
Koko-dantzariek makila-dantza egiten dute baserri bakoitzaren aurrean, eta mamarruek saria pasako dute baserritarren opariak jasotzeko. Burburixuen zaratak, masusten korrika saioak, aixerixak, hartza, Batista kojua eta Arraguetako Ama Birjina, eta beste hainbat koko-mozorrok osatutako konpartsak egun osoa pasako du baserriz baserri dantzan, kantuan eta eskean Jainaga, Laskurain eta Narbaiza trikitilari eta dultzaineroekin. Arratsaldean, 19.00etatik aurrera Eibarko erdiguneko kaleetan ibiliko da konpartsa osoa Mauxitxa txarangak lagunduta.

Koko-eskearen ibilbidea
Ohi bezala Merkatu plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak, goizeko 8:30ak aldera. Ondoren, Amañatik gora Zozola, Zozolabarri, Aritxuluetabarri eta Aritxuluetara igoko gara.
Mandiola utzi eta Agina aldera joko dugu, eta Ixuatik jaisten eskuin eta ezker dauden baserrietara hurbilduko gara: Altzerreka, Zumaran, Mendibil, San Roman, Aboagaazpikoa, Aboagainekoa, Suinagatxo, Suinaga, Gorostiaga, Arizpe, Atxekoa, Orbesoaren eta Aginaga bertan dagoen Aginagainekoa. Hortik gora segi eta Oregizahar, Arandobarrena, Arandoguena eta Arandoetxebarrirekin bukatuko dugu.
Azpiriko kaletar-baserritartu eta baserritar-kaletartuen laguntzarekin prestatu dugu aurtengo ibilbidea eta baserrien argazkiak ere bildu ditugu sorta honetan.
Koko-festa kalean
Iluntzean, 19.00etan Anbulategiko parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangaren doinura erdiko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi irekia da hau eta nahi duten guztiak daude gonbidatuta, koko-jantzi eta festan gurekin batera parte hartzera.

Zuzenean jarraitzeko
Aurten koko-dantzen nondik norakoak zuzenean erretransmitituko ditugu twitter bidez. Hainbat modu daude koko-eskearen nondik norakoak jarraitzeko:
- Gure twitter kontura harpidetu eta twitter bidez.
- Blog honetan bertan, coveritlive tresna jarriko dugu eta horren bidez gure mezuak ikusi eta nahi izanez gero zuen komentarioak bertan utzi ahal izango dituzue.
- Facebook-en gure kontuan.
Koko-dantzak 2010
8:30 Merkatu plazan lehen agerraldia
9:00 - 18:00 Koko-dantzak eta koko-eskea Agina aldeko baserrietan.
19:00-21:00 Toribio Etxebarria, Untzaga eta Kalbeton kaleetan koko-dantzak Mauxitxarekin.

Idatzi artikulu bat