Euskal Herriko eta Europa osoko dantza tradizional herrikoiez osatuta.
Egitarau espezifikoak, gure kulturako dantza tradizionalaren oinarrian.
1. Plazako dantza tradizionalak
Herritarrek plazan elkarrekin (taldean) gozatzeko dantza tradizionalak, estilo herrikoi baina txukunean. Herritar soilei begira, dantzakera naturalaren berezko aberastasun eta dotoretasunaz.
Helburua: plazetan eta, elkarrekin dantzan gozatzeko ohitura berreskuratzea.
- DantzaN ikasi (ez bakarrik dantzaK ikasi), konfiantza lortzeko eta dantzan hasteko lotsa gainditzeko.
- Dantzaldietako ohiko bikote dantzak: pasodoblea, baltsa, polka, eskotixa, habanera, mazurka...
- Jotak, sinple baina txukun: trikitixa, porrusalda, fandango, arin-arin.
- Gure plazetako ohiko talde dantzak
- Euskal Herriko talde dantza ludikoen errepertorioa zabaldu, gure folklore ondareko dantza egokiak berreskuratu eta erabilita.
- Euskal Herriko plazetan indartsu sartzen ari diren dantza europarrak
2. Europako dantza tradizionalak I: hastapeneko egitaraua
Europan zehar ibilbidea, Errusiatik Portugalera, Greziatik Irlandara, tokian tokiko dantza tradizional erraz eta adierazgarrien bitartez.
Gutxieneko abilezia eta denbora nahikoa izanda, urtez urte dantza landuagoak jorra ditzakegu (Europako dantzak II, III…)
3. Europako dantza tradizionalak: egitarau espezifikoak
- GREZIA: “Sirtaki, eta Greziako beste dantza batzuk”.
- EUROPA EKIALDEKO DANTZAK: Errusia, Ukrainia, Errumania, Bulgaria, Hungaria, Mazedonia, Serbia, Albania, Kroazia… Europako beste mutur geografikoko aberastasun eta edertasunera hurbilpena. Baita mugaz bestaldera ere, nahi baldin bada (Turkia, Armenia...).
- IBERIAR PENINTSULAKO DANTZAK: Katalunia, Balentzia, Gaztela, Asturias, Pirinioak… eta Portugaleko talde dantza tradizional ludiko, adierazgarri eta errazak. Espainian ez delako soilik jota eta flamenkoa. Taldean gozatzeko dantza eder mordoxka ere badago.
- KONTRADANTZAK / CEILI DANTZAK: DANTZA SOZIAL DIBERTIGARRIAK
4. Emakumezkoen dantzak
Garai eta kultura ezberdinetako emetasunaren espresioaz bat egiteko aukera, dantza hauek berezkoa duten intimitate eta sentsibilitateaz.
5. Dantza kantatuak (edo kanta-dantzak)
Europan ditugun dantzen artean zaharrenetarikoak direla esan ohi dute ikertzaileek. Berezko ezaugarria dute kantatuaz batera dantzatu ohi direla, gehienetan borobilean edo sokan.
Euskal Herriko, Europa osoko eta Europatik kanpoko adibideak landu ditzakegu.
6. DantzaFolk: bikote dantza tradizionalak
Europa osoan zehar zabaldutakoak: baltsak, polkak, mazurka, schottische, bourrée... eta beste batzuk, tokian tokikoak.
7. Polkak
Biziak eta dibertigarriak, polkak oso zabalduta daude Europa eta EEBBetako folklorean. Oso aberatsak dira, polka doinuaren gainean dantza ezberdin ugari egiten direlako leku batean eta bestean. Jolaserako aukera ematen dute. Bikotean batzutan, taldean besteetan… itxuraz ezberdinak, baina oinarrian, polkak guztiak.
8. Dantza tradizional ludikoak
Izaera ludikoa duten dantza tradizionalen bilduma. Errazak eta dibertigarriak. Nork dio helduak ez direla josta-zale?
9. Haurrekin batera egiteko dantza ludikoak
Haur eta helduek (gurasoek, irakasleek…) elkarrekin gozatzeko moduko baliabide ludikoa.
10. Dantza zirkular lasaiak
Edertasunaren esperientzia bat. Sakontasunera eramaten gaituzte, mugimenduan.
11. Dantzan ez badakizu...
Dantzan egin nahi, baina oinak lurrari josita geratzen direnentzat, dantzan “ez dakitelako”. Dantzarako askatzen eta konfiantza lortzen joateko programa berezia. Hasieratik bertatik dantzan gozatzen, bai zirkuluan helduta, bai bikoteka.