Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2010/10/27 16:40:4.722000 GMT+2

Ikastaroa: Dantza kantatuak borobilean

Dantza kantatuak borobilean
Juan Antonio Urbeltz
Ikerfolk

Datak: Abenduak 18
Ordutegia: 10.00 – 13.00
Lekua: Aritzbatalde kiroldegia - Zarautz
Ikastaroaren prezioa: 15 €
Izena emateko epea: Abenduak 9

Dantza kantatuak borobilean: Irradaka eta Axuri-beltza
Borobilean eta kantuan egiten diren dantzak Europan ditugun dantzen artean zaharrenetarikoak direla esan ohi dute ikertzaileek. Soka itxian egiten diren branleak dira ohikoenak, Pazkoetan edo San Juan jaien inguruan egiten direnak. Euskal Herrian ez da mota horretako dantza askorik bildu, eta ezagunena Urdiainen, Jesus Mari Satrustegik jaso eta Argia dantzari taldean berregin zuena da.
Bildutako dokumentaziotik abiatuta Argia dantzari taldeak egindako birsortze lanak azalduko ditu Juan Antonio Urbeltz-ek, eta horietako bat, Irradaka, dantzatzen irakatsiko du Argiako dantzariek lagunduta. Horrez gain, soka itxian ez, baina borobilean eta kantuan dantzatzen den Jaurrietako Axuri-beltza irakatsiko da. Orain 40 urte birsortu zuen Argiak dantza hori, eta bildutako dokumentazioa zein zen eta birsortze prozesua nola izan zen azaltzeaz gain, dantzatzeko argibideak eskainiko ditu Urbeltzek.


Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940)
Iruñean jaio bazen ere umetatik Donostian bizi da. Goizaldi taldean, Ignacio Gordejuela maisu zuela hasi zen dantzan, eta 1965. urtean Argia taldean euskal folklorearen inguruko lanari ekin zion. Bertan, Marian Arregi emaztea eta lan-talde zabalago baten laguntzarekin, euskal folklorearen bilketa lan handia burutu du. Argia taldearekin, Euskal Herriko folklore-dialektoei programa monografikoak eskaini zizkion 60ko eta 70ko hamarkadetan, besteak beste bostehun doinu baino gehiago erakutsiz. Euskal kultura tradizionalaren jarraipenerako egindako ekarpenetan jantziak, instrumentuak, forma orkestralak eta koreografiak berreskuratu dira. Funtsezko ekarpena lan-mota diferenteetan egindakoa, 1978an Euskadiko Kutxak editatutako Dantzak liburutik hasi eta hamaika hitzaldi, irrati-programa, egunkarietako artikulu, disko-edizio eta abar arte. 1988an Zortziko ikuskizuna estreinatu zuen; 1989an berriz Muriska baleta bertan sartu ondoren, ikuskizunak Alakiketan izena hartu zuen. Gerora beste ikuskizun gehiago etorri dira: Kondharian, Pas de Basque, Axeri-Boda eta 2009an Axuri-beltza. Guztietan bere sormen lanaren ekarpenek dantza eta koreografiaren mundua, musika eta jantzien munduekin lotzen du modu oso eta integral batean.


Nork: DantzanIkasi.2010/10/27 16:40:4.722000 GMT+2
Etiketak: axuri-beltza juan-antonio-urbeltz ikerfolk dantza-kantatuak borobilean irradaka dantza dantzan-ikasi ikastaroak argia 2010 jaurrieta | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira hamar gehi bi? (idatzi erantzuna zenbaki hutsez)



Kontagailua: | Ikusi estatistika osoak