Dantzan.com-ekiko elkartasuna
Urtearen amaierak berarekin ekarri zigun dantzan.com webgunearen itxieraren berria, diru-laguntzen beherakada zela eta, ordura arte euskal dantzaren arloak martxan zuen orrialdearen ibilibidea etenaz. Gauzak horrela, orrialdeari eta langileei babesa eman nahian taldetxo batek lanari ekin genion, eta hainbat ekintza antolatu ditugu dantzaren munduak bilgune horren beharra daukala zabaltzeko.

Horien artean izango da larunbat honetan ospatuko duguna ere. Aipatutako trinitateetako emanaldi guztia bukatzean grabaketa berezi bat burutuko dugu dantzan.com-en alde. Arrabots taldeak espreski ekintza honetarako grabatu du Hegi eta Arin-Arin bat jarraian dituen musika, Euskal Herriko leku eta talde desberdinek dantzan grabatu eta ondoren guztiak batuz bideo bat osatzeko. Hainbat eragilek egin dute beraiena dagoneko, tartean Haritz Euskal dantzari taldeak ere bai; eta oraingoan Elgoibarko herritarrei luzatu nahi diegu aukera, larunbatean plaza dantzariz bete eta denon artean, dantzariok, dantzari ohi, dantzazaleok, kultur eragileok… dantzan.com behar dugula aldarrikatzeko. Horregatik nahi genuke herritarrak animatzea 5 minutuz dantzan gozatu eta bide batez elkartasuna adieraztera. Ez da beharrezkoa dantzaria izatea, ez eta erropak berezirik ere; nahikoa da ondo pasatzeko eta dantzan.com babesteko gogoa.
Idatzi artikulu bat