera eta untzagaraino buelta eginez kalejira egin genuen, baina ia korrika itzuli behar izan ginen euritik ihesi.

Coliseoko ate aurrean ikusleak pilatzen ari ziren eta ateak ireki zirenean zalantza genuen denok kabituko ote ginen. Justu-justuan baina eserleku (eta eskilara batzuk) beteta ikusle guztiak sartu ahal izan ziren antzokian. Kanpoko giro eskasaren aurrean antzoki barruan giroa berehala berotu zen makila hotsak eta esku zartak hasi zirenean.
Kezka dantza taldeko eta dantza eskolako dantzariok eman genion hasiera jaialdiari. Abaltzisketa eta Lizartzako inauteri-dantzak egin genituen. Eszenatokian kabitzeko arazoekin eta lekuz kanpo urduri samar aritu ginen. Egin ditugu emanaldi hobeak... Ondoren Castello-ko Asoc. El Todó-Danses Guerreres de la Todolella taldea aritu zen, eta makila-dantza bat, brokel-dantza bat eta ezpata-dantza eder bat eskaini zuen. Cortes-eko taldea berriz ere makilak hausten hasi zen eta ikusleak berotu zituen dantzatzeko erakutsi zuten grinarekin.
Terrasako bastoners-ek bi talde jarri zituen eszenatoki gainean. Bi taldeen arteko toki-aldaketa eta makila-joko ederrak egin zituzten eta Kataluniako ball de bastonsaren erakusgarri eder bat ekarri zuten Eibarrera. Segidan, 12 dantzarik osatutako talde serio eta ederra aurkeztu zuen Antzuolako Oin Arin-ek. Mairuaren alardean egin ohi duten trokeo-dantzatik makila txikien dantza egin zuten.
Portugalgo "Pauliteiros de Miranda do Douro" taldea gaita eta danborraren doinura sartu zen eszenatokira. Hasi zen dantza eta hura makila festa. Kolpeak hil ala bizi emateaz gain, dantzarako jarrera kementsu bezain naturala erakutsi zuten. Giza-dorreak egin eta dorreen gainera egin zituzten jauzi ikusgarri eta itzulipurdiekin borobildu zuten emanaldia.

Uztaritzeko Izartxo dantza taldeak hartu zuen eszenatokia segidan. Inauteri txaranga ederrak lagunduta Errobiko kaskaroten dantzak egin zituzten. The Britannia Coco-nut Dancers of Bacup-ek bi arku-dantza (garlands) eta koko azalen dantza ederra eskaini zuen. Aipatzekoa da 71 urteko gizona zela coconuters-en taldean dantzan. Gasteizko Indarra dantza taldeak borobildu zuen emanaldia. Paloteados de Pipaón y Villabuena aurkeztu zituen Indarrak, eta hauen emanaldiaren bukatu zen makila-dantzen nazioarteko jaialdiaren azken emanaldia.
Untzagako karpan jarraitu zuen jaiak. Bazkaria eta bazkalostean Patxi eta Konpainiarekin dantza eta dantza gozatu baikenuen denok.
Argazkiak:
- Larunbateko emanaldikoak (maiatzak 19)
- Igandekoak (maiatzak 20)
- Hemeroteka

Erantzunak
Cortes-ekoren batek hatzaren bat hazita izanen du oraindik, kolpe guztiak makilen kontra jo ez bazituzten behintzat!
Nork: aritz.2007/06/06 07:10:01.849 GMT-4
http://www.dantzan.com/blogak/aritz