Asteburuan izan dut aukera lehenbizikoz danzanteak bere testuinguru naturalean ikusteko eta nire kameraren bitartez ikusitakoa zuekin partekatzea erabaki dut.
Otsagabiak Muskildako Ama Birjinaren omenezko jaiak ospatzen ditu, irailaren 7tik 11ra. Danzanteek bestetako lehenbiziko bi egunetan izaten dute zereginik handiena:
Irailaren 7an, arratsaldez egiten dute dantza, Blankoa plazan, egun handiaren bezperan. Entsaio kutsua duen emanaldia izaten da eta horregatik, Zaraitzuko jantzi tradizionalarekin (duela mende pasatxo egunero eramaten zutenarekin) egiten dute dantzan.Irailaren 8a da egunik bereziena. Eguerdi aldera, jadanik ohiko jantzi txuri zintaduna jantzita, danzanteak Muskildako Ama Birjinaren baselizara igotzen dira eta bertan, zaindariaren omenez egiten dute dantza. Arratsaldean berriz, beste emanaldia dute. Maiordomoaren etxetik pasa eta ondoren, "Salve"ra igotzen dira. Ordu erdiko mezaren ostean, Blankoa plazara jaitsi eta dantza guztiak egiten dituzte bertan herritarren gozagarri.
Lan kontuak tarteko, arratsaldeko saio hau ikusi ahal izan nuen soilik. Pena.

Plaza gainezka zegoen danzanteak bertara "paseo"arekin heldu zirenean. Ondoren, "enperadorea" egin zuten. Gainontzeko dantza taldeek baino patsada handiagoa hartzen dute danzanteek dantza eta dantza artean. Modu erabat naturalean ematen dituzte bi minutu inguru geldi, hatsa berriz berreskuratu eta hurrengo dantzari ekiteko. Hurrengo dantza "katxutxa" izan zen, eta horren ondotik heldu ziren "dantza" eta "modorro".
Azken dantza honen osteko atsedenalditxo berria probestu zuen Bobo-k bi aurpegidun kareta paratu (alde txuria, bestetako egun handia baitzen) eta "pañuelo-dantza"rako prestatzeko. Irunberriko gaitarien musikarekin batera hasi zen ixkanbila: Zapien gurutzaketa eta gurutzaketa artean, egur galanta banatu zuen Bobo-k bai danzanteen artean, bai eta ikusleen artean ere.
Pañuelo-dantza bukatzearekin lasaitasuna heldu zen plazara eta jendea serio jarri zen, Jota-ren txanda baitzen. Danzanteak banan-banan atera ziren plaza erdira Maiordomoen omenez dantzatzera. Azkena Bobo izan zen, eta bukatu, guztiak dantza eginez bukatu zuten emanaldia.
Hurrengo egunak, 9ak, sorpresa polita utzi zigun. Haurren eguna izanik danzante txikiek egin baitzuten dantza. Ikusgarria da 9-10 urteko ume hauen abilezia (inguru hauetan ikusi dudan helduren batek baino askoz hobe egiten dute dantzan). Izerdi ere, nagusiek bezala egin zuten eta freskagarria merezi izan zuten ezbairik gabe. Izan zen txikitxoak ikusten malkorik isuri zuenik eta niri ere oilo-ipurdia jarri zitzaidan otsagiar gaztetxoak dantzan ikustean.
Erantzunak
oier.
Nork: oier.2006/09/12 01:44:42.726 GMT-5
http://www.dantzan.com/blogak/oier
Benetan polita da zure kronika Aritz, oso polita iruditu zait. Ni ere joateko asmoa nuen, baina ezin izan genuen, ez baikenuen aurkitu joateko modua. Beno hurrengo urterako utzi beharko dugu, aurten pena handiz gelditu baikara. Inbidia izugarria ematen didazu zure argazki politak ikusita. Egia da Otsagabiako dantzak oso politak direla eta zuk diozun bezala, herri honekin zerbait gehiago lotzen zaituenean askoz gehiago, pena handiz gelditu nintzen Arkaitzen lehengusu txikiak eta baita handia ere dantzan ikusteko aukera galdua izanagatik. Egia esan herri honek zerbait berezia du. Ea hurrengo urtean laurok elkarrekin ikusten ditugun.
Aupa Otsagabia!
Nork: Leire Leza.2006/09/12 08:42:13.407 GMT-5
Biba Bobo!
Nork: Aritz.2006/09/13 02:00:11.092 GMT-5
http://www.dantzan.com/blogak/aritz
iep!
aspaldiko! honen inguruan lengusuari gertatu zitzaion anekdotaz oroitu naiz.Berako jai batzutan, dantza jaialdian Boboz egin zuen eta Etbko jaiak programakoak etorri zitzaizkion Etb2koa, ta galdera egin zioten:" tu que eres el bobo de bera?"...berari erantzuna etorri zitzaion burura baina nahiago izan zuen ixilik geratu eta bururatutakoa irenstea.
ongi segi!
Nork: julen.2006/11/10 14:42:32.927 US/Central