Dantzan.com blog komunitatea

Sortu blog berria   Sar zaitez blogera

2008/09/14 20:32:13.273 GMT+2

Quinto, levanta

Ez zaigu berehala ahaztuko joandako ostiral arratsaldea.

 

Donostiako Konstituzio plazan egin behar genuen emanaldirako ordu erdi inguru falta zen eta soinu proba egiten ari ginela, jende multzo bat ikusi genuen soinu-mahaiaren ondoan. Jotzen jarraitu genuen, besterik gabe, baten bat mareatu zela pentsatuta. Anaia garrasika etorri zitzaigun, baina.

 

“Ixo, joder! Guti da!”. Jose Mari Gutierrez, Guti, gure taldeko atabalarietako bat zen. Ostiralean ez zuen jo behar, baina emanaldia ikustera etorri zen. Ketxu, beste atabalariari esan omen zion, ohiko legez, atabala ondo afinatzeko. Ehun metro ere egin ez zituenean erori zen soinu-mahaiaren ondoan. Denbora gelditu zen handik aurrera; zerua belztu eta negar egin zuen.

 

Bizipoza zuen Gutik, inork bazuen. Esaten da eta topikoa dirudi ia.  Baina hala zen. Denontzat zeukan beti komentario, broma edo irribarre bat. Nik ez dut gogoratzen inoiz haserre ikusi izana eta umetatik ezagutzen dugu. Arkaitzen jotzen zuen, aurretik Argiako ikuskizunetan, Añorgako aurreskuan eta eskatzen zioten edozein lekutan. Joan zen urtean gurekin etorri zen Cantonigroseko jaialdira. Taldeko aitatxo. Gela berean egon ginen eta goizero-goizero ernegatzen ninduen soldadutzako kantu berarekin: “Quinto levanta, tira de la manta...”. Kantu hura izan nuen buruan ostiral iluntzean ordubete luzez Konstituzio plazan.

 

Baina Guti ez zen jaiki.

 

2008ko irailaren 12ko ostiral iluntzea ez zaigu inoiz ahaztuko. Guti, ez zaitugulako inoiz ahaztuko.


---------------------------------------------


Hemen Beñatek egindako bertsoa:


Atabalaren tarrapatatan

sortzen zitzaigun algara

Zaparradaren tarrapatatan

heldu zen ur gazitara

Taupada baten tarrapatatan

joan zaren arren jada

Atabalaren zaparradaren

taupadan biziko gara


Nork: arrabita.2008/09/14 20:32:13.273 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (2)

2008/06/11 16:43:02.993 GMT+2

Horrelako gehiago egin behar dira

Billabonako Oinkari dantza taldeak antolatutako mahai-inguruan egon nintzen atzo, Gurea antzokian. Oier Araolaza, Edu Muruamendiaraz, Jokin Otamendi eta Aritz Salamanca izan ziren hizlariak eta Garikoitz Udabe kazetari usurbildarra moderatzailea. Alain Maya iragarrita zegoen, baina ez zen etorri. Lastima, ekarpen interesgarririk egingo baitzuen, ziur.

Han egon ginenok (eta joan ezin izan ziren askok) ikusmin handia genuela esango nuke. Gutxitan egiten dira horrelakoak eta kartela ez zen nolanahikoa. Une honetan dantzaren hainbat alorretan punta-puntan dabiltzan pertsonak dira hizlari guztiak.

Hasieratik geratu zen garbi zein esparru landu duen bakoitzak. Oierrek ikerketa, dibulgazioa eta teorizazioa landu dituela esan zuen eta horregatik “abantaila” zeukala edo diskurtso osatuago bat bai bederen. Kuriosoa ere suertatu zitzaidan Muruamendiaraz, Otamendi edo Salamanca bezalako plazagizonak bistakoa zen urduritasunarekin ikustea oholtza baten gainean. Nekez osatu zituzten esaldiak batzuetan eta, aspektu horretan, deskonpentsatua izan zen mahai-ingurua une batzuetan, Araolazaren interbentzioak beste hirurenak baino luzeagoak izan baitziren nabarmen.

Ordea, horrek ez du esan nahi mamirik izan ez zenik. Mahai-ingurua iragartzen zuen kartelak zioen, “euskal dantzak lehen eta orain” eta horretan aritu ziren lau mahaikideak. Ia denok onartutzat hartu ohi dugu krisi egoerari kontrajarrita, euskal dantzaren egoera inoiz baino hobea zela esan zuen Araolazak, eta, bizitzekotan, krisia dantza taldeek bizi dutela. Han sortu ziren lehen zalantzak.

Dantza tradizionalak XX. mendean izandako bilakaerari buruz hitz egin zuten jarraian. Zikloak aipatu zituen Araolazak, izaten direla boladak tradizioari estuki lotzen zaizkionak eta segidan etortzen direla berrikuntza bilatzen duten aroak. Eta hala etengabe.

Hortik aurrera, oso modu laburrean esanda, hainbat kontu jorratu zituzten. Apunte moduan jaso ditut. Iruditzen zait bakoitzarekin mahai-inguru bat egin daitekeela:

-Aritz Salamancak teknikaren eta estiloaren arteko bereizketari buruz hitz egin zuen une batean. Nik, kasu askotan, dibortzioari buruz hitz egingo nuke.

-Jokin Otamendik dantzen historiaren ezagutza faltari buruz hitz egin zuen eta talde askok alor horretan duten oinarri faltari buruz. Horri lotuta, Edu Muruamendiarazek formazio falta aipatu zuen. Berak arituz ikasi behar izan duela koreografiak egiten. Horri lotuta

-Dantzak komunikabideetan duen difusioa hizpide izan zuten uneren batean.

Ikusleek galderak egiteko tartea iritsi zenean eztabaida polita sortu zen emakumeek dantza tradizionaletan izan behar duten parte hartzeri buruz. Nire ustez, gainditua behar luke eztabaida horrek 2008an.

Faltan bota nuen Jokin Otamendik erromerietan duen esperientziari buruz hitz egitea, baina batez ere faltan bota nuen erdi-fantasma moduan inguruan biraka izaten dugun betiko gaia: delako tradizioa vs. berrikuntza alegia. Nolabait, orain arte esandakoetan inplizituki dagoen gaia da, baina nik erabat helduko nioke. Nire iritzia da, baina antzua da eztabaida hori ere eta, hain zuzen ere, antzua delako eztabaidatu behar da horri buruz.


Kontuak kontu, atzoko mahai-inguruak ezer positiborik izan bazuen, hori da egitea bera. Han zeuden Oinkari, Udaberri, Urki edo Alurr taldeetako dantzariak eta zuzendariak, Xabier Leturia, Dugunako iruñarrak, etab. Balio handiena ondoren sortzen diren eztabaidek, iritzi trukeek, elkarrizketek, etab. dute. Interesa demostratzen dute.

Argi daukat: horrelako gehiago egin behar dira.



Nork: arrabita.2008/06/11 16:43:02.993 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (8) | Errenferentziak: (0)

2008/05/04 11:20:23.780 GMT+2

Eskerrik asko Urki

Santa Kruz eguna ospatu zuten atzo Andoainen urtero legez. Urterokoa ez dena -eta hemendik aurrera hala izatea espero duguna- Urki dantza taldeak egindako ezpata-dantza da. Iñaki Arregi eta Juan Antonio Urbeltz Argia dantza taldeko zuzendariaren eta koreografoaren laguntza izan dute horretarako. Bertan parte hartzeko ohorea izan nuen.

Hogei urte bete ditu Urkik aurten eta haurren talde gisa hasi zenak egindako bide luzea ikusi ahal izan genuen atzo ermita ondoko zubi gainean. Jakina, halako emaitza lortzko beltz egin dute lan Carmen Rodriguezek, Jokin Otamendik, Josema Setienek, Aitor Amutxastegik eta Begoñak (abizenik ez dut gogoan).

Zorionak eta eskerrik asko!



Nork: arrabita.2008/05/04 11:20:23.780 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (2)

2008/02/22 12:32:52.087 GMT+1

Bilboko joan-etorriak

Anaia Jokin eta biok Bilbora joan-etorri parea egingo dugu aste honetan, luxuzkoak biak. Egia esan, zorte handia dugu, musikari, dantzari eta teknikari bikainekin aritzeko aukera dugulako.

BilbaoMusikak antolatuta, asteazkenean Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Arotze zuberotarrek Euskaldunan emandako kontzertu-dantzaldian aritu ginen dantzan. Kantari bikainak dira biak, ez dago esan beharrik eta kantu zaharragoak eta berriagoak kantatu zituzten (tartean Itxaro Bordaren testua). Arotze agian ez da hain ezaguna hegoaldean, baina ahots izugarria dauka. Bedaxagar dantzariok ondo ezagutzen dugu, baina guk ez genuen inoiz berarekin dantzatu. Xirula jotzen hasi eta uouuuu!!! Gustua ematen du hala dantzatzeak. Mikel Urbeltz arrabitajoleak Bedaxagarrekin batera jo zuen dantza saioetan. Musikari tradizional petoa da Mikel, jotzeko modu pertsonala duena. Igandean ere bera izango da Arriagan Axeri boda ikuskizuneko orkestran, bere ama, Marian Arregirekin musikarien taldea zuzentzen. Bilboko Txistulari bandakoei eskertu behar diegu esku-programetan Jokin eta bion biografia labur bat jartzea. Dantzariak anonimotasunera ohitu gaituzte eta bada horri buelta ematen hasteko garaia.

Gogoa badugu estreinaldirako, hilabete batzuk baitaramatzagu ikuskizuna prestatzen. Berrogeita hamar lagun inguru ariko gara igandean eszenatoki gainean eta inguruan. Ikuskizun berria estreinatzeak ematen duen emozioari gehitu behar diogu osatu dugun lan taldearekin aritzeak ematen digun poztasuna eta harrotasuna. 

Musikari gehienek emanaldi bukaeran parte-hartzaile guztiak aipatzeko ohitura izaten dute. Guk ez dugu aukera hori izango. Beraz,

Duguna, Kezka eta Haritz taldeetako dantzarien dedikazioa ezin dugu aipatu gabe utzi. Asko eman digute eta eskerrak behar dizkizugu: Enrike, Unai, Xabi, Eder, Irune, Bea, Leire, Edurne, Amaias, Maitanes, Mikel, Irati, Cristina, Oihane, Oskia, Ainhoa, Ainara, Oihane, Olaia, Josu, Aiert, Aritz, Jokin, Luken, Ander, Akier, Joseba, Igor, ahaztu ditugunei eta Iruñeko eta Elgoibarko entseguetan parte hartu duzuen guztioi. Bertsolari ezagun batzuei espresioa lapurtuta, berehala gutartu dira iruñarrak eta Debabarrenakoak  aspalditik  dira gutarrak (Henry, Josu edo Unailizar, esaterako). Eskerrik asko denei! Luxury!!!

Donostian ezarri dugu “operazio-gunea” eta han aritu dira Itziar, Jokin, Mikel, Monika, Jaione, Unai, Eguzkiñe, Egoitz, Onintze, Jon edo Joseba, topera, fin eta zintzo-demonio, Iñaki, Jexux eta Fernando dantza-maisuen esanera. Jokin, Itziar, Monika edo Mikelek hogei urte inguru daramatzate Argian. Demaseko dantzariak dira eta ofizioa irakasten digute. Marian eta Itziar musikariek pazientzia handia izan dute gurekin (hasi, aldatu, luzatu, errepikatu, moztu...). Nola ez, adi-adi egon da Juan Antonio, xehetasun txikiena ere zaintzen. Ikusi eta ikasi asko egin dugu zuekin guztiekin. Eskerrik asko!

Bitartean, isilean, egin dituzte jantziak Claudek eta Amaiak –a zer lana!-. Patxik izkina batetik jarraitu ditu entsegu batzuk, argiztapena prestatzeko eta Katarain jaunak -mahai baten atzean ikustea laletxe izateaz gain- helaraziko die ikusleei Marian, Mikel, Itziar, Imanol, Aran, Maider, Imanol, Oihana eta Tomasek zuzentzen duen Ezpelur taldeko musikariek jotakoa. Eskerrik asko, mertzi, zenkiu...

Beste batzuk nahi eta ezin izan duzue ikuskizunean parte hartu, dena delako arrazoiengatik. Gogo handia eman diguzue lanerako. Mila esker!

Eskerrik asko bada denei (baita testuan ahaztu ditudanei ere). Igandean banbalina artean egingo dugu topo.

Nork: arrabita.2008/02/22 12:32:52.087 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (1)

2007/11/27 11:53:58.627 GMT+1

Fandango sentsuala

Ostiral arratsaldeetan klaseak ematen ditut Amarako Ernest Lluch kultur etxean. Mikel Iturria da bertako zuzendaria eta blog bikain batean idazten ditu bere harrikadak. Hona hemen gaur nirea.

Joan zen ostiraleko klasea amaitu eta pareko tabernara joan ginen ikasle batzuk. Ardo goxoak bideratuta, luzatu eta animatu egin zen berriketa eta gauza askori buruz hitz egin genuen. Tartean, gezurra badirudi ere, dantzari buruz. Zorionez, dantzarien ghettotik kanpo bizi den jendea etortzen da klaseetara eta ikuspuntu interesgarriak ematen dizkigute.

Erromeriei, plazei eta halakoei buruz ari ginela, esan nien behin lagun musikari batek fandango sentsualak dantzatzen ikasi nahi zuela, noizean behin -gutxitan- ikusten dituelako bikoteak hala dantzatzen. Ikasleetako batek orduan esan zuen fandangoak eta, orokorrean, euskal dantzek ez dutela sentsualtasunik, besteren artean, ez dutelako kontaktu fisikorik. Eta halaxe sortu zen eztabaida.

Euskal dantzak festarako baliagarriak omen dira, baina ez hainbeste ligatzeko eta horretarako egokiagoak dira Karibe inguruko erritmoak. Ziurrenik asko egongo dira horrekin ados. Fandango eta arin-arin estilizatu eta finak ikusten dira nonahi eta telebistan ematen duten –apur txiki- horrek ere halako irudia ematen digu, hau da, bata bestearengandik bi metrora urrats zailak egiten dituzten dantzariak. Horrela zaila da ezer sujerentea lortzea. Baina, era berean, sentsualak al dira ETBko saloi-dantza emanaldi amaigabeak? Hori bada sentsualtasunaren paradigma, ez gabiltza oso ondo.

Nik uste dut norberak egiten duela dantza sentsuala. Edo bikoteak, edo egoerak, edo ... fandango bat izan daiteke pre-larrujotze bat eta merenge bat oso gauza planoa. Eta hori horrela ez bada, euskal dantza (?) kastratu dugun seinale.

 

 

Nork: arrabita.2007/11/27 11:53:58.627 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

2007/01/26 13:16:39.977 GMT+1

Mundu tradizionala underground

Dantza taldeek monopolizatu al dute dantza? Neurri batean, bai. Ez, ordea, erabat, nahiz eta galbahea garrantzitsua izan den.

Egun oso modan dagoen hitza edo kontzeptua da alternatibo. Aurretik ere, underground izan zen denek ahotan zerabiltena... Gauzak nola diren: sistematik kanpo, etengabe aldatzen eta berritzen ari denari ere etiketa jarri diogu eta, dagoeneko, estetika nahiko jakina duena da alternatibo edo/eta underground. Bada esan daiteke mundu tradizionala, eta honen barruan, euskal dantza(?) -galdera ikurrarekin beti ere, definitzeko nahiko lan izango baikenuke, ala?-, definizioz dela underground eta alternatibo.

Zer du, baina, mundu tradizionalak alternatiboa izateko? Arautu eta instituzionalizatu gabeko esparru batetik abiatuta, etengabe sortzen dela, unean uneko baliabide, sentimen, ideia, apeta eta abarren arabera.

Euskal dantzak(?) baditu araututako tradizio oso interesgarriak (Gipuzkoako eta Zuberoako dantza-maisuena, besteak beste), baina baditu, halaber, herri girotik jasotako hainbat dantza. Fandangoa eta arin-arina dira adibide garbienak. Ez dut uste fandango eta arin-arinak adina aldaera duen dantzarik dagoenik euskal dantzan(?). Segurak markatzen digu, urtero, bertsio ofiziala. Eta Hertzainakek kantatzen zuen bezala, bertsio ofizial faltsuen erresuma da historia.

Diotenez, Lajak dakizkien doinu ederrenak ez ditu nonahi jotzen, are gutxiago aurrean mikrofonoa badu. Añorgako dantzari zaharrek ere soka-dantza egunerako gordetzen zituzten urrats ikusgarrienak. Labur esanda, aipatu kasuetan badago aukeraketa eta jarrera kritikoa, dantza-taldeak, kasu askotan, egin ez duena. Ulertzekoa bestetik, bere funtzionamenduak eskatzen duen kontsumo altuagatik.

Dantzari, musikari, bertsolari... azken  batean, artista alternatibo, underground eta modernoenak ez dute oholtza askotan zapaltzen. Ez da behintzat, ohikoena. Egun, teknika ondo edo ez hain ondo lantzen eta menderatzen duten interpreteak gailendu dira eta artista deitzen diegu.

Nork: arrabita.2007/01/26 13:16:39.977 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

2006/11/08 02:01:41.395 US/Central

Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean?

Zer gertatzen da instituzioak ekintzak baino garrantzia handiago hartzen duenean? Dantza talde bat...

Etengabeko krisia bizi omen du dantzak. Eskasia gorria. Bada, ordea, sobera dugun zerbait; dantza taldeak, alegia. Bizpahiru milioi biztanle inguruko herri batean, ziento batzuk gorabehera, laurehun dantza  talde baldin baditugu eta talde bakoitzean berrogeita hamar kide baldin badaude –haurren dantza eskola edo taldea kontuan hartu gabe-, hogei mila dantzari! Harrapazank.

Ezin esan bada, delako euskal dantzak osasun exkaxa duenik. Kuantitatiboki ez, behintzat. Aspaldi luze honetan, baina, badut errezeloa energia gehiegi alferrik xahutzen ari ez ote den. Taldeak galga lana egiten du dantzaren inguruan interes eta gogo handia duenarentzat. Aspektu horri erreparatuta interesgarria iruditzen zait maila erdi-profesionalean funtzionatzen duten taldexkak agertu izana (dantzaria eta profesionala, gure esparruan, kimera bat da).

Kartutxoak aldez aurretik erretzen ari gara: instituzioa mantentzeagatik borondate handia, baina formaziorik ez duten gazteak ari dira irakasle lanetan (ezin ukatu, esaterako, haurren dantza klase asko haurtzaindegi zerbitzutzat hartzen direla, horrek esan nahi duen guztiarekin); errepertorioa zeharo erreta dagoela dirudi (nahiz eta luzerako ematen duen gaia izan); baita emanaldietarako zirkuitua; eta abar luze bat.

Taldearen izaera korporatibista zeharo markatzen duen adibide garbia taldea uztea da. Erabaki transzendentala, askotan ikusi izan dudanaren arabera. Bai ote? Demonio, ez al dugu bada, nahi dugulako dantzatzen?... Zer esanik ez beste ikuspuntu, apeta, iritzi edo dena delakoagatik, beste talde batera joaten bada dantzaria. Traizioa!

Borondate ona eta giza kalitatea nahi adina dago dantza taldetan, zalantzarik gabe. Ezin gara, ordea, itsuak izan: hutsune ugari dugu.

Ez naiz eruditua. Aitzitik, blog hau abian jarri eta nire burutazioak idazteko buru arina izan dut –ignorantziaren gailurra!-. Esan ere, ez naiz ezer berririk esaten ari: dagoen potentziala ez garatzeak kezkatzen nau. Izan ere, askotan, bada zenbait une, non aurrerapenik ez egitea atzerako pausu itzela den.

Nork: arrabita.2006/11/08 02:01:41.395 US/Central
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

2006/08/04 06:13:01.683 GMT-5

Dantzaren plazera: Le Grand Bal de l´Europe jaialdia

            Ea bada. Zero mezua eta gero, abuztuarekin batera hasiko dugu martxa. Agur pare bat, hasteko. Billabonako Oinkari dantza taldeari, batetik, Santio egunean, euriagatik, ez genuelako bertan emanaldia egiterik izan. Nolanahi ere, itzuliko gara eta hitzordua urria inguruan daukagula uste dut.  Agur bat, baita ere, Elgoibarko Haritz eta Debagoienako dantzariei. Aurten ez dut jaialdira joaterik izan. Gogoratu nintzen, bai, zuetaz. Datorren urtean hantxe egongo naiz.

            Bada bai. Frantziako Gennetines herrian egon ginen anaia Jokin eta biok uztaileko hirugarren astean. Jokin iaz egon zen eta urte osoa zeraman joan behar genuela esaten. Gogo handiegirik gabe ekin genion bideari, Añorgako festak bukatu berritan. Gainera, itzuli ere, berehala egin behar genuen.

            Dantzatzea edo musika jotzea gustatzen zaionaren paradisua da Le Grand Bal d´Europe jaialdia. Moulinsen ondoan dago Gennetines herri txikia eta hango zelaietan egiten da dena: dantza, lo, jan... Etxe pare baten inguruan zortzi karpa jartzen dituzte. Goizean eta arratsaldean Europa osoko dantza maisuek dantzak irakasten dituzte eta gauean kontzertuak egoten dira. Hala ere, uneoro eta edozein tokitan, musikariak jotzeko elkartzen dira. Saioren bat prestatzen ari den talde bat ez bada, normalean, inork ez dizu taldean sartzea ukatzen. Denetarik ikusi eta entzun daiteke: Pastoraleko martxarekin jam session bat; kontrabaxua, darbuka eta zarrabete hirukotea... dena den, akordeoi diatonikoa da han errege, nahiz eta zarrabete, gaita, arrabita eta halakoak nonahi ikus daitezken. Azken batean, hogeita lau orduko dantza eta musika saioa da Gennetinesekoa. Eta kontaktuak egiteko leku ezin hobea.

            Eskotixak, polkak, bourréak... dantzatzen dira etengabe. Edozeinek egin ditzake han egiten direnak, baita dantzaria ez denak ere. Gennetinesera jendea “dantza egitera” joaten da, urrats edo koreografia nahasgarriak ahaztu eta gozatzera. Bistakoa da eta ikusteak berak ere gustua ematen du. Esaterako, bikotean egiteko dantza bat hastera doanean edozeinek gonbidatuko zaitu dantzara. Eta gogo hori transmititu egiten da. Dantza berriez gain, ikusteko eta ikasteko asko dago jaialdian. Batez ere, jendeak dantzarekiko duen jarrera.

            Nolanahi ere, hara joan behar da bertatik bertara ezagutzeko. Denbora gutxi egin genuen eta saltsan sartu ginenerako, itzuli beharra geneukan. Kontuak kontu, oporretako lauzpabost egun pasatzeko gomendagarria da, inondik inora.

Nork: arrabita.2006/08/04 06:13:01.683 GMT-5
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2006/07/18 17:07:00.146 GMT-5

arrabi[t]az martxan

Kaixo!

    Añorgatik agur bat. Garikoitz Otamendi naiz, hogeita sei urteko dantzari añorgatarra. Ekainetik bloga hastekotan nabil, baina ez dut tarte gehigi izan.

   Amerikako Estatu Batuetan, Nevada estatuko Elko herrian egon naiz, NABOk urtero antolatzen duen udalekuan -traste honekin hobe moldatzen ikastean, jarriko ditut argazkiak- eta bihar goizean goiz Frantziara noa hiru egun pasatzera, Gennetines herrira. Zertara eta, dantzara. Europa osoko plazako dantzak irakasten dituzte bost egunez.

   Hoixeba. Arrankatu ezinda, hartu eta lehenbailehen egitea hobe. Blog honetan dantzari buruz ariko naiz, zalantzarik gabe, eta beste askotan dantza izango da beste kontuei buruz aritzeko aitzakia, edo alderantziz. 

   Laster arte, bada 

          gari

  

 

Nork: arrabita.2006/07/18 17:07:00.146 GMT-5
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak