Ikasleen artean, orain 20 urte inguru dantza horiek berak Ingalaterrako Monskeaton morris men taldearekin ikasten jardundako zenbait dantzari izan genituen. Eta hain zuzen ere, ikastarorako erabilitako rapper-ak, garai horretan dantza horiek lantzeko Goizaldiko dantzari talde batek erositakoak izan dira (Mila esker Goizaldi!). Jeremy Carter-Gordon irakasleak Estatu Batuetatik rapper ezpata sorta bat eskatuta zuen, baina Madrilen, aduanan geratu dira bahituta.
Northumberland-eko ezpata-dantzak
Ingalaterrako ipar-ekialdean, Northumberland eta Durham eskualdetan dantzatu ohi izan dira dantzak dira rapper-ak. Ezpata-dantzak dira, punta eta helduleku (hilt and point) erakoak. Alegia, dantzariek ezpatak elkarri emanez kateak, borobilak eta figura desberdinak sortzen dituzte, Europako beste hainbat tokitan bezala.
Baina rapper dantzen ezaugarria da, talde oso txikitan (bost dantzari) dantzatzen direla, ezpatak bi helduleku duten xafla malguak direla, eta oin-joko eta esku-joko bizi-biziak tartekatuz dantza azkar eta ikusgarria sortzen dela.
Lehenengo oinak, gero eskuak
Aurkezpen eta rapper dantzen testuinguru eta historiari buruz azalpenak eskaini ondoren, oin-jokoa lantzen hasi zuen saio praktikoa Jeremy Carter-Gordon-ek. Gaur egun claque edo tap-dancing ezagunak dira, baina horien jatorrian Ingalaterra eta Irlandako clog-dancing eta oin-jokoak daude, eta horietakoak dira rapper dantzetan egiten direnak. Oin jokoa apur bat landu genuen, baina hori ez da arratsalde batean ikastekoa, eta oinak askatu bitartean urratsa ez galtzeko modua ere erakutsi zigun Carter-Gordon-ek.
Ondoren, bosteko taldeak egin eta ezpatak elkarri eman ondoren, rapper dantzetan ohikoak diren hainbat figura eta mugimendu ikasteari ekin genion: open ring, nut, rose, straight line, guard, follow... Zenbait figuratan harrigarria gertatzen zitzaigun zenbait euskal dantzarekin antzematen genituen antzekotasunak. Adibidez, OƱatiko Korpus dantzetako arku-dantzan egiten diren zenbait mugimendu, ia modu berean egiten dira rapper dantzetan.
Euskal Herriko ezpata-dantzak ezagutzera etorri da Jeremy Carter-Gordon, eta euskal ezpata-dantza batzuk ikusi ditu hemen egin dituen asteetan, baina Ingalaterrako rapper ezpata-dantzen harra guregan sartuta joan da, eta benetan errepertorio interesgarria, gozagarria eta dantzagarria da.
Ikusi hemen 1929ko rapper ezpata-dantza baten irudiak:
Idatzi artikulu bat