Dantzari buruz aritzen gara gehienetan, musikariei merezi duten arreta
eskaini gabe, ziuraski. Baina batzuetan haietaz hitzegitea, beste erremediorik ez dugu.
Izan ere aurreko apirilaren 12an Hernaniko IV Txistulari Gazteen
Txapelketa egin zuten. Bertan gure txistulari bandako 2 kidek hartu
zuten parte, Iñaki Sagardoi eta Beñat Lopez-ek, baita emaitza
bikaina lortu ere.
Iñakik 12-16 urte bitartekoen sailean txapela lortu zuen, Jose Inazio Ansorena-ren Ozentxo obrarekin. Banden sailean Beñat-ek (atabala) eta Iñakik (silbotea) bigarren postuan bukatu zuten Bastida-ren Nere Gasteizko bihotz ikarak izeneko lana joz.
Horrelako txistularien doinupean dantzan aritzea gustu ematen du.
Urrun zirudien eguna, baino konturatzerako hortxe heldu zen otsailaren 24a, gure egutegian gorriz markatutako eguna.
Goizean goizetik autobusean igo eta bi orduko bidaiaren ostean, 10etarako Bilbon ginen. Autobusak Arriaga antzokiaren aurrean utzi gintuen. Ufa! Ikusia genuen lehendik, noski, baina inoiz baino handiagoa iruditu zitzaigun.
-Kaixo! Arratsaldean dantzatuko dutenak gara! esan genion antzokian arduradun zegoen emakumeari eta motxilak lurrean utzi eta egin genuen lehenengo gauza taula gainera sartzea. Ufa! berriz.
Falta zirenak heltzen joan ziren eta goizeko entsaiorako prestatu ginen. Azken errepasoa eman behar genion guztiari, geratzen ziren ezpal apurrak leundu. Taulan fokoak eta musikariendako oholtza prestatzen ari zirenez, soto-ko gela txiki samar batean egin genuen entsegua. Jefeek gertutik jarraitu zituzten gure pausoak. Guztiari buelta bat eman genion eta gogotik bota genuen izerdia. Lehen neke aurpegiak ikusi genituen. 3 orduko entsaioaren ostean, bazkaria, kafea, dutxa, siesta,...
Arratsaldean, entsaioa taula gainean, sartu-irtenak finkatu eta dantzarako genuen tokia markatzeko. Hau goizekoa baino arinagoa izan zen, baina hala ere, batzuen bazkalosteko dutxak ez zuen deustarako balio izan. 7ak aldera bukatu genuen entsaioa. Ordu bat besterik ez!
Kamerinotara itzuli, arropa hartu, berriz dutxatu, jantzi,... Claude-k eta Amaia-k lagundu ziguten ezer eror ez zedin, gerrikoak estu, zapiak ere bai. 10 minutu! Dios!
Batzuk urduri, besteak lasai, esperientzia tarteko edo egun osoko nekeak kirioak baretu zituelako. Iluntasunetik emeki atera gintuen fokoen argi leunak eta musika hastearekin mundu honetatik aldegin eta taula-gaineko mundura egin genuen jauzi. Izan ere, ordu t'erdiz beste mundu batean izan baikinen, axeri eta mairuen munduan, ortzadarraren azpian, dantzan. Denbora tarte horretan sentitu genuena adierazteko ez dago hitzik: axeriak, mairuak, txitoak, jauziak, brokelak, makilak, erratzak, gaitak, harpak, argiak, itzalak, indarra, samurtasuna,... Inoiz ez bezala gozatu genuen dantzan.
Larunbatean estreinatuko du Juan Antonio Urbeltz-en Argia dantza taldeak bere ikuskizun berria: Axeri-boda.
Eztei berezi honetara gonbidatuak izan ginen aspaldixko eta gustu handiz onartu genuen gonbitea. Azken hilabeteak Iruñetik Donostira eta Donostitik Iruñera pasa ditugu (eskerrak elurrik egin ez duen!), eta denbora horretan, gutxika-gutxika forma hartzen joan da ikuskizuna. Larunbatean estreinatuko da Bilboko Arriaga antzokian.
Aberasgarria izan da, zalantzarik gabe, ikuskizunaren sormen prozesuan parte hartzea. Dantzaren alorrean jorratu gabe genituen ikuspuntuez konturatzeko balio izan digu esperientziak. Eta oraindik emanaldiekin ez gara hasi!
Horrelako aukera bat emateagatik, eskerrak eman nahi dizkiegu Argia-ko lagunei (Juanan, Iñaki, Jexux, Fernando, Marian,...), bai eta lotura lanak egin zituzten Kezka-koei ere. Lagun izanen ditugu Axeri-Bodan Elgoibar-eko Haritz eta Añorgako eta Baionako dantzariekin batera. Ez da nolanahiko lan-taldea: grandes dantzaris y mejores personas!
Arriagan ariko dira dantzan: Amaia Visus, Bea Martinez, Leire Leza, Edurne Irigoien,
Amaia Irigoien, Oihane Perkaz, Oskia Garzia, Maitane Monente, Maitane
Algarra, Ainara Ranera, Aritz Ibañez,
Mikel Larunbe, Eder Garcia, Xabier Adrian, Akier Perkaz, Joseba
Lorenzo eta Igor Campos.
Ez dakit zenbat urte diren Mendillorri-ko Olentzeroan parte hartzen dugula. Auzo berria da Mendillorri eta akaso Olentzero ospatzen hasi zirenetik izan gara bertan dantza, duela 10 urte baino gehiago. Abenduaren 23an egiten dute eta aurten gure txikiak eta fanfarrea izan dira bertan.
Egun bat geroago berriz ere zita ikazkinarekin. Honako honetan Iruñeko Olentzeroan. 51 urte bete ditu aurten ospakizunak eta bertan ere duela askotxo hartzen dugu parte, hiriko beste hainbat kultur eragilerekin batera. Musikariek bigarren "lan eguna" izan zuten eta kasu honetan handien taldeko dantzariek hartu zuten parte ospakizunean.
Eta urte amaierarekin batera, atzera-begirakoa egin beharrean gara.Azken hamabi hilabeteotan asko eta asko izan dira laguntza eman diguten lagun eta taldeak. Ez genuke izenik eman nahi, baten bat ahaztuko genukeen beldur. Beraz, guztioi (badakizue zeintzuk zareten) mila esker!
Berez, San Saturnino da Iruñeko patroi, eta ez San Fermin. San Fermin Nafarroako patroia da Xabierko San Frantzisko-rekin batera. Hartara, azaroaren 29an jai da Iruñean.
Egun berezia da guretzat izan ere, San Saturnino egun batez egin baitzuen gure taldeak bere lehen emanaldia, aurten duela 58 urte. Iruñeko beste jai garrantzitsuetan bezala, ospakizun nagusia (bakarra?) prozesioa izaten da.
Eta bertan izan ginen. Goizeko 10:30etan atera zen udal segizioa San Zernin-en elizaruntz, tartean dantzariok, Akier Perkaz buruzagi genuela. Udal txistularien doinuek lagunduta buelta eman genion Iruñeko burgo frankoari (San Zernin frantsesa baitzen, omen) eta mezaren garaia heldu zelarik hamaiketakoa hartzera joan ginen (hau da prozesioaren unerik onena).
Tripak ederki beteta hobe egiten omen da dantzan eta horixe egin genuen, dantzatu, meza bukatutakoan. Neskek Bizkaiko erregelak dantzatu zituzten. Amaia Visus eta Leire Lezak ederki bete zituzten aurresku eta atzesku postuak.
Ez pentsa gure txikiak dantzari jantziarekin mendian gora jarri ditugunik. Kontua da, Anaitasuna kirol elkarteak 1994. urtetik antolatzen duela Ezkaba mendiaren igoera, urria partean. Aurtengoa XIV. edizioa zen. Eta dagoeneko badira urtetxo batzuk, mendizaleak Ezkabatik jasiten direlarik gure txikiek dantza egiten dutenak.
Aurten ere hala izan zen. 9etan atera ziren ia 2.000 mendizale udal plazatik, gure txistularien doinupean pausoa markatuz, Ezkaba mendiruntz. Txistulariak ere ez ziren mendi puntara igo (nahiago izan zuren gosari ederra egin).
Irailaren 25etik hurbilen dagoen asteburuan ospatzen dira Iruñean San Fermin txikiak edo Aldapa-ko San Fermin. Aurten irailaren 21,22 eta 23an. Santuaren martirioa gogoratzen da Nabarreriako burgoan antolatzen diren festa horietan. Guk beti dantzatu izan dugu igandeko prozesioaren ostean (78. urtetik hona bai behintzat), eta aurten ere hala egin dugu.
Mezaren osteko prozesioan atera ginen dantzari txikiak, dantzari handiak eta fanfarrea. Nabarreriako kaleetan paseoa eman ostean, Aldapako San Fermin-en elizaren ondoko plazan dantzatu genuen.
Udako oporraldiaren osteko lehen saioa zuten txikiek (oraindik ez dira ensaiatzen hasi). Jaurrietako neska-dantza eta Iribasko ingurutxoa eman zuten, fanfarrearen laguntzaz.
Ondotik, nagusien txanda heldu zen. Gipuzkoako Brokel-dantzaren zikloko hiru dantza prestatu zituzten: Agurra denek batera, Uztai-txikiena neskek emana eta Makil-handiena mutilek dantzatua. Argiako dantza maisuekin ikasitakoa praktikan jartzen saiatu ziren batzuk zein besteek. Lortu zuten edo ez, ez dugu guk esanen, balorazioak zuen esku. Dena den, Nafarrak izateko ez dago horren gaizki ;-).
Zangozako Rocamador dantza taldeak 35 urte egin ditu aurten. Aspaldiko lagunak ditugu eta haien ospakizunetan parte hartzera gonbidatu gintuztenean ez genuen dudarik egin. Abuztuaren 25ean izan zen emanaldia Zangozako arkupeen plazan.
Azken urteotan uztaileko bigarren hamabostaldia atzerrira bidai bat egiteko probesten genuen. Aurten "lugorri" egitea erabaki dugu eta bidaiaren ordez, jairik-jai ibili gara San Ferminak ezkeroztik. Barakaldoko festak izan ziren lehenik, Tuterakoak gero eta Baiona-koak helduko dira azkenik. Ondoren, oporrak.
Asteburu honetan Tuteran izan gara bertako Beterri peñak gonbidatuta. 25. urteurrena egiten dute aurten, eta jaietako egun bakoitzean ekitaldi bat antolatu dute, tartean gure emanaldia.
Txikien taldeko dantzaririk gazteenek, handien taldeak eta fanfarreak osatu zuten erriberako hiribururako "espedizioa". Esperientzia polita izan zen: elkar hobe ezagutu, dantzari handiekin dantzatuz txikiei ilusioa piztu, jan, jolastu, dantzatu...
Beterri peña-koei gure esker onik beroena Tuteran egin ziguten harreragatik: hamaiketakoa eman ziguten dantzatu aitzin, eta ondoren, bazkari ederra. Haiek nahi dutelarik, itzuliko gara, dudarik gabe!
Eta ia oharkabean berriz heldu ziren. Eta heldu ziren bezala alde egin dute berriz San Fermin-ek. Bestondoa oraindik behar bezala gainditu gabe hona hemen aurtengo festek utzi digutena.
Uztailaren 6an Iruñea eta iruñerriko talde guztiok zita genuen foruen plazan. Dantza emanaldi hau San Ferminetako lehen ekitaldi ofiziala dela errepikatzea gustuko izaten dugu dantzariok. Ba hoixe, aipatua geratu da. Lehen ekitaldia edo ez, polita da emanaldia. Aurten gainera, sekulako eguraldia egin zuen, beroegia aukeran.
Programan hiru dantza: Monteagudoko dantzak (Kalejira, Zinta-dantza, Arku-dantza eta Makil-dantza), Ballestas eta Tuterako jota. Guk lehena eta azkena egin genituen. Monteagudoko dantzak mutilek egin izan dituzte tradizioz. Duela urte batzuk neskak ere hasi dira makila-dantzan eta guk ere hala egin genuen zikloa. Txupinazoa ospatzeko edandako txanpaina izerditu genuela esan beharriz ez da.
Uztailaren 7an, San Fermin-en omenezko prozesioan parte hartu genuen urtero bezala. Xabier Adrian-ek egin zituen buruzagi lanak. Egun horretan ere, bero. Egun luzea izaten da gainera: 10etan Udal plazan hasi eta katedralera. Katedraletik San Lorenzoko elizaraino, han gordetzen baitute San Fermin-en irudia. Santua kalera atera eta San Zernin-go burgo frankoan zehar prozesioa, berriz ere San Lorenzo-ko parrokian bukatzeko. Orduan meza (hamaiketakoa guretzat). Meza bukatuta, San Lorenzo-tik Katedraleraino, eta handik berriz, udaletxera. 5 orduko paseoa. Aurten azken zatia jan egin zuten agintariek Curia kalean jende asko baitzegoen haiei txistu egiteko prest eta lehenxeago bukatu zen dena.
7tik 14ra "atseden" hartzeko tartea izaten dugu. Ez ordea dantza taldeko txikiek. Uztailaren 10ean txikien eguna ospatzen da eta eguerdi partean egiten den kalejiran parte hartu zuten. Ondoren, dantza emanaldia gazteluko plazan.
Ta konturatu gabe uztailaren 14a. Zortziurrenaren eguna. Egun horretan egiten den prozesioa askoz motzagoa izaten da, San Fermin ez baita kalera irteten. Ziargi Etxarte izan zen buruzagi. Prozesioaren ostean la Pamplonesa musika banda eta Erraldoien eta Kilikien konpartsarekin batera "La Dominguera" jota dantzatu zuten taldeko neskek. Badirudi hau ere tradizio bihurtzen ari dela pixkanaka. Horren ondotik, Larrain-dantza Iruñeko gaitarien eta Valentziako musika bandaren doinupean.
Eta horrekin eman genien amaiera aurtengo San Fermin-ei. Gutxiago falta da heldu den urtekoetarako!
(Aurten eskerrak -haiek badakite zergatik- Kezka, Oberena eta Montegudoko dantza taldeei).