2008/04/28 12:57:31.560 GMT+2
Badatoz gure herriko Jaiak eta hauekin batera, urteko ekintza-sorta on bat abiatzen zaigu:
- MARIREN JAITSIERA: datorren ostiralean 20:00etan egingo dugu azken ensaioa Plaza azpian eta 22:00etan elkartuko gara Plazan bertan. Iaz parte hartze errekorra hautsi genuen 100 dantzaritik gora bilduz eta aurten gehiago izango garela kalkulatu dugu, egindako ensaioen arabera. (Berri gehiago, iazko Beasaingo Jaietan: Mariren jaitsiera hamaseigarrenez ).
- AGINTARIEN SOKADANTZA: datorren igandean 4ean ospatuko du herriko Udalbatzak legegintzaldi honetako lehena, zinegotzi berrien estrainaldiarekin. (Berri gehiago, iazko Beasaingo Jaietan: agintarien dantza-soka hamargarrenez )
- HELDUEN SOKADANTZA: urteroko moduan, hurrengo asteartean, maiatzak 6, 19:00etan.
- TALOEN SALMENTA eta TXOZNA: Taloak Igandean, maiatzak 4, egongo dira Zubimusu plazan, arratsaldeko 17:00tatik 22:00etara. Txozna, jai guztietan zehar, Txoznen gunean.
Gainera, astelehena 5ean eta asteartea 6ean, herriko haurrek San Martinen Prozesioan dantzatuko dute Loinazko Ezpata-dantza, eta herriko plazan Haurren sokadantza (berri gehiago iazko Beasaingo Jaietan: Loinazko ezpata-dantza aspaldidanik); eta igandea 11n, Dantza-Topaketa Ostadar taldearen eskutik.
Eta Jaien ondoren ez dugu hartuko atsedenik:
- SANJOANETAKO NESKATXEN ESKUDANTZA: aurten lehenengo aldiz, San Joan bezperako suan Ostadar eta Aurtzakako neskatxa gazteek Eskudantza berri hau aurkeztuko digute.
- IGARTZAKO DANTZARIAK: irailaren 14an izango da aurtengo hitzordua, eta ekainerako egingo dugu deialdia prestaketak hasteko.
Bi azken ekitaldi hauen berri Jaiak pasatakoan emango dugu modu zabalago eta zehatzagoan. Bitartean, ondo-ondo pasa denok.
Nork: aurtzaka.2008/04/28 12:57:31.560 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/10/25 21:07:35.367 GMT+2
20 lagunez osatutako taldea aritu gara joan den irailaren 21etik 30era bitartean Kolonbian dantzari.
Bogotako Euskal Etxeak gonbidatuta gauzatu dugu bidaia. Beraiek izan ditugu bidaia guztian lagun eta gidari, eta beraiek antolatu dituzte eskeinitako dantza emanaldi guztiak.
Bogota hirian egon gara egun gehienetan eta bertatik eguneko irteerak eginez gauzatu ditugu emanaldiak.
Hau da gure egonaldiaren kronika txiki bat.
Irailaren 21ean iritsi ginen Bogotara. Aireportuan zain genituen Euskal Etxeko zenbait kide, gurekin hara eta hona ibiliko zirenak bertan geunden egun guztietan.
Irailaren 22an hiriko zenbait gune garrantzitsu ezagutu genituen: Montserrate, Candelaria Auzoa, Hirigunea, Urrearen museoa, Boteroren museoa...
Irailaren 23an lehen dantza emanaldia Zipaquira Herriko (120.000 biztanle) Udal antzokian. Emanaldiaren aurretik bertako gatzezko Katedrala ezagutzeko parada izan genuen (gatz meategien barruan eginikoa), baita herriko plaza ederra ere, non harriduraz ikusi genuen ikurriñak bazuela bere lekua; 2005 urtean Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Lehendakaria buru zuela, bertan egon zen eta somatu genuenez egun hori pertsona askok dute gogoan. Gure emanaldia ere gogoan edukiko dutela esperoan gaude, oso ondo joan bait zen eta txalo zaparrada haundiz bukatu genuen gure ordubeteko dantza saioa.

Irailaren 24an Euskal Etxea ezagutzeko aukera izan genuen eta hiru egunetara bertan eskeintzekoak ginen emanaldia pentsatu eta egokitzeko aukera izan genuen. Bogotan bertan zer ikusirik bazegoenez oraindik, zenbait ordu ere lan honetan eman genituen.
Irailaren 25ean eguerdi partean Cundinamarcako Gobernación-en eskeini genuen emanalditxo bat. Gure Foru Aldundiaren pareko Erakundea da eta bertan probintzia osatzen duten 116 herriek bere ordezkaritzak dituzte; guztien artean gure dantza taldea aritu zen dantza saio txukun bat eskeintzen. Zenbait opari jasota eta lagun ugari eginda atera ginen bertatik.
Jarraian Mosquera herriruntz abiatu ginen (70.000 biztanle). Bertan ospatzen zuten XIII. Aste kulturalaren barruan dantzatu behar genuen herriko dantza talde batekin batera. Iritsi bezain pronto zain genuen bertako Udaleko langile batekin, Udaletxea bera eta Kultur etxea ezagutu genituen. Bertako dantza irakaslearekin egoteko parada izan genuen eta berak Kolonbian dantzatzen diren erritmo ezberdinen erakustaldi txiki bat eskeini zigun, folklore eta dantza tradizionalaren aldetik Kolonbiak duen aniztasuna erakutsiz. Berak aitortu bezala, gogo haundiz espero zuten gure dantza emanaldia, eta honela aritu ginen herriko plaza nagusian lehendabizi gure dantzen erakustaldia eskeiniz, eta jarraian, bertako taldea zenbait pieza alai eta koloretsuekin. Emanaldi polita eta jendearen gustokoa izan zela esango genuke. Herriko alkatea egon zen bertan eta opari trukaketa eginda bueltatu ginen Bogotara merezitako atsedena hartzera.
Irailaren 26an Bogotá hiriko kaleetan gora eta behera ibiltzeko aukera eduki genuen eta horrelako hiri erraldoi baten eguneroko martxa nolakoa den ikustekoa ere.

Irailaren 27a. Gogo haundiz eta ilusioz espero genuen eguna, Bogotako Euskal Etxearen inguruan egin behar genuen emanaldia. Inguruan diogu zeren Euskal Etxea Gernika izena berreskuratu berri duen parkera irekitzen da eta ingurua ikusita gure emanaldia parke honetara zabaltzea pentsatu genuen, Euskal Etxea eta bere inguru guztia gure doinu eta dantzekin hartuz eta zergatik ez, gure kulturarekin bateginez. Horrela, arratsaldeko 18:00 puntuan hasi genuen gure ibilbidea parkean zehar zenbait dantza eskainiz. Hasiera batean Euskal etxeko ordezkari eta lagunak bazeuden ere, ekitaldia aurrera zihoan heinean pertsona ugari hurbildu ziren bertara eta han geunden guztion pozerako izugarrizko jakin mina sortu zen Euskalerriaren, Gernika parkearen, Euskal Etxearen, eta gure dantzen inguruan. Kanpoko ekitaldia amaitzeko Euskal Etxearen sarreran arkua egin genien bertan lanean aritu eta proiektua gauzatzea lortu dutenei. Euskal etxearen barruan berriz, zuzendaritza taldeari eta bertan zeuden guztiei dantzari batek Agurra dantzatu zien. Ekitaldi formala bukatzeko opari trukaketa bat egin genuen eta alde bateko eta besteko esker oneko hitzak entzun ondoren, mokadutxo bat jateari ekin genion, eta nola ez, kantatzeari eta zenbait dantza dantzatzeari. Benetan une polita eta ahaztezina han bildu ziren euskal jatorria zuten guztientzat, beraien lagunentzako eta guretzako ere bai.
Irailaren 28an dantza eta beste zenbait ekintza uztartzeko eguna. Goizean Fusagasuga herrira joan ginen “Hacienda Coloma” kafetala ikustera. Kafea landatzen denetik komertzializatzen denera arte jasaten duen prozedura nolakoa den ikusi ahal izan genuen. Oso polita eta bitxia iruditu zitzaigun ezezagunagatik eta ingurua ikusteak soilik merezi zuelako harutzainoko bidaia.
Arratsaldeko 17:00etan Cundinamarcako Unibertsitateak Chia herrian duen eskolan dantza emanaldia eskeini genuen. Oso antzoki dotorean eta ikasle eta irakasleen aurrean aritu ginen. Oso ondo hartu gintuzten eta haien txaloak entzunda gure saioa gustokoa izan zutenaren ustean gaude. Gurekin batera Unibertsitateko dantza taldea aritu zen Kolonbiako dantza tradizionalak eskeiniz. Hemen ere opari trukaketa egin genuen eta guztiari amaiera emateko kolonbiarrak eta euskaldunak, guztiak nahastuta aritu ginen Kolonbiako zenbait erritmo dantzatzen edo gutako batzuen kasuan, dantzatu nahian.
Hemendik Bogotako Challenger enpresaren lantegira abiatu ginen. Han gure zain zeuden bertako langile eta hauen familiartekoak. Ospatzen ari ziren festa batetan dantzatzera gonbidatu gintuzten. Lekua txikia izaki eta bertan bildutakoak dexente, dantzatzen genuenari buruz hitzegiten genuen, eta jendearen hurbiltasun horrek ere oso gustora sentiarazi gintuen bertan. Oso ondo hartu gintuzten eta momento hartaz guztiok gordetzen dugu oroitzapen bitxia.
Irailaren 29an Bogota utzi eta Guavio eskualdera abiatu ginen. Nahiz eta oso urruti ez egon (100 km gutxi gora behera) bidaia luzea suertatu zen; mendiko bidea, asfaltatu gabekoa… bost orduko bidaiaren ostean iritsi ginen Gama herrira. Bertako alkateak Udaletxean hartu gintuen; herria eta eskualdeari buruzko zenbait argibide eman ondoren, herrian zehar lagun izan genuen gidari gisa. Bazkaldu ostean Dantza emanaldia eskeini genuen herriko antzokian. Gurekin batera herriko dantza taldea eta Los Llanos Orientales eskualdeko dantzari batzu ere aritu ziren, berriz ere folkloreari dagokionez, Kolonbiak duen aberastasuna eta aniztasuna erakutsiz. Adiskidetasun giro polita sortu zen emanaldian. Opari trukaketa batekin amaitu zen ekitaldia. Harrigarria egin zitzaigun jendeak dantza emanaldia ikusteko zuen gogoa eta nolako poza adierazten ziguten emanaldia eskeini behar genuelako.
Berriz ere autobusez ordubete inguruko bidaia egin ondoren Gachala herrira heldu ginen gure azken Dantza emanaldia eskeintzera. Hemen ere bertako dantza taldea aritu zen gurekin batera herriko plaza nagusian, eta berriz ere jendeak oso ondo hartu gintuen eta txalo ugariz saritu zuen emanaldia.
Ezin aipatu gabe utzi hain urruti eta era berean hain gertu zeuden herri hauetan jaso genuen harrera ez zaigula erraz ahaztuko eta guretzako oso esperientzi polita eta aberatsa izan dela horrelako eskualde apartatura gure kulturaren zati bat eramatea, han ere ezagutu dezaten.
Gachalan bertan hartu genuen ostatu egun luze, neketsu, eta betearen ondoren.
Irailaren 30ean. Goizean goiz abiatu Bogotarantz eta 6 orduko bidaiaren ondoren, dantzako erropa eta materialak bildu, eta traste guztiekin aireportura abiatu ginen gure Kolonbiako lagunek lagunduta, bertako egonaldian bakarrik utzi ez gaituzten berberak: Jaime Almanza eta bere sendia, Rafael Yepes eta Gabi, Alejandro Cadena, Patxi Espinosa, Vilma Parra, Jose Vicente Katarain, German Kaizedo,… eta beste hainbat, horren ondo hartu gaituztenak. Doakiela hemendik gure eskerrik onena.
Nork: aurtzaka.2007/10/25 21:07:35.367 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/09/11 21:57:47.575 GMT+2
Beasainen, 2007ko irailaren 9an.
Zeru urdin eta garbiak ongietorria egin zigun goizean goizetik Beasaingo Loinazko San Martin plazan bildu ginen Igartzako Dantzarien I. Eguna ospatzera bertaratu ginen dantzari zein ikusle guztiei.

Eguerdiko 12.00etan puntuan ekin genion berritasunak ematen duen ilusio eta irrikaz, plaza nagusitik Igartza monumentu multzorainoko ibilbideari. Joseba Juarez dantzaria joan zen buruzagi guztion aurretik eta jarraian joan ginen gainontzeko 60 dantzari eta 11 musikariak, baita gaztetxoak ere, ezpata-ilara luzean. Hiru kapitain nagusiak Maitane Alonso, Xabier Ruiz de Azua eta Mikel Sarriegi izan dira. Loinazko ezpata-dantzari txikien bi kapitainak ere gurekin izan genituen, Haritz Mujika eta Iñaki Cia.

Soinean eraman genituen jantziak, orain 200 urteko Beasaingo udaleko akta zaharretan deskribatzen zirenetan oinarrituak egin ditugu, eta Jaione Barandiaranek izan du ardura nagusia. Eskuartean eraman genituen ezpata luzeak, Joseba Juarezek hartutako lanei esker egin dira, garai batean Zaldibian eta Ordizian Pujanatarren garaian erabiltzen ziren ezpatak eredu hartuta, hain zuzen. Aipatu ordea, aurtengo lehen aldi honetarako ez genuela jantzi guztiak egiteko aukerarik izan eta Eibarko Kezka dantza taldeak utzi zizkigula Arrateko dantzariek erabiltzen dituzten bai soineko zuriak, bai falta zitzaizkigun ezpatak. Gure eskerrak beraz, beraiei. Ildo beretik, janzkeren inguruan emandako aholku eta bestelako laguntzarengatik ,ezin eskerrak eman gabe utzi bai Oier Araolaza, bai eta Juan Antonio Urbeltz ere.

Bide-gurutze nagusietan ezpata-zubiak eginez iritsi ginen Igartzara, eta hemen, bertako monumentu multzoko eraikin bakoitzean aurrez prestatutako dantza eta protokoloak burutu genituen, bai Oria ibaiaren gaineko zubi zaharrean bertan, nola Jauregian , Burdinolan, Ermitan eta baita Errotan ere; berritze-lanak medio, aurtengoan Dolarea Ostatuan egiterik izan ez bagenuen ere. Protokolo hau, ezpata-dantzariek behin zubia egindakoan kapitainek eraikinera sartu eta leihoa irekitzean zetzan, garai batean Igartzako jaunak jabetza aldatzerakoan egin ohi zuen gisan, hain justu.


Eskertzekoak izan ziren gu bezain partaide ziren ikusleen aldetik behin baino gehiagotan entzundako txalo-zaparradak, beraiek ere gustura zeuden seinale.

Azkenik, jauregiaren barnean amaitu genuen denok irribarre zabalak aurpegian eta guztia ongi joan izanaren lasaitasuna barnean genuela. Giro atseginean eta Beasaingo Dolarea jatetxekoek prestatutako bazkari ederrarekin eman genion amaiera Igartzako Dantzarien I. Egunari. Datozen urteetan, aurtengoak eta aurten gure artean ez ziren partaide gehiago ere animatuko direlakoan, datorren urtera arte!

Prentsaren jarraipena:
http://www.goierrikohitza.info/hitza_n.php?herria=BEASAIN&fetxa=2007-09-07&izena=p00002021&eskualdea=GOIERRI&produktua=GOIERRIKO
http://www.diariovasco.com/20070908/tolosa-goierri/baile-espadas-igartza-20070908.html
http://www.diariovasco.com/20070910/al-dia-local/danza-musica-brillo-colorido-20070910.html
http://www.diariovasco.com/20070911/tolosa-goierri/igartza-vibro-danzas-20070911.html
Nork: aurtzaka.2007/09/11 21:57:47.575 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2007/09/03 09:14:32.920 GMT+2
Dantza atsegin-iturri dugulako. Dantzari izateaz harro gaudelako. Ohiturak eta tradizioa bizirik dauden zerbait direla pentsatzen dugulako. Bizirik egoteko, elikatu eta aberastu behar ditugulako. Harria herririk gabe ezer ez delako. Herrikideei kultur ekarpen berri bat egin nahi diegulako. Poza adierazteko modu bat dugulako. Asko garelako. Beti izan garelako. Izaten jarraitu nahi dugulako. Eta dantzatuz gozatu nahi dugulako.
Igartzako Dantzarien Kofradia osatuko dugu irailaren 9an, eta gure arrazoi guztiak erakutsiko dizkiogu Beasaingo herriari eta inguratzen den edonori. Herriko plazatik Igartzara, Igartzako ingurumarian, zubia eta jauregia, errota nola burdinola, ermita zein Dolarea, denak lotuko ditugu ezpata-dantzen sokarekin, eta bilduko ditugu txistu, danbor eta musikatan, apaindura berria jantziko diogu, eta bizi berria hartuko dute aspaldiko harriek, bidexkek, zuraje eta egiturek.
Bagara 60 dantzari eta 15 musikari. Baditugu jantzi berriak prest.
Eta ezpatak, zapiak, apretak. Igandean da zita, eguerdiko 12etan plazan.
Ondoren izango ditugu sagardoa eta odolkia denontzat, Igartzan bertan. Gonbidatuak zaudete denok.
Nork: aurtzaka.2007/09/03 09:14:32.920 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
2007/07/05 10:30:34.565 GMT+2
Uztailaren 14an Kroaziarako bidean jarriko gara, Zagrebeko 41. Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartzeko asmoz.
Jaialdia uztailaren 18an hasiko da. Kroazia eta auzoko herrialdetako 20 folklore-taldez gain, atzerritar 10 dantza-taldek parte hartuko dugu 5 egunetan zehar luzatzen den Jaialdi honetan. Egunero bi edo hiru dantza emanaldi aurkezten dira, eta gauero, abesbatza eta musika taldeen kontzertuak izango dira.
Guzti honekin batera, eskaintzen diren musika eta dantza tailerrak interesgarriak izateko itxura daukate, eta tartean erakutsiko dituzte Bosnia Herzegobinako Kroaziarren bitxi tradizionalen bilduma Zagrebeko Museo Etnografikoan, edota Jaialdiaren aurreko 40 urteetako DVD emanaldia.
Dance with us! izeneko dantza-tailerra Francis Feybli suitzarrak zuzenduko du, 70.eko hamarkadan europar musika eta dantza tradizionalaren biltzaile eta zabaltzailea.
Linda Tsardakas-Grimm eta Klaus Grimmen eskutik, berriz, aukera ezinobea izango dugu hainbat herrialdetako (Eskandinabia, Alemania, EEBB, Kanada, Hego-Ekialdeko Europa) bai borobilean, bai bikoteka dantzatzen diren dantzak ikasteko.
Musikari dagokionez, Indiako sarod eta tabla izeneko instrumentuen erabilera, Indiar musikaterapia (Avijit Ghosh), eta Kapla abestien tailerrak eskainiko dira.

Gure taldea, bertakoez gain, Bulgaria, Grezia, Georgia, India, Italia, Kamerun, Hego Korea, Malawi, Norbegia, Eslobenia eta Turkiako dantza taldeekin batera arituko da. 30 zein 10 minutuko emanaldiak egingo ditugu eta Euskal Herriko lurralde gehieneko dantzekin osatuko ditugu: ezpata-dantzak, soka-dantza, dantzari-dantza, brokel dantzak, Luzaideko bolantak, Lapurdiko makil-txikiak, erromeria-dantzak eta Zuberoko maskarada zatiak txertatuko ditugu moldaketa desberdinekin.
19 lagunek bidaiatuko dugu, horietatik bost musikariak.
Zagrebeko 41. Nazioarteko Folklore Jaialdiari buruzko informazioa hemen.
http://www.msf.hr/Smotra2007/En-index2007.htm
Nork: aurtzaka.2007/07/05 10:30:34.565 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (3)
| Errenferentziak: (0)
2007/06/28 22:13:59.167 GMT+2
Orain hilabete inguru jakin genuen gure herriak, Beasainek, bazuela Euskal Herrien arteko Jokoetan ordezkaririk. "Xiba Jokoak" izenarekin ezagutzen dira, herri-kirolak, dantza eta jolasak uztartzen dira bertan, eta Bergaran jokatu zen Gipuzkoako kanporaketa, zortzi herriren artean, 4. edizioa ospatzen ari den honetan.
Tartean zegoen, esan bezala, Beasaingo taldea, eta baita emaitza ona lortu ere, bere lehen partehartzean. Hirugarren postua eskuratu zuten sailkapenean, eta modu honetara Euskal Herriko finalerako lekua lortu zuten.
Bada, inor gutxik jakingo du Beasainen, "kirolari" talde hau gure dantza taldeko partaidez osatua dagoela. Honenbestez, beste behin erakutsi ahal dezakegu, dantzariok (edota musikariok!) kirolari txukun eta bikainak ere bagarela. Eta era honetako froga "konbinatuetan" ongi bezain ongi moldatzeko gauza garela.
Mota askotako bederatzi proba egin behar izan zituen talde bakoitzak, herri-kirolak, mahai jokoak, jolasak eta dantza tarteko.
Gure taldeak lehiaketa orekatua eta erregularra burutu zuen. Lehenengo bi saioetan, altxaketan eta xiba jokoan, motelen jardun ondoren, mus jokotik aurrera punta-puntan ibili ziren. Musean bigarren geratu ziren, Zizurkilen atzetik; baita dantzan ere, Hernaniren segidan, sailkapen orokorrean berebiziko garrantzia izango zuten bi puntu gutxiago lortuz. Birletan nagusitasuna erakutsi zuen Beasainek, aurrena eginez. Herri-kirolen artean buruan ibili ziren, sokatiran lan aipagarria eginez.
Asteburu honetan da Euskal Herriko finala Zuberoan, Idauze Mendiko EHZ Festibalaren barruan. Gure azkenaldiko ensaioak ere "konbinatuak" izan dira eta balioko al dute zerbaiterako. Animo eta ondo pasa gutxienez.
Sailkapeneko argazkiak hemen:
http://picasaweb.google.com/aurtzaka/XibaJokuak?authkey=UJjCjbuJegI
2007.06.30:
TXAPELDUNAK IDAUZE-MENDIN!!!!!!!!!
zorionak

Nork: aurtzaka.2007/06/28 22:13:59.167 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2007/06/14 03:15:20.665 GMT-4
Aurtzaka dantza taldeak Beasaingo Igartzaren inguruan Dantzarien Kofradia bat osatzeko deia egin du.
Horretarako, datorren irailak 9an Igartzan bertan ospatuko den Dantzarien Eguna prestatzeko aurkezpena egin genuen joan den asteartean, Udaletxeko Batzar aretoan, Beasain inguruan gaur egun, edo aurretik, dantzari edota txistulari izandako guztiei zuzendua.

Bertan azaldu genituen gure proposamenaren gorabeherak, Eibarko Kezka dantza taldeko kide Oier Araolaza eta Igartzako Batzordeko Juantxo Agirreren laguntzaz. Oier Araolazak Arraten izan duten antzeko esperientziaren berri mamitsua eman zigun eta Juantxo Agirrek, Igartzarentzat honelako ekarpen batek izan dezaken interesa azpimarratu zuen, besteak beste.

Aukera
Beasaingo Igartzan zaharberritze lan interesgarria burutzen ari dela kontutan izanda, dantza alorretik egiten dugun proposamena da honako hau. Gaur egun Igartzako eraikinak berreraikitzen ari diren bezalaxe, honako hau, bere inguruan dantzaren alorreko protokolo edo erritual bat berreraikitzeko proposamena da, ondare eta ingurua aberasteko proposamen bat.
Gure ustez, Igartzako eraikin multzo historikoak aukera polita eskaintzen digu gune baliotsu bat gure eskura jartzean: espazioaren egitura oso baliagarria gerta daiteke, garai bateko dantza eta protokolo ohiturak berraikitzeko. Zenbait elementu arkitektoniko oso interesgarri dauzkagu horretarako: zubia, euskal folklorean hainbatetan erabilitako erreferentea; burdinola, ezpata-dantzen kokalekua zenbaitetan; ermita, prozesio eta dantzak...; jauregia, garai bateko jauntxoen erritualen gune; pasealekua, eraikinen arteko bide egitura...

Egitasmoaren helburu nagusiak
Beasaingo dantzari eta dantzari ohien bilgune eta eskaerari erantzun.
Beasaingo dantza tradizioa osatu eta indartu.
Igartzako multzoari balio erantsia eman. 

Egitura
Proposamena gauzatzeko egitura, dantzarien kofradia bat sortzea izango da (badira antzeko ereduak inguruan: Ordiziako Santanazaleen Kofradia, oso zaharra, eta berriagoa, Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradia).
Kofradia honetan parte hartzera deituak izan dira Beasainen eta inguruan dantzari izandako guztiak nagusiki, gaur egun aktiboan egon ala ez.

Eguna: 2007ko irailak 9, igandea. (Igartza Auzoko Jaien testuinguruan, iraileko bigarren igandean, hain zuzen ere).
Urtero ospatuko den Egun hau, bi urtean behin, deialdi zabala burutuz egingo genuke, beasaindar dantzari guztion eguna bezala. Txandakako urteetan, eredu honi jarraitzen dion kanpoko talde bat gonbidatu nahi genuke, gurekin batera dantzatzeko.
Honen berri eman dute:
http://www.goierrikohitza.info/hitza_n.php?herria=BEASAIN&fetxa=2007-06-15&izena=p00002009&eskualdea=GOIERRI&produktua=GOIERRIKO#
http://www.noticiasdegipuzkoa.com/ediciones/2007/06/14/vecinos/goierri/
http://www.diariovasco.com/prensa/20070614/tolosa/nuevas-danzas-igartza_20070614.html
Nork: aurtzaka.2007/06/14 03:15:20.665 GMT-4
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (5)
| Errenferentziak: (0)
2007/05/18 09:51:53.771 GMT+2
Zuzen-zuzenean Aurtzaka taldearen zeregina ez bada ere, gure taldea oso lotua dago Beasainen daukagun dantza-altxor txiki honekin, XIX. mendetik hona behinipein etenik ezagutzen ez zaion Loinatzetako ezpata-dantza eta dantza-sokarekin.
Tradizio hau beasaindar dantzarion sehaska dela esan dezakegu, eta taldekideak edo taldekide ohiak dira gaur egun dantza-maisuaren papera betetzen dutenak, betiko dantza-maisuen ildoari jarraituz.
Gaur egun haur txikiek dantzatzen badute ere (13-14 urtetik beherakoek), garai batean gazteek egiten zuten (18 urte ingurukoek). Loinatz bigarrenean (Jaietako astelehenean; aurten, maiatzak 21) dantzatzen da ezpata-dantza, prozesioarekin lotuta. Eta hurrengo egunean egiten da dantza-soka, herriko plazan. Aipatzekoa da baita ere, ezpata-dantzarekin batera herriko bandera erabiliz burutzen den Banderaren Agurra.
Badira urte batzuk, gure taldeak Loinazko ezpata-dantza bere errepertorioan sartu zuela, lehen aldiz 1999. urtean Usurbe Antzokian Gipuzkoako beste ezpata-dantzekin batera aurkeztu zuenetik.
Harrez gero, ohiko hainbat emanalditan dantzatu izan dugu, eta 2004ean estreinatu genuen Goierriko dantzen ikuskizunean txertatua geratu zen, eskualdean bildutako ezpata-dantzak dantzatzeko beste aldaera batzuen artean.
Urte berean, gure 25. urteurreneko liburuan, dantza honen eta Beasainen tradizioz dantzatu direnen azterketa sakona argitaratu genuen, Jon Ordoñezen lanari esker. Bide batez, dantzaren deskribapen zehatza ere jasoa geratu zen liburu horretan bertan. Beste ezpata-dantzekiko dituen berezitasunen artean, honako hauek aipatu ditzakegu:
- Dantzari taldea 13-16 dantzariz osatu ohi da gehienetan, baina guztiek ezpata txikiekin dantzatzen dute, buruzagiak ezik. Ez dago ezpata luzerik.
- Jazkera bereiztua erabiltzen da, osagai ezohikoenak jaka edo txaketila urdina eta gorbata gorria direlarik.
- Ezpata-dantzaren jarraian, herriko bandera dantzatu ohi da, dagoeneko oso herri gutxitan mantentzen den modura.
Esan dezakegu iazko urtean izan zuela gure dantza honek, kanporako zabaltze eta ezagutze aldi baten hasiera. Maiatzean, Eibarko Kezka dantza taldeak antolatutako Ezpata-dantzen Jaialdira eraman genuen; abuztuan Argentinan burutu genuen bidaialdian erakutsi genuen; eta irailean Bizkairako jauzia eman eta Basaurin izan ginen Gipuzkoako talde ordezkari gisa.
Joan den urteko irailean ospatu zen Basaurin, urtero egin ohi duten Dantza Agerketaren XVI. edizioa, eta hantxe izan ginen gure taldeko hainbat lagun, Beasaingo dantza hauek erakusten. Loinazko ezpata-dantza eta Banderaren agurra, alde batetik, eta Dantza-soka, bestetik. Jaialdi honetan, partaide bakoitzak norberaren tokian tokiko dantzak erakusten ditu eta horretan oso zorrotz jokatzea dute helburu.
Hemendik aurrera, aukera berriak ere izango direlakoan gaude. Bitartean, sendo darrai eta bermatua dago, Beasainen bertan, Loinatz bigarrenean bere horretan ikusi ahal izateko aukera. Datorren astelehenean da zita.
Nork: aurtzaka.2007/05/18 09:51:53.771 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
2007/05/18 09:37:52.327 GMT+2
Datorren igande eguerdian, San Martin plazan ikusi ahal izango dugu, 10. urtez jarraian, Beasaingo Agintarien dantza-soka berreskuratua.
Aurtzakaren ekimenez eta Ikerfolk-en laguntzaz, Goierri osoan udal-agintarien soka-dantzak berreskuratzeari ekin genion orain hamar urte, Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak deskribatu zituen moduan. Poliki-poliki, herriak gehitu zaizkio ekimen honi, eta une honetan, badaude honezkero sei-zazpi herri urtero egiten dutenak: Arama, Beasain, Lazkao, Legorreta, Olaberri, Ordizia edota Zegama.
Beasainen, azken datu ezaguna, 1910 inguruko argazki bat genuen, non alkatea bera dantzariz jantzita sokako aurresku gisa agertzen baita.
Aurtengoan, beste behin, soka berean lotuta ikusiko ditugu politikoki elkarrengandik oso urrun dauden herri-ordezkariak, gure ustez balio handia daukan irudi bat jendaurrean erakutsiz. Irudi hau, zoritxarrez, oso gutxitan ikusi daiteke gaurko gizarte honetan eta harrotasunez esan dezakegu, dantzaren bidez gizarteari berari eskaintzen diogun aukera polita badela, gutxienez.
Aurtengoan gainera, legealdi honetako azken saioa burutuko dute alkate-zinegotziek, eta entseguetan interes bereziz ari direla lanean ikusi ahal izan dugu. Hauteskunde kanpaina ote da? Batera edo bestera, igandean beren onenak ematea espero dugu.
Nork: aurtzaka.2007/05/18 09:37:52.327 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
2007/05/15 00:01:30.934 GMT+2
Dagoeneko egin ditugu aurtengo entseguak eta prest gaude dozenaka sorgin, jeinu ta bestelako jendilaje, Muruko Damari dantzaren bidez ongietorria emateko. Badira 16-17 urte (une honetan ez dakigu urte zehatza) Beasainen Jaiei hasiera emateko zerbait prestatu nahi, eta Arrano Elkartearen proposamena medio, Gasteizko Zeledonen ereduari jarraiki, Murumendiko tontorretik Mari Sorgina etortzen zaigula, pregoia irakurri eta jaien hasierako txupinazoa botatzera.
Horretarako, dantzaz eta kantuz egiten diogu dei, ilunabarrean herriko mutur desberdinetatik irten eta herriko plazan biltzen garen hainbat eta hainbat mozorrotutako dantzariek, eta ez hain dantzariek. Mozorroak, inauteri-giroko tradizio askotan gertatzen den bezala, gizon-emakume paperak aldatuta moldatzen ditugu, eta janzkeraren osaketa nahiko librea da. Bi dantza egiten ditugu: Oriako sorgin-dantzaren moldaketa bat, biribilean su inguruan edota era libre-antzean egitekoa; eta Loinatz abesbatzak kantatzen duen “Muruko Mari” piezaren koreografi bat, biribilean egitekoa hau ere, soka-dantza moduan.
Dantzak egiten, gure taldeko dantzariez gain, edozein herritarrek parte har dezake. Bizpahiru aste lehenago egiten da deialdia, eta entsegu txiki batzuen bidez ikasten dituzte sorgin-dantzako urrats oinarrizkoak. Hasiera hasieratik, ekitaldiari izaera ahalik eta herrikoiena ematea izan zen helburua. Lehen urteetan, 30 dantzari-partaide inguru elkartzen baginen (taldekoak eta taldeko-ohiak gehien bat), gaur egun, 100dik gora ere biltzen gara, plaza bera txiki utzirik.


Ekitaldi honen arrakasta oso handia gertatu da gure eskualdean, eta egun, Beasaingo jaien erreferente ezagunenetakoa dugu. Inguruko herri askotan ere, antzeko eredua darabilte orain festen hasieretarako: Seguran Zopa-pertzaren jaitsiera, Idiazabalen Axariaren jaitsiera, Mutiloan Txerriaren jaitsiera, Zaldibiako Gazte Festetan Arkakuso jaitsiera, etab.
OHARRA: ekitaldi honetako argazkirik apenas daukagula konturatu gara, eta irakurleon artean norbaitek baldin badauzka, eskertuko genioke bidaltzea. Mila esker.
Nork: aurtzaka.2007/05/15 00:01:30.934 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (1)
Hurrengoak