
Otsailaren 4an atera ginen koko-eskean eta koko-dantzan Eibarko baserrietara. Goizeko 7.30tan Portalea Kultur Etxean bildu, eta bakoitza bere koko-jantzia jasten hasi ginen. 8.30ak inguruan, furgonetetan sartu eta ohi bezala, merkatu plazan hasi ginen dantzan eta berotzen.
Aurten, bi taldetan antolatu gara Arrate-balle eta Gorosatako baserrietan. Ondorioz, musikariak ere bikoiztu egin behar izan ditugu. Lehenengo taldearekin, Adolfo Jainaga soinuarekin, Aitor Jainaga panderoarekin eta Enrike Montero dultzainarekin ibili dira. Eta bigarren taldean, Unai Txurruka soinuarekin, Unai Narbaiza panderoarekin eta Jose Miguel Laskurain dultzainarekin.
Merkatu plaza atzean utzi eta baserrietaruntz abiatu ginenean hasi ziren sorpresak. Elurra mara-mara ari zen, eta mendiak eta baita bideak ere zuri-zuri aurkitu genituen. Kotxean aparkatu eta oinez abiatu ginen. Bai ondo!
Lehenengo taldeak, Azitaingo poligonotik igo eta Barrundi, Arexitagoikoa, Narru, Erdikoa, Argiñao, Untzeta, Sanjuangoa, Barrenetxe, Zelaikoa, Arizmendi, Arizmendiguena, Gaztelu, Lezetabeletxe eta Lazareto baserrietan ibili zen.
Bigarren taldea berriz honako baserri hauetara iritsi zen: Gorostagaiñeko, Gorostabeña, Gorostazpi, Madala, Zestero, Kantabria, Mugitzabarri, Itsaso, Maapila, Zezeila, Eskaregi errota eta Biriñao.

Baserri hauek egin ondoren, poligonoko frontoian bi taldeak elkartu eta falta zitzaizkigun baserriak batera egin genituen, Altzubarren, Sumendixa, Asola-berri, Lezeta, Mendigoiti, San Martin eta Iñarre.

Txapligua, musika eta txintxarri hotsekin iristen ziren koko-dantzak baserrietara. Atarian koko-dantza egin ondoren, koko-eskeko kantua abestu eta mamarruek saria pasatzen zuten. Esker oneko kopla, turuta hotsa eta kalejiran agurtzen genituen baserritarrak.
Baserri guztietan esker onez hartu zuten koko-dantzen bisita, eta saria ondo ondo beteta itzuli ginen. Baita sabela ere. Izan ere, hainbat baserritan jatekoa eta edatekoa atera eta mahaikadak hustu arte han izan gintuzten.
Koko-dantzak baino egun batzuk lehenago Jeremy Carter-Gordon dantza antropologo estatubatuarra etorri zitzaigun bisitan berriz, eta koko-dantzak ospatzen genituen egun berean Eibarren izango zela jakinik, neurriko mozorroa aurkitu eta gurekin ibili zen koko-dantzetan. Bere blogean idatzi du kronika.
Soziedadean babajana egin eta indarrak berreskuratuta, berriz ere kalera atera ginen. 19.30tan zain geneukan Mausitxa txaranga Toribio Etxeberriako anbulategian.
Eta haiekin, aurtengo gonbidatu bereziak. Italiako Rocca Grimaldatik etorrita, La Lachera inauteria Eibarren ikusteko aukera izan baitugu, eta gurekin batera ibili ziren beraien jantzi, musikari eta dantzekin festan.
Rocca Grimalda eta Euskal Herriaren artean 1000 km ditugu. Eta harrigarria da zer nolako antzekotasunak ageri diren bien inauterien artean. I Lachè izeneko dantzariak Nafarroa Behereko kabalkadetako bolanten ia berdinak dira. Servitori, alegia, zerbitzariak direla esaten dute, eta hemengo festetan danbolinausiak, maiordomoak edo mutil-ardoak lirateke ziur aski.
Kaleko koko-dantza, irekia izaten da, nahi duen guztiak parte hartu dezake. Aurten jende dexente animatu da masusta jantzi eta Eibarko kaleetan ibiltzera.
Zuloaga, Toribio Etxeberria, Untzaga eta Fermin Calbeton kaleetan ibili ginen koko-dantzan eta koko-marruen soka-dantza dantzatzen, besteak beste.
Ohi bezala, San Andres elizaren aurrealdean azken dantzak eginda amaitu genituen koko-dantzak. Ondoren afaria eta afalostekoak... Hemen Felipe Loyola, Fernando Retolaza eta Iñaki Zugastik egindako argazki sorta bat.

Idatzi artikulu bat