Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2011/12/30 15:53:15.882 GMT+1

Ikastaroa: Aduna eta Andoaingo axeri-dantza

Aduna eta Andoaingo axeri-dantza
Andoaingo axeri-dantza elkartea

Data: 2012ko urtarrilak 21, larunbata
Ordutegia: 10:00 – 13.00
Lekua: Urigain kultur etxea, La Salle Etorbidea 6 - 20140 Andoain.
Prezioa: 15 €
Izena emateko epea: Urtarrilak 15

Aduna eta Andoaingo axeri-dantza
Tradizio zahar, bitxi eta jostagarria gorde da Andoain eta Adunan, eta festa berezi horri erreparatuko diogu Andoaingo Axeri-dantza elkartearen eskutik. Ekainaren 24an, San Joan egunez, Andoainen, eta abuztuaren 15ean, Andre Mariaren egunean Adunan, dantzatzen dira axeri-dantzak gaur egun.

1929_Aduna-axeri-dantza_Dantzariak_29_PAG25

Aduna, 1929. Axeri-dantzan parte hartu zutenen argazkia

Dantzak, musika, joan-etorriak, jolasak, borrokalditxoak, harrapaketak, lasterkak, perratze antzerkiak, dorreak eta beste hainbat osagai ditu axeri-dantzak. XVIII. eta XIX. mendeetan Larramendi eta Iztuetak festa honen berri eman zuten, baina XX. mendean, gerra zibilaz geroztik plazatik ezkutatu zen. 1970eko harmakadan, Andoaingo Lizar Makil dantza taldeak berreskuratu zuen Bixente Olanoren laguntzarekin.

Andoaingo axeri-dantza elkartea

Berreskuraketa ondoren urtez urte festari eusteko sortu da Andoaingo axeri-dantza elkartea, eta andoaindarren artean tradizioa sustraitzeko lanean dihardu. Lizar Makil taldearekin hasi eta orain gutxi arte axeri-dantza bultzatuz aritu den Juantxo Arregik eta Axeri-dantzaren elkarteko Xabier Lasak eskainiko dituzte axeri-dantzaren nondik norakoak eta argibideak. Historia, berreskuratzen prozesua eta gaur egungo egoera eta janzkera ere izango dute mintzagai.

2011-06-24_Andoain_axeri-dantza_OA_12.19.21-rek

Ondoren, Andoaingo axeri-dantzako elkarteko kideen eskutik, dantza osatzen duten zatiak banan-banan landuko dira, dantzatuz edo jolastuz, tokatzen denaren arabera. Aitarena, zortzikoa edo esku-aldatzekoa, orratzakoa, txingoa edo ilentia, korrika, perra jartzea eta borroka edo torrea besteak beste.

Andoaingo Urigain kultur etxean egingo da saio teorikoa eta ondoren, Arrate pilotalekuaren azpikaldean egingo da saio praktikoa.

Nork: DantzanIkasi.2011/12/30 15:53:15.882 GMT+1
Etiketak: andoain ikastaroak axeri-dantza dantzan-ikasi aduna | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/12/19 16:03:08.831 GMT+1

Ikastaroa: Lapurdiko inauteriak eta bere lehengusuak

Lapurdiko inauteriak eta bere lehengusuak
Thierry Truffaut

Data: 2012ko urtarrilak 14, larunbata
Ordutegia: 10:00 – 13.00
Lekua: San Telmo Museoa, Zuloaga plaza 1, 20003 Donostia.
Prezioa: 15 €
Izena emateko epea: Urtarrilak 9

Lapurdiko inauteriak eta bere lehengusuak
Inauterien inguruko saio teoriko honek bi zati izango ditu. Batetik, Lapurdiko inauteriaren berreskuratze prozesuari begiratuko dio Truffaut-k. 1960ko  hamarkadan Guilcherren bilketa, 70koan Argiaren berregite lana eta ondoren Begiraleak eta EDBren bidez inauteriak herriz herri birsortzen joan ziren Lapurdin 80ko hamarkadan. Prozesu hori ikertu du Thierry Truffaut-ek eta atal bat "Joaldun et Kaskarot" liburuan ezagutzera eman badu ere, laster argitaratuko du bereiziki Lapurdiko inauteria aztergai duen liburu berri bat.

kaskarotak-ret-rek

Hartza-errumanian-thierry-truffaut-Datnzariak34_retk-300p Saioaren bigarren atalean Euskal Herriko inauteriak eta bertan aurki ditzakegun pertsonaia bereziak Europako testuinguruan kokatzeko irudi bidaia egingo dugu Thierry Truffaut-ekin. Urteak daramatza Europako hainbat inauteri aztertzen, eta horietan aurkitutako hainbat antzekotasun eta irudi harrigarri erakutsiko ditu argazki bidez.

Kuestazio edo eske errondak, mozorroak, hartzak, ezkontzak, ijitoak, joaldunak eta bere senideak, heriotza eta berpiztea, perratze, orrazte eta ile-mozteak eta bestelako inauterietako hainbat osagai Europako zenbait txokotan azaleratzen direla erakutsiko du Truffaut-ek. Euskal inauteria eta bere dantzak, testuinguru zabal eta harrigarri batean kokatzeko mintegia izango da.

Thierry Truffaut (Baiona, 1957)
2006-11-11_Barkoxe-Thierry-Truffaut-071-ret_320p Thierry Truffaut-ek antropologia soziala eta eta historikoa ikasi zituen Le Hougan, Gizarte Zientzien Goi Ikasketen Eskolan, eta Euskal Herriko, Gaskoinako eta Pirinioetako festa eta inauteriak ditu ikergai azken hogeita hamar urtetan. Euskal Dantzarien Biltzarrako presidente izan da eta Lapurdiko inauteriaren berrezartze prozesuan parte hartu zuen besteak beste Pierre Bettelu, Pierre Gil eta Claude Iruretagoienarekin, eta EDB, Begiraleak eta Lapurtarrak elkarteen babesean. Hainbat artikulu eta ikerketa lan argitaratu ditu inauterien inguruan, eta Zubieta eta Lapurdiko inauteriak sakon ikertu zituen Joaldun et Kaskarot (Elkar, 2005) liburuan.

Nork: DantzanIkasi.2011/12/19 16:03:08.831 GMT+1
Etiketak: lapurdi ikastaroak inauteria europa thierry-truffaut dantzan-ikasi 2012 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/10/06 15:12:40.967 GMT+2

Rapper ezpata-dantzekin gozatzen

Ezpata-dantza genero bizi eta dibertigarri bat ikasten hasi eta dantzan gozatzeko aukera eskaini digu pasa den urriaren 1ean Dantzagunean egindako Rapper ezpata-dantzen ikastaroak. Jeremy Carter-Gordon, dantzari, musikari eta etnokoreologo estatubatuarra izan dugu irakasle, eta urratsez urrats Ingalaterrako dantza tradizional hauen oinarriak irakatsi dizkigu.

2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9478_r

Ikasleen artean, orain 20 urte inguru dantza horiek berak Ingalaterrako Monskeaton morris men taldearekin ikasten jardundako zenbait dantzari izan genituen. Eta hain zuzen ere, ikastarorako erabilitako rapper-ak, garai horretan dantza horiek lantzeko Goizaldiko dantzari talde batek erositakoak izan dira (Mila esker Goizaldi!). Jeremy Carter-Gordon irakasleak Estatu Batuetatik rapper ezpata sorta bat eskatuta zuen, baina Madrilen, aduanan geratu dira bahituta.

Northumberland-eko ezpata-dantzak

Ingalaterrako ipar-ekialdean, Northumberland eta Durham eskualdetan dantzatu ohi izan dira dantzak dira rapper-ak. Ezpata-dantzak dira, punta eta helduleku (hilt and point) erakoak. Alegia, dantzariek ezpatak elkarri emanez kateak, borobilak eta figura desberdinak sortzen dituzte, Europako beste hainbat tokitan bezala.

2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9482

Baina rapper dantzen ezaugarria da, talde oso txikitan (bost dantzari) dantzatzen direla, ezpatak bi helduleku duten xafla malguak direla, eta oin-joko eta esku-joko bizi-biziak tartekatuz dantza azkar eta ikusgarria sortzen dela.

Lehenengo oinak, gero eskuak

Aurkezpen eta rapper dantzen testuinguru eta historiari buruz azalpenak eskaini ondoren, oin-jokoa lantzen hasi zuen saio praktikoa Jeremy Carter-Gordon-ek. Gaur egun claque edo tap-dancing ezagunak dira, baina horien jatorrian Ingalaterra eta Irlandako clog-dancing eta oin-jokoak daude, eta horietakoak dira rapper dantzetan egiten direnak. Oin jokoa apur bat landu genuen, baina hori ez da arratsalde batean ikastekoa, eta oinak askatu bitartean urratsa ez galtzeko modua ere erakutsi zigun Carter-Gordon-ek.

2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9515

Ondoren, bosteko taldeak egin eta ezpatak elkarri eman ondoren, rapper dantzetan ohikoak diren hainbat figura eta mugimendu ikasteari ekin genion: open ring, nut, rose, straight line, guard, follow... Zenbait figuratan harrigarria gertatzen zitzaigun zenbait euskal dantzarekin antzematen genituen antzekotasunak. Adibidez, Oñatiko Korpus dantzetako arku-dantzan egiten diren zenbait mugimendu, ia modu berean egiten dira rapper dantzetan.

2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9510_r 2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9506_r

Euskal Herriko ezpata-dantzak ezagutzera etorri da Jeremy Carter-Gordon, eta euskal ezpata-dantza batzuk ikusi ditu hemen egin dituen asteetan, baina Ingalaterrako rapper ezpata-dantzen harra guregan sartuta joan da, eta benetan errepertorio interesgarria, gozagarria eta dantzagarria da.

2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9512_r 2011-10-01_DantzanIkasi-Rapper-ikastaroa_OA_9517_r
Ikusi hemen 1929ko rapper ezpata-dantza baten irudiak:



Nork: DantzanIkasi.2011/10/06 15:12:40.967 GMT+2
Etiketak: ikastaroak ezpata-dantzak rapper dantzan-ikasi jeremy-carter-gordon 2011 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/09/22 17:30:10.944 GMT+2

Ikastaroa: Ingalaterrako Rapper dantzak

Ingalaterrako Rapper dantzak
Jeremy Carter-Gordon

Data: Urriak 1, larunbata
Ordutegia: 16.00 – 19.00
Lekua: Dantzagunea (Arteleku - Kristobaldegi, 14, 20014 Donostia)
Ikastaroaren prezioa: 15 €
Izena emateko epea: Irailak 27

Ingalaterrako Rapper dantzak
Ingalaterrako ipar aldeko dantza erritual, erritmo azkarreko eta dantzakera biziko ezpata-dantzak dira Rapper-ak. BesidePoint Gehienetan bost dantzarik dantzatzen dituzte, eta oinekin zapateatu urratsak egiten dituzte, ezpatak figura koreografiko desberdinak eta sorkuntza bide berriak egiteko erabiltzen dituzten aldi berean.

Taller honetan parte hartuko dutenek oinekin lurra kolpatuz egiten diren urratsak edo zapateatuak, bakarkako figurak eta dantzak taldean jartzen ikasiko dute. Alor praktikoarekin batera, dantza genero honen inguruko historia eta testuinguru kulturalaren inguruko ezaugarriak azalduko ditu Jeremy Carter-Gordon-ek. Zola gogorreko zapatak ekarri,  horrelakorik baldin baduzu behintzat, eta egon prest dantza tradizional dibertigarri eta bizi hauekin gozatzeko.

Jeremy Carter-Gordon (Concord, Massachusetts, AEB, 1989)
Boston-eko (Massachusetts, Ameriketako Estatu Batuak), dantza ikertzaile eta irakaslea da Jeremy Carter-Gordon. Dantza, musika eta kantu tradizionala ikasiz hazi zen, eta Bard Collegen graduatu berria da, Etnokoreologia lizenziaturan.
jeremy-carter-gordon
Zortzi ezpata-dantza taldetan dantzatu du, eta horietako hiru talde berak sortu ditu. Britainia Handian ospatzen den DERT izeneko Rapper dantza sariketan hainbat sari irabazi ditu bere taldeekin. Unibertsitate ikasketak burututa Europan barrena bidaiatzen ari da ezpata-dantzen eredu desberdinak  aztertuz. Zehazki "Hilt-and-Point" edo "helduleku eta punta" erako ezpata-dantza ditu aztergai, eta Europako hainbat eskualde bisitatzen arituko da tokian-tokiko ezpata-dantzak aztertuz  2012ko abuztura bitartean.

Nork: DantzanIkasi.2011/09/22 17:30:10.944 GMT+2
Etiketak: ikastaroa 2011 ezpata-dantzak rapper jeremy-carter-gordon | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (2)

2011/07/13 10:33:05.264 GMT+2

Folkloreak hezkuntzarako eskaintzen dizkigun baliabideak ezagutzen

Programa zabal eta sakona, era trinko eta intentsiboan lantzeko aukera eskaini digute Josu Erramun Larrinagak eta Emilio Xabier Dueñas-ek uztailaren 2an, Elgoibarren, Inazio Bereziartua Musika Eskolan egindako Haur Folklore ikastaroan.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-256

Jolas, joko eta dantzak eginez ekin genion egunari, eta ondoren etorri ziren azalpen teoriko eta metodologikoak, berriz ere ariketa fisikoekin uztartuz.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-265

Irakasleek eskainitako lan-idatzian jasotzen denez: "Haur-munduaren folklorea, duela, nolabait, gutxi arte, ahoz transmititzen izan da bere forma ohizkoan; metodo honek, alabaina, aldaketak izan ditu, gehienetan masa-komunikabideen sofistikazio nabarmenak eraginak, nahiz eta, beste alde batetik, eskertzekoak diren, irakaskuntzak eta sustatzailetza sozio-kulturalak hura berpizten saiatzeko egiten dituzten ahaleginak."

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-222

Hiru sailetan landu ditugu proposamenk:
a) Jolasak
b) Musikadun jolasak
c) Joku Dantzak

Baina dantza eta jolas zerrenda bat baino, horiek hezkuntza proiektu batean integratzeko irizpideak eskaini dizkigute Josu Erramun Larrinagak eta Emilio Xabier Dueñas-ek. Adibidez, folklore egutegia kontuan hartu eta haren arabera ekimenak antolatzeko.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-215

Horrekin batera, umeen adinaren araberako dantza eta jolasak, bai hautaketa orduan eta baita bakoitza gauzatzeko eragin diezaiokegun zailtasun graduan.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-229

Ahozko jolasak, musikarik gabeko jolasak, erritmodun baina musika zehatzik gabeko dantzak, eta musikaren arabera egiteko dantzak... Jardueraren une eta helburu bakoitzean erabiltzeko lanabesak aurkeztu zizkiguten. Kadera baten gainean, haurrak-haurrak, sarian-zunzun, katadera-dantza, jean-petit-qui-danse, itses-dantza, xarmantia-matelota, maska-dantza, ahuntz-dantza, esku-dantza, paxa-dantza, saskito-dantza, txakolin, buhameen dantza, Arrastariako entradillak, Baztango zortzikoa eta  jota eta porrua landu genituen besteak beste.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-278

Jantzi eta tresna prestaketa lanetan umeak inplikatu, eta ingurunearen erlazionatzen eta trasnformatzen ikasteko adibideak ere eskaini zizkiguten.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-316

Haurtzaroan folklore baliabideak aplikatzeko planifikazioa eta proiektuaren aurreikuspenaz ohartarazi gintuzten. Bai urtez-urteko mailaketari dagokionez, bai urte bakoitzaren antolaketari dagokionez, eta baita jarduera  honetarako erabiltzen dugun orduaren planifikazioari dagokionez.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-293

Folklore kontzeptua, bere historia, disziplinaren ezaugarriak eta euskal folklorearen hainbat xehetasuna aurkeztu zizkiguten. Eta borobiltzeko idatzizko dokumentazio bikaina, musika eta bideo grabazioak eman zizkiguten ikasitakoa sakondu eta aplikatu ahal izateko.

2011-07-02_Dantzan-ikasi-Haur-folklorea-JI-309

kastaro trinko bezain mamitsua beraz, gozagarria une askotan, eta serio-serio entzun eta ikastekoa beste zenbaitetan. Gure transmisio zereginean folkloreak eskaintzen dizkigun aukera eremua zabaltzeko baliabide sorta ederra eskaini digu. Ea denak baliatzeko gai garen!

Nork: DantzanIkasi.2011/07/13 10:33:05.264 GMT+2
Etiketak: ikastaroak emilio-xabier-dueñas josu-erramun-larrinaga dantzan-ikasi haur-folklore 2011 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/06/02 12:57:20.454 GMT+2

Musika eta dantza: jakinmina eta ikasketarako akuilua

Dantzaren irakaskuntzan dihardutenentzat lagungarri izan daitezkeen hainbat ekarpen, gako eta gogoeta eskaini ditu Sabin Bikandik maiatzaren 21ean, Gipuzkoako Dantzagunean, Artelekun, eskainitako mintegian. Saioak "Dantza eta Musika: zenbait oinarri eta kontzeptu" izenburua zuen, baina Sabin Bikandik, dantzaren mugimenduaren analisi eta erritmoaren oinarri batzuek azaltzeaz gain, dantzaren mundua ulertu, bizi eta gozatzeko beste hainbat gogoeta eskaini ditu.



Dantza irakaslearen jarduerarako musikaren ezagutzak duen garrantzia nabarmendu du Bikandik. Era berean, dantzarako jotzen duen musikariak dantza ezagutzeak funtsezkoa dela erakutsi digu. "Musika nota bakoitza zein urratsekin doan" jakiteak nola laguntzen duen ikusi ahal izan dugu. Dantza eta musika eskutik doaz. Aiko taldeko kideak.


Gogoeta praktikaren bidez landu dugu zenbait ariketa eginez. Baina abiapuntuan, goiz bateko saio batekin formazio trinko bat ordezkatzerik ez dagoela konsziente izan behar garela.


Urratsen irakaskuntzan, mugimendu bakoitzari dagokion denbora eman beharrean, deneri balio bera emateak urratsa bera bortxatu eta erritmoz biluzten dugula ohartu gara.



Saio praktikoa eta teorikoa izan da larunbatekoa. Dantza-maisuak arbelean emandako azalpenak ondoren praktikara eraman ditugu. Hala jotaren oinarri erritmikoak ezagutzeko baltseo eta mazurkatik abiatu gara, musikari pultsoa aldatuz ze erritmo ezberdin lortu daitezkeen ikusi dugu besteak beste.




Beraz, dantzaren irakaskuntzan, egitura erritmikoak transmititzeko,  horiek ongi ezagutu behar direla ikusi ahal izan dugu, eta horiek ezagutuz gero, dantzan irakasteko tresna eta aukera eremu zabalak irekitzen zaizkigula gure aurrean.

Nork: DantzanIkasi.2011/06/02 12:57:20.454 GMT+2
Etiketak: sabin-bikandi 2011 dantzan-ikasi musika-eta-dantza | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/05/25 10:48:13.268 GMT+2

Ingurutxoak: Sistema eta ezaugarriak ezagutzen

Mediterraneoko isurialdeko euskal lurretan zabalkunde handia ezagutu duten dantzak dira ingurutxoak. Bikoteka antolatutako dantzari lerroak, borobilean, larrainetan eta plazetan dantzatzen dira ordulariaren aurkako norabidean. Kantauriar isurialdean soka-dantzak bezala, festa eta ezteietan ospakizun dantza nagusiak izan dira ingurutxoak Nafarroako iparraldean eta Gipuzkoako hegoaldeko zenbait eskualdetan

2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-739

Dantza mota horretaz aritu da Juan Antonio Urbeltz “Ingurutxoak: Sistema eta ezaugarriak” ikastaroan. Ikerfolk-eko buruak, bere emazte, Marian Arregi eta seme, Mikel Urbeltzek lagunduta, ingurutxoen inguruko hitzaldia eta saio-praktikoa eskaini ditu maiatzaren 14an Donostiako Dantzagunean.


2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-729

Hitzaldian Argia taldearekin egindako lanez aritu da Urbeltz: Leitza, Iribas, Erronkari, Bedaio... Hogeita hamar herri ingurutan ibili ziren Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi 1965 eta 1975 bitartean ingurutxoak biltzen. Tokian tokiko bilketa lan horretan jasotakoaren inguruko ikaspen eta doinuetatik abiatuta, eta ondoko urteetan bildutako dokumentazioan oinarritutako hitzaldia izan da.

2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-745

Urbeltz, ingurutxoek osatzen duten sistemaz ari zela, adibide esanguratsu bat jarri du hau ulertzeko: Dantza hauek jasotzen zebilen garaian Leitzako ingurutxoa hartu zuen oinarri. Behin Leitzakoa menperatuta, beste ingurutxoak ulertzea eta ikastea errazagoa gertatu zitzaien, antzeko figurak aurkitzen baitira batean eta bestean, eta Leitzako ingurutxoan gehienak aurki daitezke.

Dantzarako oinetakoak jantzi eta ingurutxoen figura eta erritmo desberdinak lantzera igo gara dantzagelara.

2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-773

Mikel Urbeltzek eta Marian Arregik jotako ingurutxo ezberdin andanaren doinuekin aritu gara dantzan hitzaldia bukatu geroztik. Leitzako ingurutxoa hartu dugu ardatz eta hori nola dantzatu irakatsi digu Juan Antonio Urbeltzek: Hasierako soka-dantza, bilantzikoa, inguru txikia, inguru handia, erritmo ezberdinak... denak landu ditugu, horrela, pixkana, sistema ulertzen eta barneratzen joateko xedez.

2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-794
2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-792
2011-05-14_Dantzan-ikasi-Urbeltz-Ingurutxoak-OA-776

Nork: DantzanIkasi.2011/05/25 10:48:13.268 GMT+2
Etiketak: ikastaroak ikerfolk juan-antonio-urbeltz ingurutxoak dantzan-ikasi argia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/04/28 15:07:03.995 GMT+2

Formazio sendo baten beharra

Dantza tradizionalaren formazioan ditugun egiturazko gabeziak nola zuzendu aztertzerakoan, ikasketa formal batzuk eta titulazio bat bideratzeko interesa antzeman dugu bateko eta besteko eragileekin izandako harremanetan. Ikastaro solteekin hainbat konpetentzia eta ezagutza lantzeko aukera izaten da, baina formazio gabezia egiturazkoa da, eta horrek ikasketa prozesu trinko eta osatuago bat eskatzen du.

Euskal dantza tradizionalaren formazioari buruz ditugun kezkak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin konpartitu ditugu. Hezkuntza saila Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola, Eszenika, martxan jartzeko lanean buru-belarri dabil. Bertan, antzerkia, arte eszenikoen teknikaritza eta dantza garaikidea ikasi ahal izango dira. Horiekin batera, eskola horretan dantza tradizionaleko ikasketak eskaintzeko aukeraz mintzatu gara. Oraingoz Hezkuntza sailak ez du horrelakorik aurreikusten.

Dantza tradizionaleko ikasketei buruz, Hezkuntza sailak interesgarritzat  jotzen du gaia, baina lau urteko ikasketa trinko eta itxiaren ordez, ikasketa eredu ireki eta malguago bat aztertzen ari dira Hezkuntza Saileko aholkulariak. Zentro bakar batean zenbait urtez ikasketak egiten egon beharrean, han eta hemen curriculum bat osatzen joateko aukera emango lukeen ikasketa eredu ireki bat dute buruan. Hori praktikan nola gauzatu daitekeen eta lege aldetik nola babestu daitekeen aztertzen ari dira.

Nork: DantzanIkasi.2011/04/28 15:07:03.995 GMT+2
Etiketak: ikasketak eusko-jaurlaritza hezkuntza-saila dantzan-ikasi | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2011/04/18 09:33:25.795 GMT+2

Ikastaroa: Haur folklore ikastaroa

Haur folklore ikastaroa
Emilio Xabier Dueñas, Josu Erramun Larrinaga

Data: Uztailak 2, larunbata
Ordutegia: 09.30 – 13.30 eta 15:00 – 19:00
Lekua: Elgoibarko Musika Eskola (Aita Agirre Plaza, 20870 Elgoibar)
Ikastaroaren prezioa: 30 €
Izena emateko epea: Ekainak 19

Haur folklore ikastaroa
Haur folklore izenaren azpian, tradiziotik jasotako jarduera multzo bat bildu dute Josu  Erramun Larrinagak eta Emilio Xabier Dueñas-ek ikastaro honetarako. Material horietako asko gazte eta helduen eremukoak ziren, baina ikusi da haurrei zenbait balio transmititzeko tresna eraginkorrak izan daitezkeela. Batetik folklorea, jai egutegia, mitologia eta hizkuntza, janzkera eta osagarriak maila teorikoan landuko dira. Bestetik, praktikoki landuko dira beste zenbait atal: musikarik gabeko jolasak, musika duten jolasa, jolas-dantzak eta dantzak.

Ermua-Sin titulo-3-rek-500p

Folklore ikastaroa izango da honako hau, eta hitzak aurreratu bezala, kultura tradizionala modu irekian izango du aztergai. Beraz, ikastaroan landuko diren edukien artean dantza ez da osagai nagusi eta bakarra. Gaur egun disziplinak garbi mugatzeko joera badugu ere, tradizioan ez dira hain gordin marraztuta aurkitzen. Jolas batek noiz uzten dion jolas izateari dantza izateko, edo kantu bat eta dantza baten arteko bereizketa muga non finkatu daitekeen egungo ikuspegi mugatzaileak eragindako kezkak dira. Folklorean aurkitzen ditugun hainbat jarduera jolasa, jokoa, dantza, kantua, musika edo festa diren zehaztea zentzurik gabe lana da.

Emilio Xabier Dueñas (Barakaldo, 1959) Emilio-foto-500p
Folklore ikertzaile eta dibulgatzaile hau Eusko Ikaskuntzaren folklore saileko presidentea da gaur egun. Besteak beste inauteriak, Adunako azeri-dantza, Aramaioko jai-ohiturak, dantza taldeen dinamikak, ahozko transmisioa eta tradizioa edo eta Bizkaiko mendebaldeko eta Kantabriaren ekialdeko folklorea aztertzen duten ikerketa lanak burutu ditu, hainbat liburu eta aldizkari berezitutan argitaratu dituenak. Joko-dantzen inguruko lan mardul baten egilea da, Bizkaiko dantza tradizionalen CD-Rom-aren testuen idazlea da eta ume eta gaztetxoen folklorea (2000) DVD eta liburuskaren egile eta editorea.

Josu Erramun Larrinaga (Barakaldo, 1958) Josu-foto-500p
Soziologoa eta irakaslea da Josu Erramun Larrinaga, eta folklore alorrean hainbat ikerketa eta dibulgazio lan burututakoa azken hamarkadetan. Euskal Herriko gazte-elkarteen, Bizkaiko jaien eta umeen, eta Sakanako folklorearen inguruko liburuak argitaratu ditu, eta inauterien eta Bizkaiko dantza tradizionalen inguruko lanetan parte hartu du. Dantza eta folklorearen inguruko hainbat ikastaro zuzendu eta eskaini ditu, eta hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere lanak.



Nork: DantzanIkasi.2011/04/18 09:33:25.795 GMT+2
Etiketak: emilio-xabier-dueñas ikastaroak josu-erramun-larrinaga dantzan-ikasi haur-folklorea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2011/04/18 09:15:23.786 GMT+2

Ikastaroa: Dantza eta musika: zenbait oinarri eta kontzeptu

Dantza eta musika: zenbait oinarri eta kontzeptu
Sabin Bikandi
Aiko taldea


Data:
maiatzak 21
Ordutegia: 10:00 – 13:.00
Lekua: Dantzagunea (Arteleku - Kristobaldegi, 14, 20014 Donostia)
Prezioa: 15 €
Izena emateko epea: maiatzak 11

Dantza eta musika: zenbait oinarri eta kontzeptu
Dantza eta musika txanpon beraren bi aurpegi direla esan daiteke, baina dantzarion eta musikarion jardunari begiratuta, batzuetan pentsa liteke bi hizkuntza erabat desberdin eta arrotz darabiltzagula. Dantzarion egunerokoan, dantzan eta dantzaren irakaskuntza ari garelarik batik bat, badira zenbait oinarri eta kontzeptu bidera ateratzen zaizkigunak. Kontzeptu horiek ez ditugu beti behar bezain garbi izaten, eta horiek landu, eta musikaren alorrarekin dantzak konpartitzen dituenak eta ez ditugunak argitzea lagungarri gerta dakiguke.

Aiko-2009-dantzan-ikasi-sabin-bikandi-patxi-laborda-007-rek-500p

Ikastaro teoriko-praktikoa izango da hau, zenbait kontzeptu eta oinarri teoriko ezagutu, ulertu eta praktikan frogatu ahal izateko aukera eskainiko duena. Dantza eta musikan maiz agertzen zaizkigun zenbait alor esplikatu, argitu eta lantzeko aukera izango da bertan. Besteak beste konpasa, erritmoa eta abiadura definitu eta ulertzen saiatuko gara, azentu musikala eta azentu koreografikoa aztertuko ditugu, anakrusa zer den eta dantzan eta musikan nola agertzen zaigu ikusiko dugu. Horiez gain dantzarion eguneroko jardunean, dantza ezagunetan agertzen zaizkigun erritmoak zeintzuk diren, nola idazten diren, nola interpretatzen diren, nola dantzatzen diren eta nola landu ditzakegun azaltzeko eskatu diogu Sabin Bikandiri: fandangoak, arin-arinak, zortzikoak, kontrapasak, ezpata-dantzak, jauziak, e.a.

Sabin Bikandi
Goi mailako musika irakaslea eta Etnomusikologian Doktorea Londreseko unibertsitatean. Hainbat talde eta erakundetan aritu da irakasle edo/ta jotzaile moduan. Txistulari aldizkariko zuzendaria izan zen (1992-1995). 2010-05-30_Ezpalak-Eibar-Musikuak-IZ-8310-sabin-bikandi-300p Konpositore gisa, txistu eta tradiziozko musika inguruan hainbat musika lan idatzi eta moldatu ditu. Gaur egun, Bilboko udaleko danbolinteroa da eta Aiko taldean dantzaren transmisioan eta dibulgazioan ekarpen esanguratsuak egiten ari da azken urteotan.

Helduen dantza irakaskuntzan eta dantza-zaletasuna indartzeko ekimenetan buru-belarri ari da Aiko, eta hainbat herritan ikastaroak eta dantzaldiak eskaintzen ari dira Dantzaldi Ibiltaria programarekin. Aiko taldearekin berarekin hainbat argitalpen burutu ditu azken urteotan, Urraska dantza-jauzien KD, DVD eta liburuska, Maritzuli konpainiaren Aurrez-aurre ikuskizuneko musika, edo Kobreik! dultzaina doinuen diska Asier Gartziarekin besteak beste.


Nork: DantzanIkasi.2011/04/18 09:15:23.786 GMT+2
Etiketak: dantzan-ikasi ikastaroak sabin-bikandi aiko-taldea dantza-eta-musika | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (2)

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak