Ikastaroetan Gipuzkoako eskualde guztietako ikasleek parte hartu dute, eta Gipuzkoatik kanpoko hainbat dantza irakasle eta dantzari etorri dira. Guztira 41 herritatik etorri dira ikastaroetara, Gipuzkoako 27 herritatik Gipuzkoatik kanpoko 14 herritatik: Irun,
Deba, Eibar, Elgoibar, Elgeta, Andoain, Añorga, Astigarraga, Donostia, Urnieta, Ataun, Beasain, Ordizia, Errenteria, Lezo, Pasai-Antxo, Ibarra, Tolosa, Villabona, Azkoitia, Azpeitia, Legazpi, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zumaia eta Zarautz, Iruñea, Altsasu, Barañain, Atarrabia, Zuasti, Mallabia, Markina-Xemein, Zornotza, Sestao, Galdakao, Arrangoitze, Hendaia, Gasteiz, Reno.Dantza irakasleei begira antolatu dira ikastaroak eta errepertorio bakoitzaren tokian-tokiko irakasleak, edo prestakuntza berezikoak gonbidatu dira. Guztira sei ikastaro antolatu dira 2009 urtean:
Bizkaiko jota eta porrua
Arratiako jota bezala ezagutzera eman dena, alegia, Bizkaian eta beste hainbat tokitan ere jotak dantzatzeko estilo zaharra izan
genuen aztergai lehen ikastaroan. Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeko Kepa Artetxe eta Mikel Goitia izan ziren dantza-maisuak. Jota eta porruaren berreskuraketa lanaren nondik norakoak agertzeaz gain, horiek dantzatzeko oinarrizko irizpideak irakatsi zituzte, eta oinarrizko urratsak eta apaindurak bereizteko bidea eskaini ziguten. Jotaren ikastaroari buruzko xehetasunak dituzue hemen eta ikastaro ondoren egindako kronika hemen.Baztango mutil-dantzak
Jauzien eta mutxikoen senidetzat har badaitezke ere, ezaugarri bereziak dituzte Baztango mutil-dantzek. Urrats gehienak jira-biran
emateko ohitura eta urratsak markatu beharrean buruz ikasi beharra besteak beste. Arizkungo Patxi Larralde eta Arraoitz-eko Rafa Baron izan genituen irakasle lehen saioan, eta Patxi Laborda iruindarra bigarrenean. Billantzikorekin hasita mutil-dantza errazenak eta horiek dantzatzeko estiloa lantzeko aukera eman zuen ikastaroak. Hemen mutil-dantzen ikastaroari buruzko xehetasunak eta hemen berriz kronika.Goierriko dantzak
Gipuzkoako dantzetan oinarrizko erreferentzia izan da beti Goierri, bertakoak baitziren Iztueta, Olano eta Pujana, eta bertakotzat jo izan direlako gerora Gipuzkoa osora eta maisu horien eta beste
batzuen eskutik zabaldutako errepertorioak. Mikel Sarriegi, Aurtzaka dantza taldeko zuzendariaren eskutik, eta Aitor Furundarenak eskusoinuarekin lagunduta, gaur egun Goierrin dantza tradizioak zertan diren, dantzakera aldetik gorde dituen berezitasunak eta zenbait dantza interesgarri lantzeko aukera izan genuen. Goierriko dantzak ikastaroaren inguru argibideak eta ikastaro ondoko kronika.Zuberoako dantzakera
Zuberoako dantza tradizio berezira hurbiltzeko ahalegina egin genuen Jean Mixel Bedaxagar eta Jean Pierre Bordagarai
urdiñarbetarrekin, eta Argia dantzari taldeko Fernando Aristizabal eta Jexux Larrearekin. Jauziak eta Aitzineko püntiak dantzatzeko gomendioak eta estilo ñabardurak egin zituzten Bedaxagarrek eta Bordagaraik, eta zuberoako urrats izendegia ezagutzeko aukera eman zuten Larreak eta Aristizabalek. Zuberoako dantzen ikastaroaren aurkezpena eta kronika.Argia oroimenaren haritik
60ko hamarkadaren azken zatian euskal dantzaren panorama errotik aldatu zuten Argia dantzari taldearen proposamenek. Oinarri teoriko eta praktiko berrietan oinarrituta, tokian-tokiko bilketa lan
erraldoia jarri zuten abian, eta tradizioa eta sorkuntzaren inguruko gogoeta sakonetan oinarritutako eredua plazaratu zuten. Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregik Argiaren 40 urteko ibilbidearen sintesia eskaini ziguten ikastaro honetan, eta bere baitan, Argiaren azken emaitza, Axuri-beltza, Victoria Eugenia antzokian ikusteko aukera izan zen. Argiaren ikastaroaren aurkezpena eta kronika.Dantzaren mugimenduaren eta erritmoaren pedagogia
Dantzaren mugimenduaren analisi eta erritmoaren oinarriak azalarazteaz gain, dantzaren irakaskuntza aritzeko hainbat
gomendio, estrategia eta
aukera desberdin aurkeztu zituzten, eta dantzaren mundua ulertu, bizi
eta gozatzeko beste hainbat gogoeta eskaini zituzten ikastaro honetan Aiko taldeko Sabin Bikandi, Larraitz Artetxe eta Patxi Labordak maisuek. Ikastaroaren inguruko xehetasunak eta ikastaro ondoko kronika.
Ikasleetako batzuei urteko ikastaro eskaintzaren balorazioa egiteko eskatu diegu. Hona zer kontatu diguten:
Maite Maiz
Itsasi dantza taldea
Ikastaroak
orokorrean oso ondo joan dira, gure dantza taldekoak aspalditik
genbiltzan ikastaroen billa eta oso ondo etorri zaizkigu hauek. Ni
konkretuki hiru ikastaroetan izan naiz. Hiru
ikastaro hauetako planteamendua egokia iruditu zait, bakoitzak bere
oinarriak argitu baitizkit eta oinarri hauetatik abiatuta dantza
garatzen jarraitu. Hau jakinda dantza beste begi batzuekin ikasteko,
ikusteko, ulertzeko eta ondorioz irakasteko aukera eman dit.Ikastaro hauen alderdi txarrenetako bat aipatze arren, esan behar informazio asko jasotzen dela denbora gutxian eta askotan ezin asumituta edo aldi batzuetan galduta ibili naizela.
Irakaslegoaren aldetik oso egokiak iruditu zaizkit, beraiek egindako ikerkuntza lanak erakutsi bait dizkigute eta honek nire formakuntzan asko lagundu dit. Ikaslegoaren aldetik ere ondo iruditu zait base bat daukagun ikasleak izatea, edota dantza irakasten gabiltzanak izatea, nola edo hala ikastaroko helburuak lortzen lagundu baitu eta beste alde batetik dantza talde desberdinetako kideen ezagutza eta harremana sortzea lortu baitu.
Bukatzeko esan balorazio positiboa duela izan naizen ikastaroek eta aurrerantzean ere ikastaroak izango direnaren esperantzan nagoela gure kulturaz oraindik zer ikasia baitugu. Zuen berri izango dudalakoan eta eskerrak emanez aukera hauek sortzeagatik agurtzen naiz.
Aitor Sorazu
Bizkargi Musika Eskola
Programaren planteamendua guztiz
egokia iruditzen zait, uste dut bazegoela horrelako zerbait egiteko
beharra. Gainera ni
bezalako irakasle batentzat guztiz beharrezkoa ikusten dut dantzaren
alorrean dagoen hutsune hori betetzeko bidea edukitzea.Programan zehar jasotako ikastaroei buruz, orokorrean denak izan dira oso interesgarriak, bestela parte hartzeari begiratu besterik ez dago jendearengan sortu duten interesa ikusteko, era batera edo bestera denetan ikasten duzu zerbait eta horrelako ikastaroetan zu bezala dabilen beste jende ugarirekin egoteko aukera izaten duzu, beraiekin zure kezka eta burutazioak elkartrukatzeko aukera izaten duzularik.
Antolakuntza ere guztiz erosoa izan da, informazio guztia egoki asko jaso ahal izan dugu, bai e-mail bidez eta baita dantzan.com webgunearen bitartez. Kontrola ere oso ona izan da eta parte harzaileen asistentzia une guztietan ondo zaindu da.
Ikastaroetan izan ditugun irakasleei buruz esan behar dut denetik izan dugula, guztiek erakusten zituzten dantzei buruz asko zekiten, gero beste kontu bat izango litzateke dakiten guzti hori erakusteko ohiturarik ba ote duten edo ez, hori ere asko antzematen baita zenbait kasutan, baina hori beti gerta daitekeen zerbati dela iruditzen zait. Irakasleek egin duten esfortzu hori baloratu beharrekoa da. Gainera zenbait ikastarok luzapen bat beharko luketela iruditzen zait.
Aitziber Ubegun eta Eder Valladares
Kemen dantza taldea
Urtetan zehar
nahiko intuizioz jardun dugula kontuan izanik, honelako
ikastaroek benetan laguntzen digute gure eguneroko lanean dantza
taldean. Eginiko ikastaroak hiru multzotan sailkatzen ditugu, batetik
zehazki errepertorio desberdinei dagozkienak; hauek baliagarriak eta
behar beharrezkoak izanda ere, beste bi multzoetakoak, arlo teoriko nahiz
dantzaren pedagogiarenak, azpimarragarriak iruditzen zaizkigu, hauetan
formazioa lortzea zailagoa baita. Irakasle izan ditugunak erreferente
dira landuriko gaietan eta aberasgarria izan da beraiekin jardutea. Oraindik ere hutsune asko izaten jarraitzen dugulako eta formazioak etengabekoa izan behar duelako.Ikastaroen inguruko informazioa eskuratu, izena-eman eta partehartzea benetan erraza egin zaigu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura sailetik adierazi digutenez pozik daude 2009ko ekitaldiak eman duenarekin eta 2010ean ere ikastaro hauekin jarraitzea nahi dute, beraz, laster ekingo diogu ikastaro sorta berria antolatzeko lanei. Zuen balorazioak eta iritziak utzi nahi badituzue azpian duzue erantzuna uzteko modua edo bestela gure ohiko posta helbidera, ikasi@dantzan.com helbidera idatzi dezakezue.
Idatzi artikulu bat