
Argia dantzari taldearen gidaritza 1966an hartu zuen Juan Antonio Urbeltz-ek, eta garai horretan euskal dantzaren egoera zein zen deskribatu zuten. Gerra-osteko giroa, erreferentzien galera, dantza-maisuen aro bukaera, dantza-taldeak, txapelketak, alardeak, manierismoa, e.a. Giro horretan lan teoriko eta praktikoa uztartuz, sustraietara jotzearen garrantziaz ohartzen da Argia eta Oteiza edo Caro Baroja moduko laguntzaileen babesarekin, dantza tradizionalaren ikuspegi berri bat ekarriko du plazara eta antzokira.

Lehen urteetako tokian-tokiko bilketa lan etnografikoa izugarria izango da: Berriz, Oñati, Lesaka, Baztan, Lizartza, Bedaio, Lasarte-Oria, Malerreka, Leitza, Iribias, Imotz, Auritze, Aezkoa, Azkarte, Uharte Garazi, Makea,... Azken dantza-maisuekin zuzenean ikasteko aukera izan zuten: Ignacio Gordejuela, Alejandro Aldekoa, Etxahun Iruri, Faustin Bentaberri,...
Euskal Herriko tradizioa ongi ezagutzeaz gain, Europako markoa aintzat hartu behar dela ikusten dute Argiak arduradunek, testuinguru horretan garatu baita gure tradizioa eta harreman horien zantzuak behin eta berriz ageri baitira gure folklorean. Ez gara isolatuta izan.

Bilketa lan horiek ikuskizunen bidez zabaltzen eta ezagutzera ematen joan ziren, baita emanaldi monografikoak eginez ere: Nafarroa (1970), Gipuzkoa (1972), Lapurdi (1974), Zuberoa (1978),... 1986tik aurrera bildutako materialekin ikuskizunak prestatu ditu Argiak: Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian, Pas de Basque, Axeri-boda, Axuri-beltza.
Tradizioa eta sorkuntzaren arteko mugak non dauden galdetu zuten Urbeltz eta Arregik, eta sorkuntzari buruz beraiek duten jarrera aurkeztu zuten.
Idatzi artikulu bat