Eibar Rugby taldearen garagardo feria inauguratu genuen atzo. Kirol taldeak gutaz gogoratzen direnean normalean beraien ekitaldi baten sari ematean dantza egiteko izaten da. Baina Eibar Rugby taldekoen gonbidapenak ez zuen horrekin zerikusirik. Kezka dantza taldeari egiten duen lanaren errekonozimendua egin nahi zion, eta horregatik garagardo feriaren inaugurazioan parte hartzera gonbidatu gintuzten. Jon Egiguren, errugbi taldeko lehendakariak eskua eskaini zigun, alkatea ere sokan sartu, eta ezustean, gaitari eta danborrariak aurrean jarrita, soka-dantza sartu ginen karpa barrualdera. Eszenatokian ongi etorria eta oroigarria eman zigun Egiguren-ek, eta lehen garagardoarekin topa egiteko aukera izan genuen. Ondoren, saltxitxak, txerri-ukondoa eta garagardoarekin ospatu genuen.
Poz handia izan da Eibar Rugby taldeak Kezka dantza taldeari egindako gonbidapena, eta benetan ekitaldi atsegina izan genuen. Eskerrik asko!
Pasa den 2008ko azaroaren 15ean Kezka dantza taldearen 50. urteurrena ospatzeko
Eibarko Coliseo Antzokian egindako Saria bete dantza emanaldian Eibarko XX. mendeko
dantzen irudiekin egindako proiekzioa bat eskaini zen. Zenbaitek eskatu digute berriz ikusi nahi zutela bideoa eta horra ba. Musika: Goizian goizik kanta tradizionala Caroline Philips eta
Mixel Ducauren eskutik. Irudiak: Kezka dantza taldearen artxiboa.
Eibarko txokorik ederrenetakoa da askoren ustez Santa Kurutz ermita. Ermitan izenari ohore egiten dioten jaiak ospatzen dira bertan, Santa Kurutzak, inguruko baserritarrek antolatuta. Maiatzaren 3a, Santa Kurutz eguna, igandea egokitu da aurten, eta bertan izan da urtero bezala Kezka dantza taldea auzotarrekin eta bertara hurbiltzen direnekin bat eginda, soka-dantza egiten.
Aiert Ibarbia aurresku eta Ander Fernandez atzesku aritu ziren soka-dantzan, eta Joseba Aranzabal eta Unai Agirre zerbitzari lanetan. Giro ederra eta txorizo eta odoloste are ederragoak ohi bezala Santa Kurutzen.
Santa Kurutz egunekoa jai handia izaten da Andoainen. Eta egun handi horretan abiatu zuten iaz Urki dantza taldeko kideek Argia dantzari taldearen laguntzarekin urtero errepikatu nahi duten ezpata-dantza. 2009an Dugunako Aritz Ibañez eta Kezkako Oier Araolaza gonbidatu gaituzte ezpata-dantza horretan Urkiko dantzariekin batera aritzera.
Asier Garmendia buruzagi zela, Jon Iraola eta Aritz Brosak osatu zuten azkendari laukotea.
Jokin Otamendik prestatutako ezpata-dantza taldeak Santa Kurutzeko ermita ondoan egin zituen zubiak meza nagusiaren aurretik eta ondoren, eta bertan dantzatu genuen ezpata-dantza.
Urtero maiatzaren 3an plazaratuko dute Urkiko dantzariek ezpata-dantzan Andoainen. Aukera ederra eta ohorea izan da gonbidatuontzat ezpata-dantza horretan
parte hartzea eta egun ederra pasatu genuen Andoainen jai egun handia
den horretan. Eskerrikasko eta zorionak Urkiko dantzari, txistulari eta laguntzaile guztiei!
Apirilaren 24an abiatu ginen Terrassaruntz. Beti bezala autobus ederrak jartzen dizkigu Aldalur-ek eta oraingoa ere ez da makala. Oier Ibarbiaren testigantza horren lekuko: "Nik orain arte ez dot sekula bidaiatu holako autobus batean.
Egin kontu zelako alturia dakagun batzuk eta hala ta guzti be, nik
hankak nahi neban moduan estirau, luzatu eta jarri nebazen nere
aurrekuak asientua atzera botata be. Sekula holakorik... Hori bai hori
autobusa hori. Gora Aldalur!"
Terrassako bastoners-ek egindako harrera ez da makala izan. Medio gutxirekin baina taldekide guztien lan izugarriarekin antolaketa bikaina burutu zuten bi egun eder pasa genituen Terrassan. Aipatzekoak dira besteak beste Adria-ren ilusio eta indarra, Jordi-ren gidaritza lasaia eta 48 ordutan gurekin une oro izan den Aniol (más gente!), inoiz haserretzen ez den mutila.
Larunbat goizean Terrassako erdi-gunea bisitatzeko aukera izan genuen, garai modernistako hainbat eraikin interesgarri, merkatua, zientzia museoa, udaletxea, e.a. Udaletxean bertan harrera egin zigun Terrassako alkateak. Opari trukea izan genuen eta euskara-katalan gure itzultzaile partikularrak lan apur bat egin zuen diskursoak itzultzen. Udaletxe ederraren aurrean egin genuen Bastoners de Terrassa, Duguna eta Kezka taldeok emanaldia nagusia. Ikusle ugari eta txalotzeko prest bildu ziren emanaldira eta pozik eskaini genituen prestatutako dantzak. Jaurrieta, Otsagabia eta Luzaideko dantzak egin zituzten Dugunakoek eta Arrateko ezpata-dantza, dantzari-dantza, kaskarots eta jotak Kezkakoek. Igandean goizean goiz altxatu eta butifarra eta saiheski gosari mundiala egin genuen Senpere auzoan. Handik abiatu behar zen bastoners eta dantzarien cercavilla, baina euriak kalejira bertan behera uztera behartu zuen. Eskola baten patioan hasi eta Plaza Vella (zaharra) ederrean bukatu genuen goizeko dantza emanaldia. Hainbat bastoners taldek parte hartu zuten "XXVIII. Diada dels Bastoners de Terrassa" jaialdian. Bi egun bete-beteak, musika eta dantzaz batez ere pasata itzuli ginen Eibarrera. Emanaldiak txukun joan ziren, baina emanaldietatik kanpoko giroa aparta izan zen. Iruñea-Abadiño-Terrasa-Eibarko musikari sorta ederrak izan zuen horretan zerikusia, emanaldi formalak bukatu orduko hasten baitzen haien eta denon festa. Hona hemen argazki, prentsa eta beste taldeen kroniketara loturak:
Dantzaz Konpainiak "Lur sagar" ikuskizuna aurkeztuko du datorren
maiatzaren 10ean Eibarko Coliseo antzokian. Ballet Biarritz junior
bezala hasi zenak bide propioa urratu du eta Dantzaz Konpainia da
orain. Dantzari gazteek erakutsi dute dagoeneko profesionalki lan
egiteko prest daudela, eta horietako asko konpainia profesionaletan
izango dira datozen urteotan.
Dantza ikuskizun eder eta atsegina da Lur Sagar. Hiru koreograforen
hiru lan biltzen dira bertan, lur-sagar edo patataren hariak lotzen
dituena:
‘En Jaar Eden’, Gäel Domenger
‘Songeurs’, Christophe Garcia
‘Earth Apples’, Itzik Galili
Lur sagar Dantzaz Konpainia Eibar, Coliseo antzokia maiatzak 10 - 19:00etan Sarrerak salgai daude dagoeneko 8 Eurotan.
Programa
Jaar Eden (Eden Ibaia) Koreografia: Gaël
Domenger Musika: Jesus Aured
Francisco Lopez Argien diseinua: Jean Claude Asquie Iraupena: 15 min
Koreografia
honetan bi dantzari Jaar Eden ibaia ureztatzen duen iturburuaren bila
joango dira. Gai ugariri buruz galde egitera eramango dituen arakatze
lan bat da: egunerokotasuna, euren emozioak, euren oroitzapenak,
euren gorputza eta besterekin duten harremana. Aldi berean, Edenari
buruz eta bizitzaren sorburu den iturriari buruz orain dugun ideiaren
irudikapena ulertzera gonbidatzen gaitu, geure fantasiez eta
sinesmenez soilik betetako lorategi batean, gizakia bertatik
erbesteratu zutenetik.
Jaar
Eden naturaren bidez gure izateari buruz galde egiten duen lana da, gure
esentziaren beraren iturburura itzuliz.
Gaël Domenger Pariseko Operako Dantza Eskolan ikasi zuen, eta ondoren Parisko Goi Mailako Kontserbatorio Nazionalean.
Luxenburgoko Euroballet-en izan zen lehenik dantzari, eta ondoren Uwe Scholzek zuzendutako Leipzigeko Baletean. Gero Wallonieko Opera Royal-en aritu zen dantzan eta ondoren Scapino Ballet Rotterdam-en, d’Ed Wubberen zuzendaritzapean. 2003tik da Ballet Biarritzeko kide.
Koreografo lanean hamabost bat obra sortu ditu, Leipzig, Liège eta Rotterdamen aurkeztutakoak. Azkenekoak hauek dira: La nuit transfigurée, Pays de neige 2005ekoak, eta Shéhérazade 2006koa, Ballet Biarritz Junior konpainiarako sortuak. 2008ko ekainaren 8an, Udako gau baten ametsa, bere azken obra, Nizako Operako Baletak estreinatu du.
Dantzaz-BBj-ko zuzendaritza taldeko kide izan da, koreografo eta balet maisu gisa. Bestalde, Biarritzeko André Malraux Lizeoan dantza irakaslea da, batxilergo zikloko dantza aukeran.
Songeurs
Koreografía: Christophe Garcia Musika: Friedrich Burgmuller, Adolphe Adam, Ludwig Minkus Argiak: Jean François Milazzo Laguntzaile artistikoa: Marie-Eve Carrière Iraupena: 15 min.
Amesgileak…
Hasieran hiru emakumezkoentzat sortua eta orain gizonezkoentzat egokitua, 3 pertsonaien unibertso onirikoan sartzea proposatzen digu obra honek.
Bere burua alegiazko munduaren mende utziko dute baina, aldi berean, bere kontra borrokatu dute, kolpatuko dira, inoiz etsi gabe. Nahiz eta amets motza izan, bertan atxikitzea beti merezi du, une batez errealitatetik ihes egiteko.
Christophe Garcia
Antzerki, kantu eta musika arteetan hasi zen eta geroago dantzari izateko prestatu ondoren koreografiaren alorrean garatu du bere lana. 1996an l’École Atelier Rudra Béjart eskolan onartu zuten, 1998an Béjart Ballet Lausanne konpainian sartu zen, eta bertan bere lehenengo lana, “Alice”, aurkezteko aukera izan zuen.
2000n bere konpainia sortu zuen, Les Ballets de la [parenthèse], eta errepertorio zabala sortu zuen konpainia horrekin. Bere koreografiak Europako eta Iparramerikako dantza ekitaldi desberdinetan nabarmendu izan dira eta horren ondorioz hainbat sari jaso izan ditu nazioarteko koreografi lehiaketa ugaritan.
Robert Wilson, l'Opéra de Marseille eta Grands Ballets Canadiens-erako lanean aritu ondoren, 2003an Montrealeko Cas Public konpainiarekin dantza egin zuen, Hélène Blackburnen zuzendaritzapean. Frantzia eta Quebec artean lan egiten du eta eskari ugari jasotzen ditu hainbat konpainia eta interpreterentzako koreografia berriak sortzeko, besteak beste, Rotterdam-eko Scapino Ballet.
2005ean bere konpainiaren filiala sortu zuen Montrealen, konpainia frantses-kanadarra, alegia.
“Niretzat Mercedes Sosaren ahotsak tribuetako imajinak gogorarazten dizkit, antzinako imajina soinudunak. Bere bihotz oinazetua indar handiz sumatzen da airean. Apaltasunez erreakzionatu dut bere musikaren aurrean, lurraren muina sentitzen ahaleginduz eta horretarako errepikapenaren eta kanonaren geruzak zeharkatuz. Dantzaz konpainiak egingo duen berrestreinaldiak, Earth Apples dimentsio eta indar berria ematen dio. Jatorriz gizonezko zazpi dantzarirentzat sortua izan arren, koreografia hau sei emakumezko dantzarik eta gizonezko dantzari batek interpretatuko dute, eta elkartu egingo dute euren gaztetasuna lurraren antzinako jatorriekin.”
Itzik Galili
Itzik Galili Tel Aviven jaio zen. Nerabezaroan izan zuen dantzarekin bere lehenengo harremana, dantza tradizional israeldarrak ikasten ari zela. Lagun batek gomendatuta, New Yorkeko Metropolitan Opera-n dantzari nagusi ohia eta dantza irakasle Nira Pazen aurrean aurkeztu zen. Balet eta dantza garaikideko klaseak hartuz denbora tarte bat igaro ondoren, Itzik, bere izaera nekaezinak bultzatuta, Bat-Dor Dance Company-n aurkeztu zen. Konpainia horretan bi urtez aritu ondoren Batsheva Dance Company-ra elkartu zen.
1989an Robert Cohanek, orduan Batsheva Dance Company taldeko aholkulari artistiko zenak, Erresuma Batuetan konpositore eta koreografoei zuzendutako nazioarteko ikastaro batera joatea animatu zuen, Gulbenkian Fundazioak antolatutakoan. 1990ean Itzikek Double Time sortu zuen eta ibilbide profesional artistiko emankor bati ekin zion. Izan ere, orain, “espazioaren eta gorputz erritmoaren maisu” dela diote (Michelle Mann, Dance Europe). Urte hartan bertan, Old Cartoon lanak Gvanim Choreographic Competition lehiaketako originaltasunaren saria lortu zuen. 1991n Itzik Herbehereetara joan zen bere konpainia sortzera.
1992an The Butterfly Effect lanak Publikoaren Saria jaso zuen Groningeneko Nazioarteko Koreografoen Lehiaketan, eta harrezkero etengabe aritu da sariak jasotzen. 1994an Kultura Sariko Azken Hautaketan izan zen saridun (Phillip Morris), bere aparteko talentuagatik eta Herbehereetan dantzari eta kulturari egindako ekarpenagatik.
1997an Kultura laguntza publikoarekin sortutako Groningeneko dantza konpainia berri baten Zuzendari Artistiko izendatu zuten: NND/Galili Dance.
Orain arte, Itzikek 50 koreografiak baino gehiagok osatutako errepertorioa sortu du, horien artean aipatzekoak izanik: Earth Apples (1992), Between L… (1995), Fragile (1997), Beautiful You (1999), For Heaven’s Sake (2001), Mono Lisa (2003), ME (2004), Hikarrizatto (2004), Exile Within (2006) eta Heads or Tales (2007), azken hau Galili Dance-ren Hamargarren Urteurrena zela eta sortutakoa, eta dualtasunagatik sentitzen duen lilura ondoen irudikatzen duena:
Bere dantzarientzako koreografiak sortzeaz gainera, Itzikek hainbat konpainiarekin lan egin izan du: Stuttgart Ballet, Ballets de Monte Carlo, Bayerisches Staatsoper Munich, Gulbenkian Ballet, Scapino Ballet, NDT II, Batsheva Dance Company, Les Grands Ballets Canadiens, Royal Finnish Ballet, Bale da Cidade de Sao Paulo, Royal Winnipeg Ballet, Diversions Dance Company, Norrdans, Cisne Negro eta Het Nationale Ballet.
Bere konpainiaren barruan Itzikek talentu handia ikusten zaien dantzariak prestatzen ditu. Sormena garatzeko eta izaera independentea izateko laguntzen die bere dantzariei. Izan ere, sarritan, etorkizun handiko gazteak hartzen ditu bere programazioan. 1998 eta 1999an Groningen International Competition for Choreographers lehiaketan ere zuzendari izan zen. Itzikek harreman ona du Rotterdamse Dansacademie (Codarts) akademiarekin eta dantzari berriak kontratatzen ditu bere konpainia osatzen duten gainerako dantzarien maila berean aritzeko. Lan horren adibide argia izan zen Heads or Tales (2007), akademiarekin batera ekoiztua eta ikaskuntza aldian zeuden hamar dantzarik parte hartu zutenekoa, NND/Galili Dance taldean zazpi hilabetez lanean arituz.
Argi-jokoak Itziken lanaren garrantzizko osagaia dira eta baliabide honetan erakusten duen interesak eraman du bere lan gehienen argiztapena berak sortzea. Gainera, bere lankide artisten eskariak jaso ohi ditu. Bestalde, Itzik elkarlanean aritu da telebistako pelikuletan koreografo gisa, esate baterako A Sense of Gravity-n (2002, BBC2ren eskaria – Erresuma Batua) eta Come Across-en (1996, NPSen eskaria – Herbehereak).
Sariak: VSCD Choreography Prize, 2002 VSCD Prize sarirako izendatua, 05-06ko denboraldiko Produkzio Onenagatik “The House of Oranje Nassau” Ordenaren Zaldun izendatua, Herbehereak, 2006
“Galiliren artea abstrakzioa eta narrazioa fintasunarekin orekatzean dantza, eta era horretara sortzen ditu hain lan zirraragarriak. Gaur egun, bera da Herbeheretako koreografo bakanetakoa umorearen, erasoaren, lirismoaren, sexuaren eta dotoreziaren arteko oreka hauskorra egituratzen dakiena” (Michael A. Kroes – Ballettanz International, martxoa, 2007)
Dantzaz Konpainia Dantzariak: Aurélien Alberge, Sophie Antoine, Olivier Coeffard, David Debernardi, Charline Debons, Alejandra García, Nuria Giménez, Giovanni Insaudo, Garazi Perez, Francisco Sánchez, Andrea Vallescar Zuzendari artistikoa: Adriana Pous Ojeda Irakasleak: Iñaki Landa, Josu Mujika Zuzendari orokorra: Filgi Claverie Produkzio arduraduna: Sofía Alforja Administrazioa: Laida Oliemuller Talde teknikoa: Eragin Stac.
Asteburuan --apirilak 24, 25 eta 26-- Kataluniara goaz, Terrassa-ra hain zuzen ere. Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka dantza taldeak Terrassako "XXVIII Diada dels Bastoners de Terrassa" jaialdian parte hartzera goaz.
Bastoners de Terrassa taldea 2007ko Ezpalak jaialdian Eibarren eta Iruñean izan genituen dantza egiten, eta aurten beraiek antolatzen duten jaialdian parte hartzera gonbidatu gaituzte.
Hauxe da bertan izango dugun egitaraua: Dissabte 25: Makil Dantza a la Diada de la colla (Terrassa) 18:00 concentració al Raval de Montserrat 18:30 ballada de bastons amb Kezka Dantza Taldea d’Eibar, Duguna
Dantza Taldea de Pamplona i el grup de grans dels Bastoners de Terrassa
Diumenge 26: Cercavila de la Diada de la colla (Terrassa) 9:00 concentració a l’antic poble de sant Pere
10:30 bateig dels Bastoners de sant Pere 11:00 inici de la cercavila amb Bastoners de Sant Pere, Bastoners
d’Esplugues de Llobregat, Bastoners de Moià, Bastoners del Raval,
Bastoners de Sabadell, Bastoners de La Palma, Kezka Dantza Taldea
d’Eibar, Duguna Dantza Taldea de Pamplona i Bastoners de Terrassa
recorregut: Major de sant Pere, pl.rector Homs, Nou de sant Pere, Carrer sant Pere, Gavatxons i pl.Vella 13:00 ballada final a la plaça Vella
"XXVIII Diada dels Bastoners de Terrassa" jaialdiko ekitaldiak aurkezteko bideoa prestatu dute bastoners-ek.
Garizumaren amaierarekin batera dator aurtengo koko-dantzen kronika. Otsailaren 14an atera ginen koko-eskean eta koko-dantzan Eibarko baserrietara.
Goizeko 7.30etan Portalea Kultur Etxean bildu, eta batzuk oraindik erdi-lo zeudela hasi ginen bakoitza bere koko-jantzia janzten. Ordubete beranduago, furgonetetan sartu eta eguneko lehen agerraldia egin zuten koko-marru eta koko-dantzariek merkatu plazan. Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza trikitilariekin hirukotea osatuz Jose Miguel Laskurainek dultzaina jo zuen egun osoan. Jainagak trikitia jotzeaz gain baserri bakoitzera ze ordutan iritsi ginen apuntatzeko lana hartu zuen, eta horri esker dakigu 9:00ak puntuan geundela lehen baserrian, Eskaregin. Eluts genuen hurrengoa, baina osasun arazoak zirela aurtengoagatik txanda-pasa egin genuen. Don Eusebiok txapligua jaurti, soinua, dultzain eta panderoa jotzen hasi, eta karnabalaren eromena iristen zen baserri bakoitzera Segidan etorri ziren Agirreazpikoa, Azaldegiazpikoa, Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Nagiorbebekoa eta Azpiri. Mandiola eta Gorosta auzoetan paraje ederretan ibili ginen, mendian gora eta behera, eta baserri bideetan kantuan eta dantzan. Mamarruak aurretik bidea irekiz, burburixo zaratosuak ondoren, musikariak, koko-dantzariak, masusta eroak edonon, Hartza hara eta hona, eta atzetik Don Eusebio, Batista Kojua eta Arraguetako Ama Birjina, Maria eta Petra, Manuela eta Kattalina, Sasikartia, Paguanekuak... Txapligua bota eta kalejira zaratatsuan iristen ginen baserrietara. Ondoren koko-dantza, bere fox-trot, arin-arin eta makila-dantzarekin. Koko-eskeko kantua, saria pasa eta azken kantua eta korneta hotsarekin berriz ere kalejiran agurtzen ginen. Baserri guztietan harrera bikaina egin ziguten eta 10:30ak aldera Azpirira iritsi ginenean hamarretako ederra genuen zain. Tripa ondo beteta eta gorputza berotuta, Arlaban eta Asolagainekoa egin genituen, eta hortik, basoko bidezidorretik Asolabarrira iritsi ginen. Asua-ra bisita egin, eta furgonetak hartuta Arrateko bidera jo genuen. Miraflofes eta Milatxori, Amezabalegigoikoa, Asola aldea, Amezabalegiabeletxea, Pagaegierdikua eta Pagaegiabeletxe. Bazkalordua ere bazetorren eta Gisasola eta Iturraoabeletxe bisitatu ondoren Arratera iritsi ginen, 15:30ak jota, Kantabrian eseri, eta indarrak berreskuratzera. Eguna bikain zihoan, eguraldi onarekin eta musika eta dantzaz gozatuz, baina ordutegi aldetik, apur bat atzeratuta eta arratsalderako lanak pilatuta. Bostetan abiatu ginen Arratetik eta berahala ginen Pagola-txabolan, eta handik Altzaga, Ixua, Ixua jatetxea, Ixua jatetxe ondokoa, usartza, Akondia... Iluntzen ere hasi zen, eta Berretxinagabekora iritsi orduko eguzkia ondo ezkutatuta zegoen. Ilunpetan bukatu genuen Neberan, 19:15ak ziren. Kalera jaitsi eta zain genuen Mauxitxa txaranga. Zuloaga, Toribio Etxabarria, Untzaga eta Fermin Calbeton kaleetan ibili ginen 21:30etan, kalera atera ginenetik 13 ordura, Portalera itzuli ginenean. Gauzak bildu eta afaltzera, baserritarrek emandako jakiekin Ganboa eta Zugastik prestatutako afari ederraz gozatzera. Egun luzea, zalantzarik gabe, baina bete-betea ere bai. Beti bezala Iñaki, Fernando eta Felipe fotografoak jo eta ke aritu ziren. Hemen Iñaki eta Fernando. Baserritarrek egindako harrera izugarria izan zen. Haiek dira koko-dantzan protagonista nagusia eta beraien etxeetako ateak parez pare ireki eta gure otarrak jaki, edari eta baserriko produktuz bete-bete dizkigutenak oraingoan ere Don Eusebio eta Koko-buruzagia Koko-dantzariak Mamarruak Masustak Burburixuak Paguanekuak Aixerixak Kattalina eta Manuela Jainaga, Narbaiza eta Laskurain Batista Kojua eta Arraguetako Ama Birjina Martin perratzailia Sasikartia Hartza Maria eta Petra
Aurtengo koko-dantzek eman dutenaren aurrerapen bat Fernando Retolazaren argazkietan. Koko-kronika eta gainontzeko argazkiak errekuperatzen garenean...
Datorren larunbatean, otsailaren 14an, kaleratuko ditugu berriz iaz martxan jarritako koko-dantzak.Iazko karnabaletan,
koko-dantzari eta koko-marru konpartsa bat plazaratu zuen Kezka dantza
taldeak eta baserriz-baserri Arrate inguruko hainbat txoko bisitatuko
zituen. Aurten ere segidako emango dio karnabal horri. Iaz, 30 baserri
bisitatu ziren eta aurten beste horrenbeste bisitatuko ditu Kezkaren karnabalak.
Aurtengo
ibilbidea
Iaz bezala,
goizean goiz abiatuko dira koko-dantzak otsailaren 14an. Goizeko 8.30etan
merkatu plazan, baserritarren postuen artean egingo da lehen agerraldia.
Ondoren, baserriz-baserriko ibilbidea hasiko da. Azitaingo poligonotik
hasita eta Matxarikora bitartean dauden baserrietara iritsiko dira koko-dantzak
eta ondoren Arrateko errepidearen bi aldeetara dauden baserriak bisitatuko
ditugu.
Iaz 30 baserritara
iritsi ziren koko-dantzak eta aurten ere beste 30 baserri desberdin
bisitatuko ditugu: Eskaregi, Eluts, Agirreazpikoa, Azaldegiazpikoa,
Azaldegigainekoa, Nagiorbe, Nagiorbekoa, Azpiri, Arlaban, Asolagainekoa,
Asolabarri, Asua, Miraflores, Amezabalegigoikoa, Asola aldea, Amezabalegiabeletxea,
Pagaegi, Pagaegierdikua, Pagaegiabeletxe, Gisasola, Iturraoabeletxe,
Izua, Usartza, Akondia, Berretxinagabekoa, Pagolatxabola, Altzaga eta
Nebera.
Iaz eguraldi bikaina izan genuen, erabat ezohikoa data hauetarako. Pozik ibili ginen, baina jakinaren gainean hurrengo urteetan euria eta elurra erruz izango dugula... Pasa den asteburuan adibidez, bisitatuko ditugun baserriak elurrak hartu ditu, eta itxura ederra zeukaten: Santa Kurutz ermita elurpean edo Pagei inguruak adibidez. Auskalo zer aurkituko dugun larunbatean.
Iluntzean,
Eibarko kaleetara jaitsi eta erdigunean ibiliko dira koko-dantzak. Toribio
Etxebarria, Untzaga eta Femin Calbeton kaleetan.
Koko-jantzi
berri bat
Iazko konpartsa
osorik izango da aurten ere, eta horrez gain koko-jantzi berri bat izango
da. Bikote bat da hain zuzen ere, “Paguanekuak” osatzen dutena,
Juanpago eta Juanapago dira. Eta beraiekin batera aurreko urteetako
guztiak: koko-dantzariak, mamarruak, aixerixak, burburixuak, masustak,
Don Eusebio, Petra eta Maria, Hartza, Martin perratzailea, Kattalin
eta Manuela, Sasikartia, Batista kojua eta Arraguetako Ama Birjina...
Musikari dagokionez,
baseerrietako ibilbidean Adolfo Jainaga eta Unai Narbaiza trikitalariekin
batera Jose Miguel Laskurainek dultzaina joko du. Iluntzean berriz,
Mauxitxa txarangarekin arituko dira koko-dantzariak herriko kaleetan.
Eibarko Kezka Dantza Taldearen bloga da hau. 1958an sortu zen Eibarko Klub Deportiboan eta Gregorio Santa Cruz izan zuen lehen zuzendaria. Eibarko eta inguruetako dantza tradizionalak dantzatzea eta sustatzea du helburu.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29 kezka@dantzan.com