Iaz bi dantza estreinatu ziren, ezpata-dantza eta makila txikiena. Aurten, bi horiez gain, beste bi dantza estreinatuko dira Arrateko zelaian: makila handien dantza eta brokelen dantza. Bi dantza berri horien doinuak Jose Miguel Laskurain txistulariak prestatu ditu, eta Usartza txistulari taldea arduratuko da jotzeaz.
Flandrian estreinatutako bi dantza berri
Bitxia bada ere bi dantza berri horiek Flandrian, Beljikan aurre-estreinatu ditu Kezka dantza taldeak. Arraten aurkeztu aurretik aurre-estreinu bat egin nahi izaten du Kezkak, Arrateko zitara dantzak behar bezala prestatuta eraman ahal izateko. Dena prest zegoen Eibarko Dantzari egunean, ekainaren 16an, bi dantza berriak lehen aldiz jende aurrean aurkezteko, baina emanaldia hasi behar zen ordu berean eroritako eurite izugarriaren ondorioz bertan behera geratu zen ekitaldia. Ondorioz, aurten Sint-Niklaas-en parte hartu duen jaialdian eskaini zituen Kezkak lehen aldiz Arrateko bi dantza berri horiek.
Aurtengo gonbidatu bereziak
Iazko estreinaldian Arrateko Amaren dantzarien kofradia sortu zuten dantza saioan parte hartu zuten dantzariek. Kofradia horretako kideak dira Arraten irailaren 8an dantza egiten dutenak eta urtero Eibartik kanpoko zenbait dantzari gonbidatuko ditu kofradiak emanaldian parte hartu eta Arrateko Amaren dantzarien kofradiako ohorezko kide izatera. Iaz bi dantzari eta dantza-maisu bikain izan ziren gonbidatuak: Mikel Sarriegi beasaindarra eta Iñaki Arregi andoaindarra.
Aurten Elgoibarko lau dantzari dira Arrateko Amaren kofradiaren gonbidapena jaso dutenak. Eibarko dantzarien ibilbidean ezinbesteko laguntza eskaini dute Elgoibarko Haritz dantzari taldeko lau dantzari horiek, haiekin ikasi dituzte gaur egun egiten dituzten dantza gehienak eta dantzari bikainak direla erakutsi dute hainbat urtetan han eta hemen egindako emanaldietan. Hauek dira aurten Arrateko dantzetan izango ditugun lau gonbidatu bereziak: Jon Lizarralde, Abel Iriondo, Lourdes Odriozola eta Mikel Legorburu.
Lau
gonbidatuak protagonista izango dira ezpata-dantzan, beraiek beteko baitituzte
bakarlari lanak eta zelaian egingo diren trokeo-dantzetan buruzagi edo kapitain
dantzak egingo dituzte. Horretarako prestatzen aritu dira azken hilabeteetan,
Arrateko ezpata-dantza ikasten aritu baitira Josu Garaten eskutik.
Tamalez, Mikel Legorburu min hartuta dago, eta beraz aurten ezingo du bakarlari lanetan aritu. Hala ere ezpata luzearekin arituko da aurten, eta datorren urtean, osatuta dagoenean etorriko da berriz Arratera ezpata txikiekin duen konpromezua kitatzeko. Josu Garate arituko da bere tokian, Aiert Ibarbiak egingo ditugu maisu-zahar lanak ezpata luzeak batuz. Guztira, 34 dantzarik parte hartuko dute Arrateko ezpata-dantzan.
Arrateko Amaren dantzak - ordutegia
Irailaren 8an, ostiralean, Arraten
11.00etan elizan, Meza Nagusian, ezpata-dantza.
12.00etan prozesio bukaera elizaren atarian
ezpata-dantza.
12.30etan zelaian:
- Arrateko Amaren ezpata-dantza
- Arrateko Amaren trokeo-dantzak:
- Makila txikien dantza
- Makila handien dantza
- Brokel-dantza

Erantzunak
Otsagabian ere zita garrantzitsua dugu eta,...
Zorte on! (batez ere eguraldiarekin)
Aritz
Nork: Aritz.2006/09/07 04:58:28.109 GMT-5
http://www.dantzakn.com/blogak/aritz