Larunbatean goizean goiz abiatu ginen Eibarko Kezka-ko eta Elgoibarko Haritz-eko dantzariok Elgoibarko Udal bandako txistulariekin eta Oihane eta Eneritz trikitilariekin batera Bartzelonarantz. Gurekin batera Zubietako joaldunak izan genituen bidailagun. Ezpatak, makilak, arkuak... eta dantzako arropa guztiarekin iritsi ginen Bartzelonako Rambla del Raval-era. Heldu bezain laster entzun genituen lehenengo hitzak euskaraz izan ziren. Betagarri-koen soinu proba gaueko kontzerturako.
Bartzelonako
Euskal Etxeak antolaturik "Euskal Herria a la Mercè"
jaialdia antolatu zen irailaren 21etik 24ra hiriko jai nagusienean,
La Mercè-n alegia. Eibarko eta Elgoibarko dantzariok festan murgildu
ginen larunbatetik iganderarte.
Bartzelonara
iritsi bezain pronto arropaz aldatu
eta kalejirarako prestatu ginen. Larunbata,
arratsaldeko zazpirak, eta gainera La Mercè-ko jaietan zeharo
murgilduta zeudenez, Bartzelonako alde zaharreko kaleak jendez
lepo zeuden. Rambla Raval-en hasi eta hango kale estuetan barrena
abiatu ginen. Gure aurretik Joaldunak zihoazen guri bidea zabalduz.
Besteak beste auzo gotikoa eta Ramblak igaro genituen. Arrateko
Amaren ezpata-dantza, Zuberoako Barrikada-haustea eta Aintzina-pika
eta Arratiako jota eta porrua dantzatuz ordu bete pasatxo ibili ginen
hango kale estuetan barrena kalean gora eta kalean behera berriz ere
leku berean bukatu arte.
Igandean genuen hitzordua berriz ere Rambla del Raval-en. Oraingoan ordubete pasako emanaldia genuen zain eta 12:30ak aldera ekin genion beharrari. Ikusle ugari bildu zen euskal dantzen emanaldia ikusteko, bertakoak gehienak baina Bartzelonan bizi diren hainbat euskaldun ere bai. Hasteko Arrateko ezpata-dantza. Ondoren Gipuzkoako dantzak. Erregelak, kaskarots eta dantzari-dantza, eta Arratiako jota eta porrua dantzatuz borobildu genuen emanaldia.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu gurekin ibili diren Bartzelonako Euskal Etxeko ordezkariei eta baita guri laguntzen aritu diren guztiei.
Hona hemen Iñaki Zugastik atera zituen larunbateko kalejirako argazkiak eta baita igandeko emanaldikoak ere.
Moltes
gràcies!

Idatzi artikulu bat