Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2009/08/13 09:19:39.490 GMT+2

Eibarko Ezpalak karaktere dantzen jaialdiaren kronika

Badirudi azken urteotan euria ere jaialdiko egitarauan sartuta dugula. Hirugarren urtez segidan euria egin digu Ezpalak jaialdiko igandean, eta dantza jaialdia Untzaga Plazan egin beharrean, Coliseo antzokian burutu beharrean izan gara. Plazak baditu bere abantailak, eta antzokiak baditu bere bertuteak, eta gauza batzuetan galdu eta besteetan irabazi, zer den hobea ez dugu oso argi, baina erabakitzeko aukerarik ere ez dugu izan. Goiza lainotsu eta ekaitz iragarpenarekin esnatu zen, eta Urkizun kalejira antolatzekotan ginela lehen euri tantak erori ziren.
2009-05-24_Ezpalak_Kalejira_FL 002 2009-05-24_Ezpalak_Kalejira_FL 003
Coliseora hurbildu ginen eta han ere tantak, beraz, antzokira sartu ginen denok. Hortik aurrera, arratsalderarte ez zuen gehiago bota, baina jaialdiak bere bidea egin zuen aterpean, eta Coliseoak eskaintzen digun kabi goxoan.
2009-05-24_Ezpalak_Kalejira_IZ_4174 2009-05-24_Ezpalak_Kalejira_FL 004
Maiatzak 24, igandea, 12.30etan egin genion Ezpalak, dantza tradizionalen nazioarteko jaialdiaren Eibarko saioari. Karaktere dantzak izan ditugu aurtengo lotura-gaia.
2009-05-24_Ezpalak_Kalejira_FL 011 2009-05-24_Ezpalak_axeri-dantza_IZ_4253
Eibarko trikitilarien (Jainagaren eskolakoak, Musika Eskolakoak, Eibarko trikitilariak izenarekin aritzen direnak ere) berotu zuten giroa saio labur batekin, eta segidan, herriko taldeak, Kezkak, eta batez ere berak kudeatzen duen Kezka dantza eskolak, izan zuen lehen dantzak aurkezteko ardura. Dantza eskolako 140 ikasleek eta dantza taldeko 30 dantzariek, denek elkarrekin, Andoain eta Adunako axeri-dantzaren zati batzuk eskaini zituzten. Marea gorria igo zen eszenatokira, eta alde batetik sartu eta besterik atera han joan ziren aitarena, zortzikoa, orratzarena,  ilentiarena, perratzea, dorreak eta abar. Jaialdiak aurrerantzean izango zuen tono seriagoaren aurretik, axeri-dantzak berezko dituen bizipoz eta giro nahasiarekin aritu ziren dantzari txiki, ertain eta handiak.
2009-05-24_Ezpalak_axeri-dantza_IZ_4235 2009-05-24_Ezpalak_axeri-dantza_IZ_4214 2009-05-24_Ezpalak_axeri-dantza_FR_076 2009-05-24_Ezpalak_axeri-dantza_FL_064
Berrizko San Lorentzo dantza taldea aritu zen segidan. Durangaldeko dantzari-dantzaren azken maisu handia izan den Alejandro Aldekoa txistulariaren taldea izan zen San Lorentzokoa, eta haren irakaskuntzari eusten saiatzen dira Berrizko dantzari hauek. Dantzari-dantzatik agintariena, makila-dantza eta txotxongiloa eskaini zituzten, eta segidan erregelak. Azken honetan, Durangaldeko soka-dantza berezi horretan, urrats zailen segida bereziak kateatuz, aurreskulariaren eta atzeskuaren dohainak antzemateko aukera izan genuen.
2009-05-24_Ezpalak_SanLorentzo_FL 103 2009-05-24_Ezpalak_SanLorentzo_FL 121 2009-05-24_Ezpalak_SanLorentzo_FL 161 2009-05-24_Ezpalak_SanLorentzo_FL 183
Eskoziatik Highland Dancing motako dantzak eskaini zituen bakarlari sorta batek. Izan ere, XIX. eta XX. mendean, Eskoziako mendialdean jokatzen ziren dantza lehiaketen testuinguruan bilakaera berezia izan dute dantza  hauek, eta bakarkako leihaketarak dantza bezala ezagutzen dira gaur egun. Gaitaren doinura, dantzari bakarlariek besteak beste Highland Fling, Blue Bonnets eta Irish Gig izeneko dantzak eskain zituzten. Dantza formazio sendoa behar izaten dute dantzariek, urratsen zehaztasuna, gorputz posizio garbiak eta punten erabilera handia duten dantza hauetan. Bi minutuko saio laburrak izan arren fisikoki emanaldi gogorrak gertatzen dira dantzarientzat.
2009-05-24_Ezpalak-Highlanders_IZ_4342 2009-05-24_Ezpalak-Highlanders_IZ_4328 2009-05-24_Ezpalak-Highlanders_IZ_4473 2009-05-24_Ezpalak-Highlanders_IZ_4488
Zuberoako hainbat herritako dantza taldeen batasuna osatzen du Aitzindariak elkarteak, eta elkarte horretako ordezkariak izan ziren jarraian antzokiko eszenatokia hartu zutenak. Maskaradetako aitzindariek barrikada, branletik haustia, jauzi bat eta godaleta  eskaini zituzten beren tradizioan ohikoak dituzten urrats, aldaira eta aitzineko puntuak trebetasun handiz dantzatuz.
2009-05-24_Ezpalak_Aitzindariak_FL 267 2009-05-24_Ezpalak-Aitzindariak_IZ_4368 2009-05-24_Ezpalak-Aitzindariak_IZ_4376 2009-05-24_Ezpalak-Aitzindariak_IZ_4370
Zuberoatik mila kilometrora, Meditarreno itsasoaren ertzean eta alpeak hurbil dituztela, herri tradizio sendoak eusten dituen lurraldea da Proventza. Kilometrotan urruti, baina musika eta dantza kontuetan oso hurbil daudela frogatu ahal izan genuen.  Hain zuzen ere, behe Proventzako taldeen elkartea den Rode de Basse Provence erakundeko dantzariak izan genituen dantzan zuberotarren ondoren. Txistua eta danbolinaren ahaidea den galoubet et tambourin-arekin hasi, eta erabili zituzten doinu, urrats eta dantzetara, zuberoako dantzekiko antzekotasun handiak nabarmentzen ziren proventzakoen emanaldian. Arlequine, Gavotte, Fille de Marbre, Anglaise, Matelotte, Pas de basque, Farandole technique eta Farandole dira egin zituzten dantzak.
2009-05-24_Ezpalak_Provenza_FL 352 2009-05-24_Ezpalak_Provenza_FL 372 2009-05-24_Ezpalak_Provenza_IZ_4411 2009-05-24_Ezpalak_Provenza_FL 403
Gipuzkoako dantzekin bukatu zen jaialdia.  Kezka dantza taldeak galaien eta neskatxen soka-dantza aske bat eskaini zuen. Protokolozko soka-dantza serio eta itxietatik ihesi, soka-dantzaren aldaera ireki batekin jolastuz gipuzkoko dantza tradizioko zenbait urrats eta aldaira erakusteko beta izan zuten desafio, abarketa, punta-motz, ormatxulo eta txakolin dantzekin.
2009-05-24_Ezpalak_soka-dantza_IZ_4492 2009-05-24_Ezpalak_soka-dantza_IZ_4511 2009-05-24_Ezpalak_soka-dantza_IZ_4524 2009-05-24_Ezpalak_soka-dantza_IZ_4534
Herriak elkarrengandik bereizten gaituzten ezaugarriak nabarmentzeko erabiltzen da maiz kultura tradizionala. Ezpalak jaialdiaren helburua justu alderantzizkoa da, batzen gaituzten elementuak, komunean ditugun osagaiak (konketa eta hortzetako eskubillaz gain...) nabarmentzea. Ezpata-dantzak, makila-dantzak eta arku-dantzak ardatz izan dituzten jaialdiak bezalaxe, karaktere dantzen inguruko jaialdi hau asmo horrekin burutu dugu.

Nork: Ezpalak.2009/08/13 09:19:39.490 GMT+2
Etiketak: karaktere-dantzak kronika ezpalak2009 ezpalak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/08/13 09:18:39.490 GMT+2

Iruñeko Ezpalak karaktere dantzen jaialdiaren kronika

Maiatzaren 23an izan genuen Iruñean, 2009 urte honetako Ezpalak jaialdiaren emanaldia.

Azken urteotako ohiturari jarraikiz, zerura begira hasi genuen eguna, izan ere, ekaitza ematen baitzuten iragarpenek arratsalderako. Bazkal ostean, hodei eta hodei artean ostarteren ikusten zenez, arriskatu eta jaialdia kalean egitea erabaki genuen. Hartara, 5:30ak inguruan, Salestarren ikastetxetik abiatu ginen kalejiran aurtengo emanaldian parte hartuko genuen taldeok. Estafeta, Mercaderes, Gazteluko plaza, San Nicolas eta Pozo Blanco kaleak girotu ostean, Udal plaza eta azkenik Burgoen plaza zeharkatu genituen, bertan emateko hasiera jaialdiari.





Duguna dantza taldea izan zen jaialdia irekitzeko arduraduna. Taldeko txikienek izan zuten zeregin hori. Jaialdiko zutabea, dantza preklasikoak edo karaktere dantzak izanik, Zuberoako tradizioko urrats sinpleak eta gutxieneko abilezia nahasten dituen Zuberoako makil-dantza egin zuten txikitxoek.

Ondotik, nagusien txanda izan zen. Gipuzkoako dantzen urratsen sorta bat erakusteko asmoz, "Ehun ta bikoa" izeneko doinu zaharra egin zuten Akier Percaz eta Aritz Ibañez dantzariek.









Iurretako dantzarien txanda heldu zen segidan. Dantzari-dantzatik Agintariena, Zortzinangoa, Banangoa, Makil-joko nagusia eta Txontxongilo egin zuten Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinupean. Ondoren Erregeletan aurreskuaren eta atzeskuaren dohainak ikusteko aukera izan genuen. Bukatzeko, herriko nesken laguntzaz, fandangoa eta arin-arina egin zuten.









Iurretatik Eskoziara egin genuen salto. Highland Dancing motako dantzak eskaini zituzten bertatik hurbildutako dantzariek. Bakarlari gisa aritu ziren eta bi emanalditan erakutsi zuten haien lana, izan ere, dantza hauek eskatzen duten indarra eta teknika dela eta, nekagarria omen da saio luzeegiak egitea. Highland Fling, Seann Triubhas eta lehenago Dugunako txikiek egindako makil-dantzarekin lotura eginez, Sword Dance dantzatu zuten eskoziarrek.







Zuberoako Aitzindariak taldearen txanda izan zen ondoren. Hainbat herritako dantza taldeen batasuna osatzen du Aitzindariak elkarteak eta beraz, Zuberoako herri ezberdinetako dantzariak izan genituen aldi berean dantzan Iruñean. Maskaradetako lau aitzindarik (Gathuzaina eri zen eta ezin izan zuen Iruñera etorri) barrikada, branletik haustia, jauzi bat eta godaleta eskaini zituzten, trebe.







Pirinioak alderik-alde gurutzatu eta Mediterraneoaren ertzean kokatzen da Proventza, bere dantza ohiturak gordetzen asmatu duen beste herri bat. Iruñearekin lotura handia duen eskualdea da izan ere, San Zerningo Burgo franko zaharra, Proventzatik etorritako biztanleez osatuta egon baitzen neurri batean. Dantzetan eta musika doinuetan ere ikusi ahal izan genuen hurbiltasun hori. Doni eta urratsetan esaterako, Zuberoako dantzekiko antzekotasun handiak nabarmentzen ziren proventzakoen emanaldian. Arlequine, Gavotte, Fille de Marbre, Anglaise, Matelotte, Pas de basque, Farandole technique eta Farandole dira egin zituzten dantzak.







Eskoziako dantzarien bigarren emanaldi motzaren ostean (Blue Bonnets eta Irish Gig izeneko dantzak egin zituzten), Duguna dantza taldeak bere bigarren partehartzeari ekin zion, jaialdiari bukaera emateko. Euriak ia bi orduz bakea eman bazigun ere, tantatxo batzuk botatzen hasi zen une honetan eta euritako festa izan genuen Burgoen plazan. Hala ere dantzariek gogotsu dantzatu zituzten Gipuzkoako tradizioko beste bi pieza, Uztai-txikiena neskek eta Brokel-makilena mutilek.









Herriak elkarrengandik bereizten gaituzten ezaugarriak nabarmentzeko erabiltzen da maiz kultura tradizionala. Ezpalak jaialdiaren helburua justu alderantzizkoa da, batzen gaituzten elementuak, komunean ditugun osagaiak (konketa eta hortzetako eskubillaz gain...) nabarmentzea. Ezpata-dantzak, makila-dantzak eta arku-dantzak ardatz izan dituzten jaialdiak bezalaxe, karaktere dantzen inguruko jaialdi hau asmo horrekin burutu dugu.

Nork: ezpalak.2009/08/13 09:18:39.490 GMT+2
Etiketak: ezpalak karaktere-dantzak duguna dantza-preklasikoak iruñea kezka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/06/10 12:35:52.467 GMT+2

Karaktere dantzen jaialdia prentsan

Arrakastaz ospatu genuen Ezpalak 2009 jaialdia. Datozen asteetan saiatuko gara argazki eta kronika batzuk argitaratzen. Bitartean komunikabideetan jaialdiari buruz jasotakoen errekorte bilduma jaso dugu hona.

Nork: makila-dantza.2009/06/10 12:35:52.467 GMT+2
Etiketak: hemeroteka ezpalak2009 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/12 13:12:19.193 GMT+2

2009ko Ezpalak jaialdiaren programa

Maiatzak 23, larunbata, Iruñea

17:30 Kalejira alde zaharreko karriketan barna

18:00 EZPALAK, karaktere dantzen nazioarteko jaialdia Burgoen plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantza taldeak.

* Eguraldi txarra egitekotan jaialdia Salestarren aretoan izanen da.


Maiatzak 24, igandea, Eibar

12:00 Eibarko XLIV Euskal-Jaiko kalejira Urkizutik Untzagaraino.

12:30  EZPALAK, karaktere dantzen nazioarteko jaialdia Untzaga plazan. Euskal Herriko eta atzerriko dantza taldeak.


* Eguraldi txarra egitekotan jaialdia Coliseo antzokian izanen da.

Nork: ezpalak.2009/05/12 13:12:19.193 GMT+2
Etiketak: 2009 programa ezpalak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/12 13:07:10.073 GMT+2

Hau da 2009ko Ezpalak jaialdia iragarriko duen kartela

Nork: ezpalak.2009/05/12 13:07:10.073 GMT+2
Etiketak: kartela 2009 ezpalak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2009/05/08 18:07:37.587 GMT+2

Rode de Basse Provence – L'ancien Var (Proventza)

Rode de Basso Prouvenco elkartea 1968. urtean sortu zen, eskualdeko ondarea ikertu, aztertu, bildu eta ezagutzera emateko. 26 folklore talde biltzen ditu elkarteak eta mila lagun inguru koordinatzen ditu. Region Provence-Alpes eskualdeko dantza, musika eta janzkera alorrean erreferentzia garrantzitsua da Ancien Var bailara. Armadako ikasketetan barneratzen zituzten eskualdeko herritarrek dantzakera berezi horiek, eta hain zuzen ere, itsas-armadan dute jatorria dantza horietako askok, Toulon-eko portua hurbil baita.

La danse de caractére

“Les danses de caractére” edo karaktere dantzak eskainiko ditu Proventzako dantza taldeak. Armadako dantza-maisuek irakatsitako dantzak dira hauek. Ikasketa berezia eskatzen dute, dantza klasikotik hurbil dagoen teknikan (jeté, piqué, entrechat, brisé...)  jantzi beharra. Gavotte, l'Anglaise, le Pas Grec, le Pas Basque eta l'Arlequine dira dantza berezi horietako batzuk.

Txistua eta danbolinaren lehengusua diren “Galoubet et tambourin” musika tresna bikotea jotzen dituzte Proventzako dantza hauek egiteko.

Nork: ezpalak.2009/05/08 18:07:37.587 GMT+2
Etiketak: proventza ezpalak2009 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2009/05/07 16:15:34.289 GMT+2

The Balmoral Highlanders – Edinburgo (Eskozia)

Bruce Campbell gaita-jole profesionala da 1971tik. Hainbat filme eta diskatan parte hartu du, eta Eskoziako antzinako musikaren inguruko aditua eta dozena bat libururen egilea da. Hainbat gaita lehiaketa irabazi ditu, eta mundu osoan eskaini ditu emanaldiak. The Balmoral Highlanders dantza taldea Britainiako eta Eskozia Highland dantza txapelketen irabazlez osatuta dago, eta haien buru Miss Jean McKirdyk egiten du. Gaita-jolea: Major Bruce Campbell. Koreografoa eta taldeko zuzendaria: Miss Jean McKirdy. Dantzariak: Eric Thomson, Samantha Black, Fiona Martin, Janet Ritchie.

Scottish Highland  Dancing

Eskoziako Highland dantza tradizioak antzekotasun handiak ditu Zuberoa, Proventza, Sarthe eta Gipuzkoako eskualdeko dantzekin. Teknika zorrotza eta urrats antzekoak antzeman daitezke. Eta jakingarri berezi bat: Highland dantzetan maiz egiten den urrats baten izenak “Euskal urratsa” du izena, “Pas de Basque”.


Nork: Ezpalak.2009/05/07 16:15:34.289 GMT+2
Etiketak: eskozia highlander ezpalak2009 edinburgo | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2009/05/06 15:47:49.392 GMT+2

Aitzindariak – (Zuberoa)

Aitzindariak taldea Zuberoako hainbat herritako dantzariek osatzen dute, eta denek batera ematen dituzten emanaldiez gainera, bakoitzak bere herrian egiten du dantzan, tokatzen zaionean. Talde gisa, beste irteera batzuen artean, 2006ko Siziliako Nazioarteko Jaialdian hartu zuten parte, eta geroztik ikuskizun berriak prestatzen ere -Airez Aire- aritu izan dira.

Barrikada, Gabota, Branletik jaustea, Godalet dantza

Zuberoako dantzek euren urrats edo puntü berezko eta bereziak dituzte; sinpleenak: sinple, pika... Konplexuagoak: entrexat, frejat, frejat doblea etab. Zuberoako herri bakoitzak, gainera, urrats horiek egiteko estilo propioa izan dezake batzuetan. Puntuak konbinaturik sortzen dira dantzak, eta, txukun eman nahi badira behintzat, zailtasun tekniko handi samarra izan dezakete. Izan ere, Zuberoako dantza tradizioa zaharra da, baina XVIII-XIX. mendeetan akademia militarretatik itzultzen ziren zuberotarrek hantxe ikasitako urratsak txertatu zituzten dantza tradizio zaharrean, eta berau biziberritu eta aberastu egin zen. Gaur egun inauterietako maskaradak dira  Zuberoako dantzak ikusi ahal izateko unerik aproposena. Maskaradetan bost pertsonaia edo bost Aitzindari aurkituko ditugu dantzari nagusi gisa: txerrero, gatuzain, kantiniersa, zamaltzain eta entseñaria.

Nork: makila-dantza.2009/05/06 15:47:49.392 GMT+2
Etiketak: zuberoa ezpalak2009 aitzindariak | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2009/05/06 15:35:53.412 GMT+2

Iurretako dantzariak - Iurreta (Bizkaia)

1891. urtean dagoeneko badira Iurretako dantzariei buruzko dokumento grafikoak, baina bertako dantzen eta dantzarien erreferentziak denboran galtzen dira. San Migelen omenezko jaietan egiten dute haien saio nagusia, Iurretako plazan.

Dantzari-dantza eta Erregelak

Erregelak Durangaldeko soka-dantza mota bat da, bere aurrendari eta azkenkiarekin. Sokan lotuta doazela, hauek euren erakustaldia egin ohi dute, urrats indartsuen bitartez, eta une batzuetan sokako gainerako dantzariak ere dantzan jarriko dituzte. Herriaren batasunaren sinbolotzat hartu izan dira soka-dantzak, hala Gipuzkoan, nola Bizkaian. Ez dakigu erregelak noiztik edo nondik iritsi zaizkigun, baina Durangaldean nortasun handia duen dantza da.

Bestela, dantzari-dantza zikloaren zati batzuek ere eskainiko dizkigute iurretarrek.


Nork: ezpalak.2009/05/06 15:35:53.412 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2009/05/06 15:34:03.225 GMT+2

San Lorentzo dantza taldea – Berriz (Bizkaia)

San Lorentzo dantza taldea 1952. urtean sortu zen: Alejandro Aldekoa txistulari eta dantza-maisuaren laguntzaz, zortzi lagunek San Lorentzo auzoko ermitan dantzan egiteko elkartutako taldea da. Gerora sakabanatu egin zen, eta beste gazte batzuekin finkatu zen taldea. Gaur egun Alejandroren semeak dira doinujoleak eta dantzariak, berriz, laugarren edo bostgarren belaunaldikoak.

Dantzari-dantza eta erregelak

Erregelak Durangaldeko soka-dantza mota bat da, bere aurrendari eta azkenkiarekin. Sokan lotuta doazela, hauek euren erakustaldia egin ohi dute, urrats indartsuen bitartez, eta une batzuetan sokako gainerako dantzariak ere dantzan jarriko dituzte. Herriaren batasunaren sinbolotzat hartu izan dira soka-dantzak, hala Gipuzkoan, nola Bizkaian. Ez dakigu erregelak noiztik edo nondik iritsi zaizkigun, baina Durangaldean nortasun handia duen dantza da.

Bestela, dantzari-dantza zikloaren zati batzuek ere eskainiko dizkigute berriztarrek. Dantza ezagunak dira, jakina. XX. mendearen hasieretatik jeltzaleek ikurtzat hartu zituzten, eta Euskal Herri osoan zabaltzea lortu zuten. Aipagarria izan daiteke San Lorentzo dantza taldeak, sortu zenetik, erregelak eta dantzari-dantza bakarrik egiten eta aztertzen dituztela, beste dantzarik ikutu ere egin barik.

Nork: makila-dantza.2009/05/06 15:34:03.225 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak