Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2007/10/09 11:57:40.014 GMT+2

Asteburua Arraten

Irailaren 7an, ostiralean iritsi ziren aurtengo Arrateko jaiak, eta iritsi bezala joan ziren hilaren 9an, igandean, Kofradia Egunarekin. Asteburu betea izan da aurtengoa; ostiralean bertso-afariarekin hasi eta igandean baserritarrekin bazkaltzen bukatu arte, herri-kirolak, musika, bertsolariak, herri krossa, gaupaseroak... eta nola ez, hau dena borobiltzeko Arrateko Amaren dantzen 3. edizioa. Ez zen jai-girorik falta izan Arrateko zelai gainean!2007-09-08_Arrate_IZ_1772


Arrate egunean, goizean goiz iritsi ginen denok ohi bezala Arrate gainera. Lanbro artean ezkutatzen ziren azken gaupaseroak eta nahiz eta hasiera batean kezkati egon eguraldiarengatik, azkar uxatu zituen gure ardurak eguzkiak. Heldu bezain pronto janzten hasi ginen, ondoren taldeko argazkia atera eta zuzen-zuzenean Meza nagusira sartzeko prest jarri ginen. Konsagrazio ostean, Usartza txistulari bandaren doinuetara dantzatu zuten Jaunaren aurreko ezpata-dantza aurtengo bi gonbidatu bereziek: Jokin Otamendik eta Jexux Larreak. Fernando Aristizabal aurtengo hirugarren gonbidatuak ez zuen Arratera etortzerik izan ondoezik zebilelako, beraz, hurrengo urteren batean espero dugu Arrate gainean. Josu Garatek gidatzen zuen ezpata-luzeen taldea eliza barruraino sartu zen, zubi pare bat egin eta bi azkendariek Jaunaren aurreko ezpata-dantza egin ostean denok eliza atarira prozesiorako prestatzera.


Prozesioa Arrate egunean eliz ataritik gurutzeraino eta buelta izan ohi da. Gurutzean, Eibarrera begira jarri eta Salbea kantatzen da. Aurten ia ahaztu zitzaien abadeei, baina azkenean ohitura bete zuten. Berriz ere eliz atarira itzuli, eta oraingoan lau gonbidatuek, ezpata-dantza eskaini zioten amabirjinari. Jendez leporaino bete zen eliza eta eliz ataria, eta ezpata-dantzariek harro igo eta jeitsi zituzten ezpatak han bildutakoen txalo zaparraden artean.2007-09-08_Arrate_FL_6916


12:30ak pasata hasi genuen emanaldi nagusia Arrateko zelaian. Ordurako jende andana zegoen han bildurik talo eta txorizo usainen artean. Dantzariok zelaian sartu ahala, jendea alboratzen hasi zen dantza egiteko tokia utziz. Usartza txistulari banda Iriarena doinuarekin hasi bezain pronto ezpata-dantzarekin ekin genuen saioa. Lau azkendariak: Iñaki Arregi, Mikel Sarriegi, Jexux Larrea eta Jokin Otamendi dantza-maisuak; ezpata-luzeen buruzagi Josu Garate eta buruzagi makilarekin Oier Araolaza. Ezpata luzeak: Aiert Ibarbia, Ainhoa Lendinez, Aintzane Uriguen, Amaia Goenaga, Amaia Mutiloa, Amaia Recio, Ander Fernandez, Ane Sarasketa, Ane Urresti, Aresatz Usobiaga, Ekhi Zugasti, Eneritz Ganboa, Enrike Izagirre, Gaizka Arrizabalaga, Haritz Arrieta, Harkaitz Urreta, Hiart Zugasti, Irati Carballo, Irati Kortabitarte, Irune Orueta, Izaro Gerrikagoitia, Jon Lizarralde, Joseba Aranzabal, Julene Usobiaga, Leire Orbegozo, Luken Aranburu, Maialen Araolaza, Malen Ulazia, Oier Ibarbia, Oihane Llorente, Olaia Gabirondo, Olaiz Agirrebeña, Roberto Altzerreka, Unai Agirre, Unai Lizarralde, Zuriñe Torre eta Abel Iriondo. Egun osoan gogoan izan genuen Maitane Castillo, hain gogoan gurekin izan zela ziur gaudela.


Zelaiko emanaldia 13:30ak inguruan bukatu genuen. Tartean Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak burutu genituen: makila txikiena, makila handiena eta brokel-makilena ere.  Bazkalostean, Arrateko Amaren dantzarien kofradiaren akta irakurri eta gonbidatuei eskerrak eman ostean, ohi bezala liburuan sinatzearekin amaiera borobila eman genion egun handi honi. Jai giroak ordea ez zuen gauerarte bukaerarik izan...2007-09-08_Arrate_FL_7096


Hurrengo egunean, Kofradia Egunean  Enrike Izagirrek eta Josu Garatek Arrateko ezpata-dantza eskaini zuten berriz ere Arraten bertan. Meza barruan dantza egin ostean, kanpoan, eliz atarian berriz ere Arrateko ezpata-dantza dantzatu zioten Ama Birjinari.


Argazkiak ikusteko hona hemen Felipe Loiola, Arantza Uriguen, Iñaki Zugasti eta Maialen Araolaza gure paparazzi propioek atera zituzten argazki sorta ederra. Hemen berriz Kofradia Egunekoak.


Nork: dantzancom.2007/10/09 11:57:40.014 GMT+2
Etiketak: ezpata-dantza kezka tradizioa arrate 2007 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Irudian agertzen diren letrak idatzi beheko kutxan. Spammerrei aurre egiteko CAPTCHA metodoa da hau Captchas.net zerbitzuari esker



Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak