Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2013/05/12 23:37:3.086818 GMT+2

Herriko dantzariak XIX. mende bukaerako argazki zahar batean

 

Beasaindar dantzari-txikiak Donibane Lohizuneko 1897. urteko jaialdi entzutetsuan.

 

Arg1. Beasaingo dantzari-txikiak jardunean, Donibane Lohizune, 1897. Egile ezezaguna [Iturria: Baionako Euskal Museoa].

 

Joan den martxoaren 13an dantzan.com atarian argitaratu zuten argazki zahar hau (Arg1), Brokel-dantza bat Arrasaten 1845 urtean albistearen osagarri. Baionako Euskal Museoan jasota zegoela azaltzen zuen. Lehen kolpetik eman zigun atentzioa. Dantzari horien janzkera gure Loinazko dantzarien berbera da, galtza zuri belaun arterainokoak, eta batez ere, jaka edo “txaketila” motz horiek oso bereizgarriak ditugulako gure herriko dantzarietan. Argazkiaren datuak eskatu genizkion orduan Oier Araolaza adiskideari, eta nahasiak zirela esan zigun. Argazkia 1900 inguruan Baxenabarren ateratakoa eta zuberotar dantzari batzuena izan zitekeela, baina bere ustez, Gipuzkoa edo Bizkaikoa izateko itxura handiagoa zuela.

Guk berehala lotu genuen Xabier Itçaina iparraldeko folklorezaleari orain urte batzuk jasoa genion aipamen batekin, mende sasoi hartan beasaindar dantzariek Lapurdin egina omen zuten dantza erakustaldiren batekin, hain zuzen ere. 

Bi hari mutur hauek lotzeko egin dugun lehen azterketaren berri azalduko dugu honako idazki honen bidez. 

Argazkiko datu katalografikoek zera diote: Nafarroa Behera, plaque de verre photographique, Danseurs souletins, Mascarade (1900). 

Gure ustez, janzkeraz aparte badago dantzariak zuberotarrak ez direla pentsatzeko arrazoi gehiago, musikarien osaera esate baterako. Bi danbolintero eta atabalariaz osatutako hirukotea ohikoagoa zen hegoaldean. Dantzarien banaketak ere gipuzkoar dantzen antz handiagoa adierazten du.

Argazkiaren atzealdean agertzen den etxeari esker, ekitaldiaren kokapena baieztatzeko modua ere izan dugu. Gaur egun, inguru guztia oso eraldatua dagoen arren, etxe hori ia bere horretan mantentzen da La Corderie kalean, Donibaneko Kasinoaren ondoan dauden Maurice Ravel plaza eta Martin de Sopite kalearen tarte horretan (Arg2, Arg3). “Ongui ethorri” izena du eta La Corderie kaleko 2. zenbakiduna da.

 

Arg2. La Corderie kalea 1897

Arg3. La Corderie kalea 2009 [Iturria: Google]

 

Datari dagokionez, urte haietako Eskualduna aldizkariak eskaintzen dizkigun kronika zehatzei esker jakin ahal izan dugu, 1897ko Donibane Lohizuneko Euskal Jaietan beasaindar dantzariak izan zirela bertan:

«...les danses héroiques et traditionelles du Pays Basque-espagnol ont eu leur succès habituel, non-seulement avec les jeunes gens de Beasain qui figuraient au programme...».

Jai horien esku-egitarauak (Arg4) erakusten digu abuztuaren 15ean «...Exécution de la danse national Aurrescu...» egitekoak zirela, eta abuztuaren 16an berriz, «...Danses heroïques et traditionnelles du Pays Basque-espagnol...». Biak ala bietan ere «...exécutées par les jeunes danseurs de Beasain...» zehazten du (Arg5, Arg6). Dokumentu horretan bertan, dantzen deskribapen labur bat egiten da. "Aurrescu" atalean ohiko soka-dantzaren atalak azaltzen dira, eta "danses heroïques" delakoan, brokel-dantzen sailean erabiltzen diren erremintak aipatzen dira -ezpatak, brokelak, makilak eta zahagiak- besteak beste.


 

Arg4. Euskal Jaien esku-egitarauaren 3. or., Donibane Lohizune, 1897. [Iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea]

 

 

Arg5. Egitarauaren 8. orrialdea

 

 

Arg6. Egitarauaren 9. orrialdea [Iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea]


Honenbestez, argazkiko dantzariak Beasaindik joandakoak zirela ziurtatu dezakegula uste dugu.

Dantzari taldearen aurrean, kapitainaren figura agertzen da, eta haiekin alderatuta, janzkera eta dantza-urrats desberdinak erakusten dizkigu. Gainera, zaharragoa dirudi. 

Jakin badakigu, Beasaingo udal-aktei esker, 1896tik aurrera  herriko dantzarien irakaslea Justo Irastortza “Morroko” ordiziar dantza-maisua izan zela. Garaitsu horretan, Iztueta eta Olano zaldibitar dantzari ospetsuen jarraitzaileetako bat da Justo, Jose Lorentzo Pujana ezagunagoarekin batera. Oso litekeena da beraz, argazkietan agertzen den buruzagi edo “kapitaina”, Justo Irastortza dantza-maisua izatea.

Halaber, argazkian agertzen diren txistulariak beasaindarrak izan daitezkeela pentsatzen laguntzen digute Joxe Zufiaurrek bere Beasaingo Musikak liburuan jasotzen dituen datuek. Urte horiexetan osatu baitzen Beasaingo lehen udal danbolinteroen banda ofiziala. Lehen danbolintero Joan Viktor Zabalo-zuazola Rezusta zen, 1850ean “Kantoikoa” izeneko etxean (“Barras doradas”) jaiotako zapataria. 1865. urtearen erdialdera hasi omen zen herriko txistulari-lanetan. 1894an, Udalak beste bi lagun ere bil zitzala eskatu zion, 1. txistulariaz, 2. txistulariaz eta atabalariaz osatutako banda formala egiteko asmoz.

Beraz, oso litekeena da, argazkietan ikusten diren hiru musikari horiek, Beasaingo lehen udal txistularien banda osatu zutenak izatea.

Orain arteko datu hauekin, ezin dugu ziurtatu zein egunetako saioari dagokion argazkia, abuztuaren 15eko igandeari ala 16ko astelehenari. Ez eta zein dantza egiten ari ote diren, nahiz eta ikusten den ezpata edota erremintarik gabe ari direla.

Orain arte ezagutzen genuenagatik, beasaindar dantzarien ohiko errepertorioan sartzen ziren Loinazko ezpata-dantza (San Martin Loinazkoaren prozesioarekin batera egiten dena) eta soka-dantza, baina ez geneukan brokel-dantzen ziklokoak Beasainen sekula ikasi zituztela esateko daturik.

Berez balio handikoa deritzogun argazki honi esker, berri guzti hauek ezagutu ditugu eta bere horretan ezagutzera eman nahi izan ditugu, duten interesagatik. Hala ere, gure asmotan dago, datu guzti hauek osatu eta aurrerago, ekarpen osoagoa egin ahal izatea, ondo bidean. 

Eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu dantzan.com atariari eta Oier Araolazari, Baionako Euskal Museoari (Elisabeth eta Audrey) eta Beasain Jaietan aldizkarikoei, eskainitako laguntzagatik.


Beasain, 2013ko apirilak 11

Joxalberto Andres Zurutuza
Mikel Sarriegi Etxezarreta

(Artikulu hau 2013ko maiatzaren 11n argitaratu da Beasain Jaietan 2013 aldizkarian).
 
Bibliografia:

DANTZAN.COM, Brokel-dantza bat Arrasaten 1845 urtean, [sarean], .

ESKUALDUNA: JOURNAL BASQUE-FRANÇAIS, Les Fêtes de St-Jean-de-Luz (prentsa kronika), Euskalduna, 561 zbka., 1897 (abuztuaren 20a), Bayonne : Imp. A. Lamaignère, 1887-1994.

La Tradition au Pays Basque : Fêtes Internationales de la Tradition Basque : Ville de Saint-Jean-de-Luz (programme illustré), Paris ; Saint-Jean-de-Luz : (Ligugé; Vienne; Saint-Martin), 1897.

ASKOREN ARTEAN, Dantza Beasainen : Aurtzakak 25 urte, BEASAINGO PAPERAK ; 12, Beasain : Beasaingo Udala, 2004.

ZUFIAURRE GOYA, Josetxo, Beasaingo musikak, BEASAINGO PAPERAK ; 14, Beasain : Beasaingo Udala, 2006.

 

 

 

 

Nork: aurtzaka.2013/05/12 23:37:3.086818 GMT+2
Etiketak: brokel-dantza justo-irastorza beasain dantzari-txiki 1897 gipuzkoa euskal-jai donibane-lohizune loinatz | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2013/05/09 20:37:6.902121 GMT+2

Ezpata-dantzak Andaluzian

Javier, Manuel, Pepe, Evaristo, Juan... ez daude pozik. Hermandad-eak erabaki du hurrengo danzadoreei lekua utzi beharra dietela eta erretiratu egin behar izan dute. 30 urte ondoren. Beren ordezkoei begira daude, elizara sartzen diren momentuan. Azala oilo ipurdi. Ez dakite zer egin behar duten erromeria egunean, lehen aldiz suertatuko dira une horretan egitekorik gabe. Hutsunea handia omen da.

Javier kezkatuta dago, danzadore gaztetxoek ez dituzte urratsak behar bezala egiten, eskailerak igotzerakoan nahasian dabiltza, eta ez omen dute behar hainbateko hausporik. Bera haur zenean, Peñako Erromeria bitartean ez zuen errekreorik ezagutzen eskolan.  Atsedenerako 30 minutuak dantzatzen pasatzen zituen bere taldekideekin batera, eguna joan eta eguna etorri prestaketan, hutsik gabe.

Horrela bizi dute gure Pueblako lagunek ezpata-dantzari izatea zer den. Horrela erakutsi digute zer esanahi duen haien bizitzan danzadore izateak. Peña-ko ermitan gure dantzak ikustean, berdin-berdin jarri omen zitzaizkien kirioak dantzan. Ezpatak eskuan, elizaren atea zeharkatu eta xirularen doinupean pasabidean aurrera egiteko momentu horrek indar berezia dauka, bai haientzat, bai guretzat ere.

Bi egun bakarrik egin ditugu elkarrekin, baina nahikoa izan da agurtzerakoan malkoak gertu jarri arazteko.

Herriko erdigunean ezpata-dantzarien omenez altxatutako estatuan, zerbaitegatik dager: "Danza de las espadas, que enardece el ánimo y hechiza la voluntad de Puebla de Guzmán".

 

Apirilak 19an, ostiralean iritsi ginen Pueblara. “XVI Encuentro de Tamborileros de Puebla de Guzmán” Jaialdiaren barruan, ordubeteko dantza-saioa eskaini genuen gauean iritsi eta berehala. Igartzako kofradiakide garen 28 lagunek bidaiatu genuen, dantzari eta musikarien artean.

Hurrengo egunean, "Virgen de la Peña"ren Erromeriko Jaietarako Pregoia ezagutu genuen. Asteburu osoan, Erromeri horretarako prestaketak egiten dira. 10 egunez, urteko maiordomoek kontratatutako “tamborilero” ofizialak goiz-eresiak jotzen ditu herriko kale eta etxeetan zehar, hainbat orduz. Pregoia herriko elizan irakurtzen da, eta udaletxetik elizarainoko ibilbidea segizioan egiten dute, ezpata-dantzariak buruan dituztela, agintariak eta maiordomoen laguntzarekin.

Baina herri honetako jai hauetan bitxiena, zaldien presentzia demasa da. Herritar bezainbat zaldi omen dauzkate erroldatuta. Eta ohitura benetan bitxia zera da, jaiak eta erromeriak irauten duten egun guztietan zehar, jendea norbere zaldiz ibiltzen dela, bai kaleetan zehar paseoan, bai taberna atarietan poteatzen, bai segizio eta prozesioetan. Gaueko ordu txikietan ere hau horrelaxe dela baieztatzeko aukera izan genuen.

 

Igandean, gure ezpata-dantza erakutsi ahal izateko unea izan genuen. Ama Birjinaren Ermita dagoen Peña-ra joan ginen, eta Andévalo eskualdeko bista zoragarriez inguratuta, bertako ezpata-dantzari txikien gidaritzapean Ama Birjinari eskaini genion ezpata-dantza. Ekitaldi jendetsua eta oso polita iruditu zitzaigun. Bi taldeon ezpata-dantzek dituzten antzekotasunez haratago, La Peña izeneko tontor-lekuaren indarrak Euskal-Herriko beste antzeko eszenatoki bat baino gehiago ekarri zizkigun gogora, Aralarko San Migel, Ezkioko Kizkitza, Zumarragako Antio edo Eibarko Arrate, esate baterako.

  

Ondoren, munduko urdaiazpiko onena sortzen den lurraldean ezinbestekoa den bezala, bazkari ederrarekin oparitu gintuzten, ekitaldiak den-denok zenbat gogobete gintuen komentatzen genuen bitartean.

Huelvako Andévalo eskualde hau oso aberatsa da dantzei dagokionez. 1991ko autonomi lege baten bidez sortutako “Catálogo General del Patrimonio Histórico Andaluz”ean bertako hamaika dantza desberdin dituzte izendatuak. Fandango, kriskitin eta makil-txikien dantzetaz aparte, ezpata-dantzek presentzia nabarmena dute, 5 herrietan egiten baita: Alosno, Cabezas Rubias, El Cerro de Andévalo, San Bartolomé de la Torre eta Puebla de Guzmán.

 

Javier kezkatuta dago bere seme txikiak zaldiei muzin egiten dielako eta motoak gustokoago dituelako, baina berdin zaio, badu poz handiago bat: semeak danzadore izan nahi du eta badirudi etorkizunean aitaren lekukoa hartzeko prest dagoela.

 

Mila esker gure andaluziar ezpata-kideei eta laster arte !

Argazki gehiago hemen

La Peñako saioaren bideo bat hemen

Andévaloko ezpata-dantzei buruzko artikulu argitaratu berria: Jentilbaratz aldizkarian.

Nork: aurtzaka.2013/05/09 20:37:6.902121 GMT+2
Etiketak: tamborileros ezpata-dantza encuentro aurtzaka puebla-guzman danza-espadas igartza huelva | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2013/04/17 08:43:24.865817 GMT+2

HUELVARA GOAZ

 

Asteburu honetan, Huelvako Puebla de Guzmán-era bidaiatuko dugu. Andévaloko mendialdean ospatzen den “XVI Encuentro de Tamborileros de Puebla de GuzmánJaialdian parte hartuko dugu, ostiralean hasi eta igande bitartean.

Iazko Igartzako Ezpata-dantzaren egunean herri horretako ezpata-dantzariak izan genituen gurekin, eta oraingo honetan, bisitaldia itzuliko diegu.

 

Etorritakoan, berri gehiago.

 

Nork: aurtzaka.2013/04/17 08:43:24.865817 GMT+2
Etiketak: tamborileros ezpata-dantza encuentro aurtzaka puebla-guzman danza-espadas igartza huelva | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2013/01/19 16:07:26.666000 GMT+1

San Joan San Telmon

Plaza ederra “deskubritu” genuen joan den urtarrilaren 12an Donostian. Gure taldeko Mikel Sarriegik emandako hitzaldian neskatxen esku-dantzaren nondik norakoak azaldu ondoren, dantzaren zati bat San Telmo aurreko Zuloaga plazan erakutsi genuen Sortutakoak Tradizionala programaren barruan.

Udako solstizioaren ordez negukoari egokitu genion ospakizuna. Gertu geneukan itsasoa, uraren presentzia, eta gertu landaretza, Urgulleko mendian. Sua, entzule eta ikusleek jarri ziguten, eta airea geuk jartzen saiatu ginen.

Plazako bi eraikinek, Museoaren aurrealde zaharrak eta eranskin moderno berriak, borobildu ziguten eszenategia, zaharra eta berria txertatzearen diskurtsoari erreferentzia indartsua eskainiz. Plazak berak akustika bikaina daukala ere baieztatu ahal izan genuen, neskatxen Sanjoan kantei ederki lagundu bait zien.

Ondoren, beste proiektu eta dantzak ikusteko aukera izan genuen eta alde zaharrean bertan bazkaldu genuen elkarrekin.

Mila esker Dantzaguneako arduradunei eta bertaratu ziren guztiei !!!

Honatx argazki batzuk gehiago (Iñaki Erauskin eta Koldo Bidekietarenak): https://picasaweb.google.com/aurtzaka/SanJoanSanTelmo?authkey=Gv1sRgCL2Y-uXW2dH1CA

Dantzaren bideoa hemen

Prentsan:

http://www.diariovasco.com/v/20130112/tolosa-goierri/eskudantza-chicas-creada-mikel-20130112.html http://www.diariovasco.com/v/20130115/tolosa-goierri/exitosa-eskudantza-telmo-20130115.html

Nork: aurtzaka.2013/01/19 16:07:26.666000 GMT+1
Etiketak: sortutakoak san-telmo aurtzaka neskatxena dantzagunea esku-dantza san-joan aurkezpena | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/12/28 18:13:10.036000 GMT+1

Hitzordu bikoitza San Telmo Museoan

Hurrengo bi asteotan bi bider izango gara Donostiako San Telmo Museoan. Bietan ere, taldeko nesken eskutik.

ATONDUren 20 URTE

Abenduaren 30ean, eguerdiko 12etan, Ikerfolk-eko ATONDUk "Hogei Urte Atontzen" aurkeztuko du. Urte hauetan zehar diseinatu dituen jantzi guztien artean, gure taldekoen neskenak ere egongo dira. Argazkiak, bideoak eta azken 20 urteotan garatu den ekimenari buruzko xehetasunak azalduko dira desfilea egiten den bitartean.

Ikus hemen

 

NESKATXEN ESKU-DANTZA

 Urtarrilak 12an, eguerdian baita ere, Dantzaguneak antolatutako 2012ko Sorkuntza dantzen erakusketa izango da, eta Mikel Sarriegik Beasaingo Neskatxen Esku-dantza aurkeztuko du, “Tradizionala” atalean. Dantzaren eta erritualaren sorrera bidea azalduko ditu hitzaldi labur batean eta jarraian, osagarri moduan , taldeko neskatxen ordezkaritza batek dantzaren agerpen laburtu bat eskainiko du San Telmo aurreko plazan bertan.

Gure blogean 

Nork: aurtzaka.2012/12/28 18:13:10.036000 GMT+1
Etiketak: ikerfolk aurtzaka atondu beasain neskatxen-esku-dantza san-joan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/11/24 21:16:51.381000 GMT+1

DANTZASOKA BAT FUSILATUEN OMENEZ

1936ko uztailak 28a gau odoltsua gertatu zen Beasainen. Diotenez, Gipuzkoako lehen fusilatuak gure herrian izan ziren, Nafarroatik sartu ziren tropa altxatuek eraginda.

Herritar talde baten ekimena medio, eskultura bat jarri zen kalean joan den azaroaren 10ean Beasainen gerraren biktima zuzenak izan ziren haien omenez, eta aurkezpen ekitaldian parte hartzeko eskatu ziguten dantza-taldekooi.

Herriko agintarien soka-dantzan erabiltzen diren herriko zapi zuriak hartu genituen sinbolikoki herria ordezkatzeko eta omenduak sokaren partaide egiteko. Familiartekoek zapi bana ekarri zuten udaletxetik eta zapi horiek jasoz egin genien harrerazko arkua, kontrapasaren doinupean. Zapiekin lotu genuen soka-dantza eta eskaini genien dantza bana.

Hunkigarria gertatu zen ekitaldi osoa, eta balio izan zigun gure herriko historiaren nahikoa ezagun ez den zati hori hobeto ezagutzeko.






Ekitaldiaren albistearen bideoak:
Goierriko Hitza
Goierri Telebista

Nork: aurtzaka.2012/11/24 21:16:51.381000 GMT+1
Etiketak: fusilatuen beasain soka-dantza omenaldia aurtzaka | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/10/23 15:54:36.537000 GMT+2

Guk ere sortzen dugu

NESKATXEN ESKU-DANTZA AUKERATU DUTE DANTZAGUNEA-KO “SORTUTAKOAK 2012” DEIALDIAN.

Nahiz eta esku-dantza bat “gehiago” izan, nahiz eta sanjoan bezperako ospakizun “ohikoa” izan, nahiz eta “urtero-urtero” errepikatzen dugun... hau ere sorkuntza omen !

Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Dantzagunea” erakundeak urtero deitzen dituen dantza-sorkuntzarako laguntzen artean, lehen aldiz dantza tradizionaleko egitasmo bat aukeratu dute: gure taldeak 2008az geroztik Beasainen antolatzen duen Sanjoan bezperako Neskatxen esku-dantza, hain zuzen ere.

“Sortutakoak” izeneko programaren barruan, urtero bizpahiru proiektu aukeratzen dira, orain arte dantza garaikide alorrekoak izan direnak. Gure egitasmoa “tradizionalak” atalera aurkeztu genuen uztaileko deialdian, eta abuztuan eman ziguten aukeraketaren berri. Aukeraketarako erizpideak proiektuaren interes artistikoa, aurreko esperientzia, eta ideiaren eta garapenaren zehaztasuna izan zirela adierazi zitzaigun.

"Naturaren berritzea dantzaren bidez" izenburupean aurkeztu genuen proiektua, eta ideia azaltzen duen txostena Daniel Maria Perez Altamira etnobotanikariaren aipamen honekin hasten da:

“… kuriosoa da ikustea gaur egun tradizioa eta berrikuntza bi elementu kontrajarri bezala nola jartzen diren landareen erabileren munduan, hainbat eta hainbat elkarrizketetan jaso dugun herri-tradizioa beti zaharraz eta berriaz aritzen denean. Euskal tradizioa, eta bestelakoak, beti daude berritze ekintza eta liturjiez bustiak (aste santua, sanjoan jaiak, inauteriak, Eguberria…), non berriak zaharra ordezkatzen bait duen urteroko hainbat ekintza bidez. Gure tradizioak berrikuntza eta berritasuna, ez du negatibotzat jotzen, aurkakoa baizik, beharrezkoa den zerbait. Baina zaharra beti jotzen da eskarmentuduna gisa, frogatua izan dena eta baliagarria dena. Aldiz, berria eta berrikuntza, berrogeialdian jarri behar den zerbait da, zaharra baina hobea dela erakutsi beharra daukan zerbait, eta hala erakusten badu, zaharra ordezkatzen duena. Hau da ohikoa landareen erabileran, eta horregatik da kuriosoa gure euskal tradizioan zaharra berriarekin nola nahasten den ikustea. Guzti honen azpian pentsamendu bat dago, baliagarria dena eta berrituz bizitzeko balio duena da erabili behar duguna, izan zahar ala berri. Tradizioan kontua ez da zaharra mantentzea, berriaren aurka, baizik eta erabilgarritasunean zaharra gaindituko duten gauzak berritzea. Gure tradizioak erakusten digu zerbait berria izate hutsagatik ez duela zertan zaharra ordezkatu, hau baino hobea ez bada behinik behin…” 2010.07.08.

Euskal tradizioan landareak nola erabiltzen ziren azaltzen duen aipamen honek bikain erakusten digu tradizioko dantzekin gertatu izan dena, gertatzen ari dena, eta gertatuko dena.

Eta honetxek eskaini zigun giltza, 2008tik hona, Beasainen dagoeneko ohikoa zen San Joan bezperako suari dantzaren inguruko erritu bat gehitu ahal izateko, une hartatik aurrera, Sanjoanetako neskatxen esku-dantza gisa ezagutzen dena.

Dantza eta udako solstizioa lotzen ditugu, eta denboraren poderioz galtzen ari zitzaizkigun osagai hauek gogora ekartzen ditugu harrez gero, urtero-urtero, tradizioko osagaietan oinarrituta baina, ohitura berri bati hasiera emanez.

HELBURUAK

   - Beasainen falta den emakumezkoen dantza-soka protokoloa berreskuratzea, Euskal Herri guztian oso galdua dagoena.

   - Dantza-taldean daukagun neskatxa kopuru handiari, urtero errepikatuko den erreferentziazko ekitaldi polit eta indartsu bat eskaintzea. Nerebezaroko adin honetako haurrentzako dagoen defizitari erantzunez.

   - Dantzak eta kantuak bat egiten duten euskal dantzen errepertorioari aportazio xume bat egitea.

   - Gaurko gizarte kaletarrak garai bateko ohitura eta tradizioekin daukan etena neurri txiki batean berrosatzea.

EGUNAREN EGITURA

Nahiz eta dantza bat izan proiektu honen abiapuntua, dantza horren egikaritzea erritual oso baten barruan kokatzen da, urteko ziklo kosmikoaren egun esanguratsu baten osotasuna kontutan hartzen duena:

Loreak bildu

Igartzan elkartu aurretik, neskatxen taldea mendira joaten da arratsalde pasa, sanjoan loreak eta belar onak biltzera.

Koroiak egin

Ondoren bururako koroiak egiten dira bildutako lore horiekin. Horretarako, neskatxa bakoitzari bere amak (gehien bat) edo beste laguntzaileren batek (aita, ahizpa, irakaslea) laguntzen dio. Denok elkarrekin direla Igartza Jauregiko patioan burutzen da lantegi hau, oso aurre-giro polita sortuz.

Azken urteetan, ama-alabei eta han bildutako guztiei, ohitura honen azalpen bat ematen zaie, eta dantza bere kontestuan kokatzen laguntzen duen lokarri sendo bat sortzen dela nabaritu dugu.

Arbola altxa

Auzotarrek arbola prestatu eta altxatzen dute, Igartzako zubiaren petrilean.

Afari edo merienda

Igartzan bertan, udalak prestatutako mokadutxo bat ematen zaie partaide guztiei.

Arropak jantzi

Behin koroiak prest daudela, azken entsegu bat egiten da Igartza aurrean bertan, eta neskatxek beren buruak prestatzen dituzte.

Arbolari dantza

“Sanjoan dala” kantatuz, ibaitik ura biltzen da pitxar batean, eskutik eskura pasatzen da neskatxen artean, bere bertuteak jaso ahal izateko eta arbolari dantzatzen zaio, lore-sorta bat eskainiz. Jarraian, Barrendain plazaraino bideratzen gara, modu honetan ekitaldi hau beheko herri gunean pizten den betiko suarekin “lotuz”.

Alamartxoan dantza

Alamartxoa piztu aurretik, esku-dantza dantzatzen da, buruan sanjoan lore berriak dituztela, belar zaharrak suari eskainiz. Horretarako, neskatxa bakoitzak bere etxean gordetzen du erabilitako koroia, eta hurrengo urtean suari ematen zaio.

Afaria saritan

Hurrengo egunean, parte hartu duten neskatxa eta beren bikote guztiek afaria ospatzen dute herriko ostaturen batean.

OSAGARRIAK

Hau da orain arte jarri dugun informazioa:

Kronikak:

http://www.dantzan.com/blogak/aurtzaka/san-joan-dala-zapatu-arratsaldean

http://www.dantzan.com/blogak/aurtzaka/aurten-baita-sanjoan-arbolari-ere

http://www.dantzan.com/blogak/aurtzaka/sanjoan-belar-zaharrak-erre-genituen

http://www.dantzan.com/blogak/aurtzaka/esku-dantza-trumoi-artean

Argazkiak:

https://picasaweb.google.com/aurtzaka/SanJoan2012# https://picasaweb.google.com/aurtzaka/SanJoan2011#

https://picasaweb.google.com/aurtzaka/SanJoanNeskatxak2010# https://picasaweb.google.com/aurtzaka/SanjoanNeskatxak2009#

https://picasaweb.google.com/aurtzaka/SanjoanNeskatxak?authkey=Gv1sRgCLfFuu_VrL7H7AE#

Bideoak:

http://www.youtube.com/watch?v=qIZjX-1VeHU http://www.aurtzaka.com/index.php?option=com_content&view=article&id=84%3Asanjoan-bideoak&catid=45%3Abideoak&Itemid=229&lang=eu

 

Nork: aurtzaka.2012/10/23 15:54:36.537000 GMT+2
Etiketak: soka-dantza neskatxena beasain dantzagunea esku-dantza san-joan | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)

2012/09/24 15:50:4.784000 GMT+2

Ezpata andaluziar eta euskaldunak Igartzan

Espadas andaluzas y vascas en Igartza (versión en español)

Kofradiaren bandera berria ikur dizdiratsu genuela eman genion hasiera gure 2012ko egunari, joan den irailaren 8an, Loinazko Amaren egunean. Iruñako “Nuevo Barroco” etxeko lagunek egin digute bandera, abiapuntu Igartzako etxeko armarria eta sanandres erako gurutzea izanik, Beasaingo herriarenaren erreferentziaz, hiru kolore eta damasko oihal zuria oinarri. Armarrian, urrezko behia haren kumearekin eta zilarrezko mailudun eskua dagertza.

Ezpatei ere bertako identifikazioa eman diegu, gure dominaren irudia txertatuz.

Buruzagia eta 40 ezpata-luzeko segizioa osatu genuen, guztira 50 dantzari, banderazale, azkendari eta kapitainen artean.

Poz izugarriz ikusi genuen Joseba Juarez beste behin ere gidari lanetan eta bandera berria zubiko larrosaren gainean maisuki dantzatzen. Sekula baina gorago ikusi da gainera bandera, larrosa buruen gainetik altxatu baikenuen.

Aipatzekoen artean daukagu, aurten lehen aldiz, kapitain azkendarien jarduna lau emakumezkoek osatu dutela: Agurtzane Agirre, Maider Arruabarrena, Izaskun Salazar eta Garaitz Velez.

Gurekin batera izan genituen egun guztian zehar, Huelvako Puebla de Guzman-eko ezpata-dantzariak, bai, ezpata-dantzariak! buruko zintaren ordez gure zapia jantzi bagenie, bertan-bertakoak ziruditenak, bai itxuraz, bai dantza-moldez.

Hala bukatu zuten ia denek izenak aldatuta: Pepe “Patxi”, Tomás Txomin, Diego “Didaka”, Evaristo “Joxeluis Korta” ... Jozé tanborileroa ezik: nahiz eta gaita/txistua eta tanboril/danbolina gure Josebaren modu berdintsuan jo, bere “plantak” nahastezina bihurtzen zuen. Hemen dagoeneko galduta dauzkagun danbolinteroaren presentzia, funtzio, mugimendu eta aginpidea erakutsi zituen, “bakarlari” gisa arituta bakarrik burutu daitezkeenak.

Hermandad de Ntra. Sra. de la Peña-ko dantzari hauek urtero dantza egin ohi dute apirilaren azken igandean Amabirjinaren ohoretan ospatzen duten erromeri jendetsuan. XVII. mendean Korpus-etan eta San Roke patroiaren egunean dantzatzen omen zuten. Dantza hau Andaluziako Ondare Historikoaren Katalogoan jasota dago, 7-13 dantzari bitarteko taldeetan egin ohi dute, eta gidari joaten den “capitán” lehen dantzariak markatzen dizkio ilarari dantzarako urrats eta adierazpideak, libre daraman eskuaz. Ikusgarria da, “rabeón” izeneko azken dantzariak lurra ezpatez nola “orrazten” duen ikustea ( bideoa).

Baina izan dugu zer ospatu gehiago ere, aurten Salleko Adiskideak-ek (Aurtzakaren hastapeneko taldeak) 40 urte bete baititu. Taldeko partaide izandako hainbat lagun etorri zitzaigun gurekin batera bazkaltzera eta bide batez, taldeko sortzailea izan zen eta egun Kofradiako Ohorezko kide genuen Raimundo Gamaio omendu nahi izan genuen, bere familiari lore sorta bat eskainiz, eta ezpata-dantzaren bukaeran, berarekin batera dantzatzen genuenok Pello Joxepe “Luzea” izeneko dantza eginez.

Bukaeran, aurtengo izendapenak egin genituen. Aurreko urteetan ez zuen etortzerik izan, eta zor genion aipamena Jesus Mari Garate lagunari, gutako askoren dantza-maisua izan dena. Merezimendu osoz, Ohorezko kofradiakide izendatu genuen.

Eta ohiturari jarraituz, Jauregian babarrunak eta odolkia bazkaldu genituen, dantzariei dominak partitu zitzaizkien eta erromeria ospatu genuen Arrabots taldekoen laguntzaz.

Hemen ikus daitezke Iñaki Erauskinek, Andoni Muruak eta Patxi Goikoetxeak ateratako argazki gehiago.

Hemen bideoak: GTB, GoierrikoHitza1, GoierrikoHitza2, GoierrikoHitza3

Eta hemen hemeroteka:  GoierrikoHitza1, GoierrikoHitza2, DV

Nork: aurtzaka.2012/09/24 15:50:4.784000 GMT+2
Etiketak: beasain igartza ezpata-dantza puebla-de-guzman 2012 | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2012/09/03 23:57:39.818000 GMT+2

Igartzako Dantzarien Egunean Raimon gogoan

Huelvako Puebla de Guzman-eko ezpata-dantzariak ere gurekin dantzatuko dira

Orain bi urte Ohorezko Kofradiakide izendatu genuen Raimon Gamaio. Aurten bete dira 40 urte Salleko Adiskideak taldea sortu zuenetik. Urteurren berezi hori ospatzeko asmoa genuen, baina zoritxarrez, ospakizun hori Raimonen heriotzarekin mikaztu zitzaigun. Beasaingo dantza-taldeetan lan eskerga egin zuen lagun maite honi zor diogun miresmena eta eskerrona erakusteko baliatu nahi dugu gure eguna.

Ez dira alferrik pasa aurreko urteak, eta Igartzako dantzari taldea sendotuta agertuko da datorren larunbat honetan, irailaren 8an. Igartzako gunea bera eraberritu den bezalaxe, urratsez urrats, gure dantzarien kofradia ere garatu eta finkatu egin da. Ezpata-dantzaren eguna Loinazko Amaren eguna ospatzen den asteak markatzen digu, eta aurten, lehen aldiz, Loinazko Amaren egunarekin berarekin bat egiten du, irailaren 8arekin, alegia. Honen ondorioz, Euskal Herriko beste hainbat ospakizunekin ere bat egingo du, hala nola, Otsagiko Muskildako Ama Birjinaren dantzekin, eta Eibarko Arrateko Amaren dantzekin.

Txandaka ohitura bihurtu den moduan, ezpata-dantzarien kanpotar beste talde bat ere gonbidatu dugu, eta oraingoan Andaluziatik datoz. Zenbaitentzat harrigarria izan badaiteke ere, lurralde hartan badaude ezpata-dantzen arrastoak, eta Puebla de Guzmán-eko Hermandad de Ntra. Sra. de la Peña-koa da adibidea. Herri hau Huelvako Andévalo eskualde ederrean dago, eta urtero bere Ama Birjinaren ohoretan ospatzen duten erromerian laguntzen diote beren dantzekin. Bertako adituen ustetan, orain mende batzuk euskaldunek eramandakoa izan daiteke bertan egiten duten ezpata-dantza hau.

Baliteke, beraz, beraien janzkera eta gurearen arteko antzekotasuna kasualitatea ez izatea. Ezpatekin marrazten dituzten irudiak, gureen oso antzekoak dira, eta besteak beste, ohorezko arkua egiten dute. Musikaria ere, danbolinteroa izaten da, txistuaren eta danbolinaren pare-pare.

Aurretik esan dugun bezala, Salleko Adiskideak taldearen 40. urteurrena dela medio, talde horren partaide izandako guztiak gonbidatu ditugu Jauregian egingo dugun Kofradiaren bazkarira eta ondorengo festara. Gonbidapen hau, dantzazalea den eta dantza-giroa gustokoa duen orori ere zabaltzen diogu.

Arratsaldean, Arrabots taldearekin erromeria izango dugu.

 

Hau da egunaren egitaraua:

  

EGITARAUA:

12:00 Segizioa Beasaingo udaletxetik Igartzaraino.

12:30 Ezpata-dantzen saioa Igartzan.

          Hermandad Ntra. Sra. de la Peña-ren ezpata-dantza

13:30 Salleko Adiskideak-en dantza

13:30 Sagardoa kupeletik

14:30 Bazkaria Igartza Jauregian.

17:30 Erromeria Arrabots taldearekin.

 

Nork: aurtzaka.2012/09/03 23:57:39.818000 GMT+2
Etiketak: ezpata-dantza igartza danza espadas aurtzaka guzman beasain puebla 2012 | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/06/29 17:44:3.672000 GMT+2

San Joan dala zapatu arratsaldean

Ez dakigu kanta zaharrak zergatik dioen “San Joan dala zapatu arratsaldean” (inork ezagutzen al du honen argibiderik?) baina aurten sanjoan bezpera behintzat halaxe suertatu da, zapatu arratsaldean, eta halaxe ospatu dugu.

 

Azken urteetan bezala, bildu ditugu sanjoan-belarrak, egin ditugu koroiak, altxatu dugu arbola, egin dugu afari-modua, dantzatu diogu arbolari eta jaitsi gara Barrendain plazara, eta bertan egiten den alamartxoaren inguruan berritu genuen Sanjoanetako eskudantza.

 

Donibane gau eta egun honetako bereizgarri amankomunak diren suak, lore eta belarrak, arbola, dantza eta kantak, dagoeneko txertatuak genituen gure jai honetan, baina bazen elementu esanguratsu bat, oraindik falta zitzaiguna, eta aurtengo berrikuntza gertatu dena: ura.

 

Ez gara Oria ibaian sartu bainu bat hartzera, baina jaso dugu bertako ura ontzi batez, eta gure sokara ekarri dugu, eskuz-esku pasatuz, egun honetako urek dituzten propietate sendagarri eta osasungarriez jabetzeko asmoz.

 

 

Aurtengo dantzariak: Mireia Etxezarreta (aurreskua) eta Edurne Rodriguez (atzeskua), Lierni Alba, Oihana Albisu, Eneritz Aldanondo, Ainhoa Antxia, Marta Arnaiz, Miren Arroyo, Maider Azurmendi, Oihane Azurmendi, Amaia Erauskin, Ane Garcia, Irati Gonzalez, Leire González, Irene Igartua, Ane Iñurrieta, Josune Iraola, Oihane Lopez, Naia Martinez, Itziar Mendia, Oihane Mujika, Helene Nater, Idoia Nater, Maria Ocio, Lierni Olano, Andrea Perez, Ilune Saiz, Maitane Sanz, Ainhoa Sarasola, Oihane Sarriegi eta Maria Zuazola.

 

Bideoa: hemen  

 

Argazkiak: hemen

 

Aurreko urteetakoak: 2010, 2009

 

 

Nork: aurtzaka.2012/06/29 17:44:3.672000 GMT+2
Etiketak: esku-dantza neskatxena san-joan beasain | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (1)