Aratuste asteburuaren aurreko larunbatean, 2008ko urtarrilaren 26ean, koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratuko du Kezka dantza taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko bisitatuko ditu. Goizean goiz abiatuta baserri bakoitzaren aurrean dantza emanaldia egin, koko-eskea egin eta modu horretara hainbat baserri bisitatuko ditu konpartsak egun osoz. Arratsaldean Eibarko kaleetara iritsiko da koko-dantzari eta koko-marruen konpartsa, eta bertan ibiliko da aratusteek ohikoa duten jai giroan musika eta dantzarekin.
Aratuste tradizionala eta bere pertsonaia arketipikoetan oinarrituta ari gara koko-dantzak prestatzen. Eibarren plazaratuko ditugun koko-dantzari eta koko-marruak bertakoak dira, bereziak eta nortasun propioa dutenak, baina aldi berean inauteriaren izpiritu tradizional eta europarrean oinarrituak eta testuinguru horretan bete-betean txertatzen direnak. Eibarko aratusteen inguruan erabili izan diren zenbait ohituretatik jaso ditugu su berria pizteko erabiliko ditugun txinpartak.

Idatzi artikulu bat