Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/11/30 23:16:48.335 GMT+1

Datorren barixakuan, Axuri beltza

Datorren barixakuan, abenduak 4, estrenatuko da Donostian Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean Axuri-Beltza jaialdia. Iluntzeko 8etan izango da, Victoria Eugenia antzokian, eta bertan parte hartuko du Haritz Euskal Dantzari taldeak, Iruñeako Duguna, Eibarko Kezka eta Donostiako Argiarekin batera.

Duela 40 urte Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik berreskuratu eta birsortutako Axuri Beltza dantzak eman dio ikuskizunari izena, eta urteurren horren ospakizunen bueltan osatu da jaialdia ere.

1969ko maiatzaren 4an estreinatu zen aipagai dugun dantza, 40 urte beranduago itzuli den antzoki berberean. Azkueren kantutegian aurkitutako Jaurrieta (Nafarroa) herriko nesken dantza kantatu batean du oinarria Axuri Beltzak,  Hortik abiatuta berregin zuten ordurako galdua zegoen koreografia.

Ezin ukatu tradizioan txertatzea lortu duenik geroztik, edozein dantza taldetako errepertorioan agertzen delarik gaur egun. Musika eta dantza ederki borobiltzen dute soineko beltz dotoreek, osotasun hunkigarri bat osatuz.

Jaurrietako neska-dantza izenez ere ezaguna den dantza horrekin batera, Argia dantza taldeak azken urteetan taularatutako ikuskizunetako (Zortziko, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque eta Axeri Boda) osagai izan diren beste zenbait dantza ere izango dira ikusgai ostiralean.: Irradaka, Almute-dantza, Lapurdi eta Behe Nafarroako inauteriak, Habanera … Horiez gain, bi dantza berri aurkeztuko dira: Zalduniote eta Apostoluen soka-dantza.  Lehena zortzi zaldikoren kontra dantza da, inauteri girokoa. Bigarrena berriz, Jorge Oteizaren jaiotzaren 100. urteurrena zela eta Arantzazun estreinatu zen koreografia da, itxura berritua agertuko dena.

Goi mailako ikuskizun bat beraz, berriro ere, Juan Antonio Urbeltzen gidaritzapean. Eta guk zer esan, eskerroneko, ohoredun eta zortedun sentitzen garela bertan parte hartu ahal izateaz!

Nork: Haritz.2009/11/30 23:16:48.335 GMT+1
Etiketak: axuri-beltza haritz argia jaurrieta urbeltz | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/10/08 00:11:29.964 GMT+2

Domekan, Errosarioko Amaren ezpata-dantzaren aurkezpena

Hamaika ordu pasa ditugu ideiarekin buruan, hamaika ordu ideiari forma ematen; auskalo zenbat denbora pasa dugun ezpatekin zubiak egiten eta zenbat kolpe jaso duen zenbaiten buruak. Askotan erori zaizkigu ezpatak eta beste horrenbestetan altxa eta aurrera egin dugu, burua beti altu. Eta orain iristear da egun handia…

Igandean aurkeztuko dugu horrenbeste lan eman digun Errosarioko Amaren ezpata-dantza, oinarri historiko sendoen gainean eraikiz hemendik aurrera Elgoibarko tradizioaren zati bihurtu nahian.

Izan ere, Gipuzkoako herri gehienetan bezala, duela zenbait mende ezpata-dantza egiten zen Elgoibarren, eta hori frogatzen duten zenbait datu daude.  Lehenengoak 1599an agertzen dira, Korpus egunean dantzari, danbolin eta arkabuzeroen partehartzea aipatzen delarik. Aurrerago, Errosarioko Amaren Kofradiaren sorrerarekin, urriko lehen asteetan egingo da ezpata-dantza Errosario kalean.

Duen izaera zeremoniatsuari begiratuta, ez da harritzekoa historian zehar dantza hau jai edo ospakizun garrantzitsuekin lotuta azaltzea.  Agintari nagusien bisita edo beste nolabaiteko ekitaldi garrantzitsuren bat bada, presente dago ezpata-dantza Elgoibarren.

Datu guzti horien bilketa eta azterketa lanean ordu pila pasatakoak dira Koldo Lizarralde eta Pello Arrieta, eta beraiei esker dugu eskuartean aipatutako informazioa. Beraiek izan ziren gainera, ezpata-dantza berreskuratzera animatu gintuztenak, eta eskertzekoa da beraz kontu guzti honetan izan duten papera.

Proiektu honen ibilbidean beste izen garrantzitsu bat da Juan Antonio Urbeltz dantza maisu eta folklorista handia. 21 urtetako elkarlanari jarraituz, bera izan da ezpata-dantzaren birsortzean koreografiaren egilea. Plazerra izan da guretzat maila horretako antropologo eta folklore ikerle batengandik ikasi ahal izatea. Mila esker beraz, berari ere.

Dantzara mugatuz, eta igandera arte sekretu gehienak mantendu nahi ditugunez, zenbait datu baino ez ditugu azaleratuko. Batetik, musikari dagokionez, bi melodia erabiliko ditugu: Gipuzkoako ezpata-dantzarena eta R.M. Azkuek Elgoibarren jasotako beste bat. Horra, bada, gure herriaren ukitu bat gehiago.  Ibilbideari dagokionez berriz, esan Foruen plazatik hasi eta San Bartolome eta Errosario kaleak pasaz bertara itzuliko garela berriz. Ezpata txikien dantza berriz ibilbidearen lau puntutan egingo da: eliza parean, Nafarroa plazan, Errosarioko Amaren irudiaren parean eta udaletxe aurrean.

Gonbidatuta zaudete beraz guztiok, datorren igandean, urriak 11, 11:30etako meza bukatu ostean lehen aldiz aurkeztuko dugun ezpata dantzara. Emaitza izan dadila egindako lanaren neurrikoa, eta eguzkia agertu dadila, mesedez!!

Nork: Haritz.2009/10/08 00:11:29.964 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/10/07 19:44:49.742 GMT+2

San Migelak 09

Urteroko zita izan zen pasa den irailaren 26an San Migel auzoan eskainitako emanaldia, baina ezberdina era berean, martxoan utzi gintuen Borja Uzuriaga auzoko dantzariari eskainitako omenaldi txikia bihurtu baitzen. Bera gogoratzeko aipamen batekin hasi zen jaialdia, sendiari babesa emanaz eta aurtengo saioa bera omentzeko izango zela azalduz.

Urteotako ohiturak markatutako protokoloari jarraituz, auzoko dantzariek egindako agurrak ezarri zuen abiapuntua. Jarraian Haritz dantza taldekook ekin genion lanari, lehen zatian Arabako dantzak plazaratuz, azken emanaldietan lagun izan ditugun dultzaineroekin. Honen ostean, bigarren zatian Lapurdiko inauteria aurkeztu genuen, frontoia kolorez jantziz eta Murkaikupe pilotalekura bertaratutakoen txaloak jasoz.

Jaialdiaren amaieran berriz, Borja Uzuriagaren sendiari bi lore sorta eskeini genizkion, eman zigun guztia eskertu nahian eta familiakoei aurrera egiteko animoak eman asmoz. Txalozaparrada luze batekin, eta malkoak eutsi ezinik bukatu zen aurtengo San Migelgo dantza emanaldia.

Hemen duzue Eire Vilak San Migelen ateratako argazki sorta osoa.

 

Nork: Haritz.2009/10/07 19:44:49.742 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/09/15 18:21:35.972 GMT+2

San Migelik mikatzenak

 Urteroko legeari jarraituz, aurten ere San Migel auzoan dantzatuko du Haritz euskal dantzari taldeak, izena ematen dion santuaren jaietako egitarauaren baitan. Datorren zapatuan, hilak 26, izango da hori, gaueko 22:30etan frontoian.

 

Aurtengo emanaldia desberdina iango da ordea, azken urteetan dantzan jardundako Borja Uzuriaga sanmigeldarraren hutsunea nabarituko baitugu. Martxoaren 1ean galdu zuen bizia Borjak, moto istripua izan ondoren, 25 urte baino ez zituela. Haritzeko kide gisa taldeak eskainitako emanaldietan; edo, azken urteetan bezala, hasierako agurra dantzatzen zuten gazteen buru, urtero zegoen presente Murkaikupeko dantza jaialdian. Horrexegatik nahi izan dugu aurten ere bera gogoan izatea, ekitaldia berari eskainiz omenaldi txiki moduan; martxoko egun hartan zorigaitzeko istripu hura gertatu ez balitz San Migelen egongo litzatekeelako gurekin beste behin.

 

 

Asko hunkituko dituen hasierako agurra dantzatuko dute gazte sanmigeldarrek jaialdiari hasiera emateko. Ondoren, Haritz dantza taldeak hartuko du lekukoa, Araba aldeko dantzak eskainiz lehen zatian. Dultzainaren musikaz, hainbat herritako dantzak plazaratuko dituzte: Laguardiako jota, Villabuenako paloteadoak, jota la perra, cuatro calles… Bigarren zatian berriz, gure geografiaren punta batetik bestera jauzi egin, eta Lapurdiko inauterian murgilduko gara, makil dantza, jauzia, fandangoa eta dantza luze dantzatuko dituztelarik. Arropa dotore eta alaiek ukitu berezia emango dioten koreografia koloretsu honekin bukatuko da Haritz dantza taldearen San Migelgo papera.

 

Behin ekitaldia bukatuta erromeriak hartuko du lekua, eta beste era batera bada ere, dantzak jarraituko du ordu txikiak arte.

 

 

Nork: Haritz.2009/09/15 18:21:35.972 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/03/01 21:46:59.583 GMT+1

Borja joan zaigu

Miloi bat aldiz egina izango zuen San Migel eta Elgoibar arteko errebueltaz betetako bidea, gora eta behera, motorrean, baina gaur goizean, errebuelta horietako batean istripua izan du eta hil egin zaigu Borja Uzuriaga. 25 urte zituen.

Hitzik gabe gauden honetan Jael-ek bertsotan jarri die doinua gure sentipenei:

MALKO TANTARIK EZ BOTATZEA

NAHIZ ETA OSO ZAILA DAN

POZIK GOGORATUKO ZAITUGU

DUDA IZPIRIK EZ IZAN


DANTZARI FINA, BIHOTZ HOBEA

BETI BESTEEI LAGUNTZEN

IRRIFARRE BAT ATERA ZAIGU

HORI DANA GOGORATZEN


EZ EGIN NEGAR GALDU DELAKO

NAHIZ ETA MAITEA DUGUN

EZAGUTZEAZ POZIK GAUDE GU

IKUSIARTE TXAPELDUN


AGURRIK EZ, GEROARTE

Hiletak martxoaren 3an, asteartean, arratsaldeko 19.00etan, Elgoibarko San Bartolome elizan egingo dira.

Borjaren zenbait argazki ikus daitezke segidan.









Sagardotegian, bere abilidadeetako bat erakusten: intxaurrak bekokiarekin apurtzen zituen!


Hortxe bai gustora, neska artian!!!




Sanmigeldarrak San Migelen emanaldi hasierako Agurra egiteko prest Borja buru dela.

Nork: Haritz.2009/03/01 21:46:59.583 GMT+1
Etiketak: borja | Permalink | Erantzunak (10) | Errenferentziak: (1)

2009/01/15 09:52:36.320 GMT+1

“Apur batean Soka Dantza” argazki erakusketa

Iñaki San Martin "Soarte" argazkilariak,  “Apur batean Soka Dantza” argazki erakusketan dantza eta argazkia uztartu ditu.
Gure dantza taldea da erakusketa honen protagonista. Izan ere, abuztuaren 24an, San Bartolome Egunean egiten dugun Soka Dantzako argazkiak dira nagusi bilduma honetan.

Urretxuko Juan de Lizarazu erakustokian egongo da ikusgai uratrrilaren 16tik otsailaren 1era arte. Baina hala ere, Euskal Herriko herri gahiagotan ere erakusteko asmoa dauka.



Nork: Haritz.2009/01/15 09:52:36.320 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2008/12/23 16:16:43.196 GMT+1

Plazara dantzara

Izenak dioen moduan, PLAZARA DANTZARA gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak datorren larunbatean, abenduak 27 ospatuko dugun erromeriara. Arratsaldeko 18:00tan izango da Plaza Handian eta edonork parte hartu dezake. Gero eta gutxiago dira horrelako erromerietan parte hartzen dutenak, beraz, Haritz Euskal Dantzari Taldetik jende guztia animatu nahi dugu bertan parte hartzera. Larunbatekoa ez baita dantza taldearen ikuskizun bat, edonork parte hartzeko ekintza bat da.

Eta hemen behean ikusi ahal izango duzue Aitor Lauzirikak grabaturiko bideo bat, non buruko zapia nola jarri, edota abarkak nola lotu irakasten den, besteak beste. Horrela, Gabon Zahar Ferian baserritar erroparekin ez janzteko arrazoirik ez duzue izango! Animatu!


Nork: Haritz.2008/12/23 16:16:43.196 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/11/13 18:14:09.064 GMT+1

"Superhumans", "Saria bete dantza" eta "Axeri Boda"

Asteburu honetan, emanaldiz gainezka egongo gara. Hasteko larunbatean, azaroak 15,  Estatu Batuetako "Superhumans" telebista saioaren grabaketa dela eta Haritzekoek ongi etorria egingo diegu Elgoibarko Plaza Handian, dantzaldi batekin. Craig eta Paul Pumphrey anaiak dira show honetako bi protagonista indartsuak. "superhumans" programa milioika ikuslerengana iristen da, eta oso arrakastatsua da Estatu batuetan. Saio honetan, borroka arteekin zerikusia duten kirolari handiak omentzen dituzte. Gure dantza saioa, goizeko 10:30etan, hasiko da, 11:30ak arte. Ondoren herri kirolen txanda izango da.

Arratsaldean aldiz, Eibarko Kezka dantza taldea sortu zenetik 50 urte betetzen direla ospatzeko, Haritz EDT-k Eibarko Coliseoan 19:00etan ospatuko den "Saria bete dantza" jaialdian parte hartuko du, Donostiako "Argia", Galdakaoko "Andra Mari", Iruñeko "Duguna" eta Añorgako "Arkaitz" dantza taldeekin batera.
           
                                         


Domekan, azaroak 16, Haritzekoek, Juan Antonio Urbeltz-en "Axeri Boda" ikuskizunean parte hartuko dute, Andoaingo Bastero Antzokian arratsaldeko 19:30etan.


Nork: Haritz.2008/11/13 18:14:09.064 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/07/24 11:28:08.617 GMT+2

Elgoibarko Nazioarteko XXII. Folklore Jaialdia

Gaur ospatuko da Elgoibarko Nazioarteko XXII. Folklore Jaialdia. Aurtengoan, Turkiako "Gehem" eta Irlandatik etorritako "Absolutely Legless" taldeak arituko dira Elgoibarko Haritz dantza taldearekin batera.

Jaialdia, gaueko 22.30etan hasiko da Elgoibarko Olaizaga Polikiroldegian eta sarrerak, Txankakuako dendetan daude salgai 5€tan eta 3€tan 14 urtez beherakoentzat, jubilatuentzat eta gazte Txartela dutenentzat. Hala ere, sarrera gabe gerturatzen direnek ere aukera izango dute kiroldegian bertan erosteko.


    


Haritz Euskal Dantzari Taldeak, XXII. Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdian, Nafarroa eta Nafarroa Behereko dantzak eskainiko ditu aurten.
Lehenengo zatian, Auritze-Burgeteko Ingurutxoa ikusi ahal izango da,Nafarroako iparraldeko hainbestetako bat, eta izena koreografia biribilagatik hartzen du. Pañolo-dantza, Andredantzak, Jota, Inguru-dantza eta Ezkila-fraile zatiek osatzen dute ingurutxoa.
Bigarren zatian berriz, Haritzek Nafarroa Behereko Inauteria eskainiko du. Bere jatorrian Pazko-igandean antzezten da. Dantza ezberdinek osatzen dute, hala nola, Martxa, Ahuntza eta Segidak, 1. eta 2. kontradantza, 3. eta 4. kontradantza, Sorginak, Euskaldunak, Kadrille eta Dantza Luze.
Haritzek, dantza hauek Donostiako Argia, Portugaleteko Elai-Alai eta Galdakaoko Andra Mari taldeen laguntza estimagarriarekin ikasi zituen.

Gehem ikasle taldea, 1965.urtean sortu zen eta 16 eta 25 urte bitarteko 6 musikari eta 32 dantzarik osatzen dute. Taldeak nazioarteko jaialdi ezberdinetan parte hartu du: Canada, China, Taiwan eta Europan.
Bere egoitza Ankaran du, baina herrialdeko eskualde ezberdinetan ordezkatzen ditu. Beraien errepertorioan Turkiako hainbat eskualdetako jantzi eta dantzak erakusten dituzte. Programako dantzarik erakargarrienetako bat, biretan oinarritutako dervisehes (sema) dantza da, baina beste dantza batzuk ere egiten dituzte. Musikariek Davul, Kemence (bibolin txiki bat),Daburka, Saz, Kanun eta Zurna bezalako instrumentu tradizionalak erabiltzen dituzte.

Absolutely Legless irlandar dantza talde bat da, musikari eta dantzari adituek 1997an Edinburgon osatutakoa. Talde zirraragarri honek, emanaldi berritzaile eta erakargarrien ospea lortu du mundu guztian zehar.
Irlandako zapateado gogor eta leunaren tradizioetan inspiratuta, dantza originalak egiten dituzte era lasai eta informalean, baina beraien sustraiak ahaztu gabe. Dantzariek zapateado leunaren xarma konbinatzen dute, zapateado gogorrak duen boterea eta zehaztazun erritmikoarekin.
Talde honek ezin hobeki uztartzen ditu, irlandar dantzarentzat doinu eta erritmo oroitarazleak. Txirulak eta gitarra erabiltzen dituzte, nahiz eta ukitu tradizionaleko moldaketa berriak ere sartzen dituzten.

Nork: Haritz.2008/07/24 11:28:08.617 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2008/07/16 16:24:23.971 GMT+2

Mostra de Folklore Penedes‏‏


Uztailaren 18,19 eta 20an Mostra de Folklore Penedes-en hartuko dugu parte. Eibarko Kezka dantza taldearen laguntzarekin batera arituko gara Katalunian dantzan eta baita Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako ikasleen laguntzarekin ere. Elgoibarko Udal Txistulari Bandako txistulariak eta Felix eta Eider trikitilari eta pandero joleak arduratuko dira musikaz.

Hirugarren urtea da jada jaialdi honetan parte hartzen dugula, izan ere, pasa den bi urteetako edizioetan ere dantzan aritu gara bertan.



Honako hauek dira aurten Haritzekoekin batera parte hartuko duten taldeak:

* HARITZ EUSKAL DANTZARI TALDEA
* ASOCIACION MUNICIPAL DE COROS Y DANZAS DE PELIGROS (GRANADA-ANDALUCIA)
* ARTE DE ARAGON (ZARAGOZA-ARAGON)
* LOS JATEROS DE FREGENAL DE LA SIERRA (FREGENAL DE LA SIERRA-EXTREMADURA)
* ASOCIACION CULTURAL Y FOLKLORICA (SANTA CRUZ DE TENERIFE-ISLAS CANARIAS)
* DANZAS BURGALESAS JUSTO DEL RIO (BURGOS-CASTILLA Y LEON)
* ESBART DANSAIRE SAT JULIA (L´ARBOC DEL PENEDES-CATALUNYA)
* ESBART VILA DEL VENDRELL-LA LIRA (EL VENDRELL-CATALUNYA)

Uztailaren 18an, La Bisbal del Penedés herrian dantzatuko dugu. Bertan, Soka-dantza, Gipuzkoako dantzak, Neskatxen Esku-dantza, dantza-soltea eta Bizkaiko dantzak eskainiko ditugu.
Uztailaren 19an, goizean, El Vendrell herrian, jaialdian parte hartzen dugun talde guztiek kalejira bat eskainiko dugu. Arratsaldean, meza bitartean, pieza bat dantzatuko dugu, eta azkenik, gauean, Cubelles herrian, talde bakoitzak 15 minututako saioa burutuko dugu, guk, Luzaideko inauteriak plazaratuko ditugularik.
Uztailaren 20an, azken emanaldia burutuko dugu arratsaldez, El Vendrell-eko ramblan. Hemen ere, aurreko egunean Cubelles-en egin bezala, Luzaideko inauteria ikusi ahal izango da.

Honako hau da plazaratuko digun dantzen egitarau zehatza:

MOSTRA DE FOLKLORE PENEDÈS 2008 : UZTAILAK 18. LA BISBAL DEL PENEDÉS.
* Soka Dantza.
* Gipuzkoa.
      - Ereserkia
      - Kontrapas
      - Jaunaren aurreko Ezpata Dantza
      - Uztai Handiena
      - Buruzagia
      - Brokel Makilena jokoa
      - Makil Handiena jokoa
      - Zinta Dantza
      - Uztai Txikiena
* Neskatxen Esku Dantza
      - Punta Motz
      - Ormatxulo
      - Txakolin
      - Alpargata
* Dantza Soltea
* Bizkaia.
     - Ezpata Joko Nagusia
     - Txontxongiloa
     - Durangaldeko Erregelak
     - Makil Jokoa
     - Binangoa
     - Arratiako Jota eta Porrua

MOSTRA DE FOLKLORE PENEDÈS : UZTAILAK 19. CUBELLES.
* Luzaideko Inauteria.
    - Martxa
    - Ahuntza eta Segidak
    - Martxa
    - 1. eta 2. kontradantzak
    - Sorginak
    - Euskaldunak
    - Kadrille
    - Dantza Luze

MOSTRA DE FOLKLORE PENEDÈS 2008: UZTAILAK 20. EL VENDRELL
* Luzaideko Inauteria:
    - Martxa
    - 1. eta 2. kontradantzak
    - 3. eta 4. kontradantzak
    - Sorginak
    - Euskaldunak
    - Kadrille
    - Dantza Luze

Nork: Haritz.2008/07/16 16:24:23.971 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak