Duela 40 urte Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik berreskuratu eta birsortutako Axuri Beltza dantzak eman dio ikuskizunari izena, eta urteurren horren ospakizunen bueltan osatu da jaialdia ere.
Ezin ukatu tradizioan txertatzea lortu duenik geroztik, edozein dantza taldetako errepertorioan agertzen delarik gaur egun. Musika eta dantza ederki borobiltzen dute soineko beltz dotoreek, osotasun hunkigarri bat osatuz.
Jaurrietako neska-dantza izenez ere ezaguna den dantza horrekin batera, Argia dantza taldeak azken urteetan taularatutako ikuskizunetako (Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque eta Axeri Boda) osagai izan diren beste zenbait dantza ere izango dira ikusgai ostiralean.: Irradaka, Almute-dantza, Lapurdi eta Behe Nafarroako inauteriak, Habanera … Horiez gain, bi dantza berri aurkeztuko dira: Zalduniote eta Apostoluen soka-dantza. Lehena zortzi zaldikoren kontra dantza da, inauteri girokoa. Bigarrena berriz, Jorge Oteizaren jaiotzaren 100. urteurrena zela eta Arantzazun estreinatu zen koreografia da, itxura berritua agertuko dena.
Goi mailako ikuskizun bat beraz, berriro ere, Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean. Eta guk zer esan, eskerroneko, ohoredun eta zortedun sentitzen garela bertan parte hartu ahal izateaz!
Idatzi artikulu bat