Iaz bezala, aurten ere, Nafarroako EDBk hitzaldi sorta antolatzea erabaki du. Azaroan 2 hitzaldi izan dira eta urtarrilean beste 2 egotea espero da. Hitzaldiek ez dute lotura handirik haien artean gaiei dagokienez, baina tira. Dantzarien formazioa ezinbestekoa dela uste dute antolatzaileek, eta helburua nagusia zer-pentsa ematea izan daiteke.
Hartara, esan bezala, aurreko azaroaren 18an Oier Araolaza izan zen Iruñean. 2 gai ekarri zizkigun: Gipuzkoako dantzak. Dantza maisuen ondarea eta Arrateko Amaren dantzak. XXI menderako tradizio bat.
20-25 lagun inguru bildu ginen aretoan. Baten batek esan zuenez, udazkena, larunbata, arratsaldeko 5ak eta euskarazko hitzaldia izateko jende asko. Ez dakit.
GIPUZKOAKO DANTZAK. DANTZA MAISUEN ONDAREA.
Gipuzkoako dantzei buruzko hainbat mito dago: dantza zailak direla, munduan ez dela horrelako besterik,... beraz gure buruari galde diezaiokegu: Martzianoak al gara? Erantzuna bilatzeko atzera-begirakoa egitea komeni da.
XVI-XVII mendetan Dantza-maisuaren irudia zabaldua dago Europan: Nobleei Gorteetako dantzak erakusten zizkieten, akademia pribatuak zabaldu zituzten hiriburu nagusietan, irakaskuntza zorrotza egiten zuten,... Horietako batzuek gainera haien jakintza idatziz paratu zuten:
- Thoinot Arbeau (Orchesographie 1588)
- Fabritio Caroso (Il Baillarino 1581)
- Cesare Negri (Le Gratie d'Amore 1602)
- Juan Esquivel y Navarro (Discurso sobre el arte del danzado 1642)
- Juan Antonio Jaque (XVII m)
Gutxika, dantza molde
horiek garrantzia galduz joan ziren eta hirietatik herrietara pasa
ziren, gorteetatik herri xeherengana. Eta hain zuzen ere, deklibe garai
horretan agertzen zaigu Iztuetaren liburua. Beraz, galdetzea dago: Iztueta dantza maisu horien oinordeko ote da?
Ezinezkoa da horrelakorik baieztatzea baina bada koinzidentziarik:
- Danbolinaren kolpeen eta puntuen arteko harremana.
- Hasierako posizioa ("puntas afuera todo el danzado")
- Gorputzaren kontrola.
- Dantzaren sistematizazioa (urratsak, mudanzak eta dantzak)
- Hainbat urratsen izenak (muriska, capriole,...)
- ...
Iztuetaren bideak jarraipena izan du gaur arte dantza-maisuei esker (Olano, Pujanatarrak,...). Hauek ospetsuenak izan diren arren, izan ziren dantza-maisu gehiago ere eta horien ibilbidea ikertzea mereziko luke.
Maisuetatik dantza taldeetara.
XX. mende hasieran nazionalismoaren eztanda gertatu zen. EAJak batzokien sarea osatu zuen. Ia Euskal Herriko herri guztietan zabaldu ziren batzokiak. Eta batzokietan abesbatzak eta dantza taldeak jarri ziren martxan. Sabino Aranak durangadeko Dantzari-dantza dantza nazional izendatu eta herri askotan dantza hori dantzatzen hasi ziren (kasu batzuetan dantza autoktonoak desagerraraziz).

Erromantizismoak ere eragina izan zuen. Euskal Jaiak antolatzen hasi ziren eta horiek folklorizazioa ekarri zuten. Ohorezko aurreskuen loraldia gertatu zen (gizartearen goi-mailak bere burua goratzeko erabiltzen zituenak). Errusiako ballet folklorikoek arrasto handia utzi zuten gurean, eta horien bidetik sortu zen esate baterako "Saski-naski" izeneko ikuskizuna (1928).
Gerra garaian eta gerra ostean Eresoinka eta Elai-Alai bezalako taldeak eratu ziren. Atzerrira irten eta euskal kulturaren ordezkari gisa aritu ziren. Hauek ere Errusiako ballet folklorikoen ereduari jarraikiz egiten zuten dantza (liraintasuna, artifizialtasuna,...), eta etorriko zen tradizio folklorikoan eragin handia izan zuten.

Ezin ahaztu "Sección Femenina"-k eta "Educación y Descanso"-k ere, izan zuten eragina.
Honek guztiak nahastea ekarri zuen euskal dantzaren mundura. Ipar-orratza galduta ibili ziren dantza taldeak eta dudazko bideetatik egin zuten aurrera (asmakeriak, estanpa folklorikoak, suiteak,...)
60-70eko hamarkadan dantza taldeen eztanda gertatu zen. Politikaren bitartez aldarrikatu ezin zena, dantzaren bitartez aldarrikatzen hasi ziren. Horrek dantzaren puztualdi artifiziala ekarri zuen. Nahas-mahas egoera horrek sustrai bila jotzera bultzatu zituen batzuk. Argia dantzari taldearen gidaritza izan zuen mugimendu horrek eta beste hainbat talde murgildu zen bide beretik (Ortzadar,...). Errepertorioaren zabaltzea ekarri zuen horrek alde batetik, eta bestetik, dantza-ereduan aniztasuna: autoktonoak, puristak, modernoak,...
80-90eko hamarkadetan puxika hustuz joan zen. Dantza politikaren ordezko izateari utzi eta nortasun krisi batera iritsiko da (gaur arte irauten duena).
Non dira dantza maisuak? Dantza-maisuen irudia berreskuratzea garrantzitsua litzateke. Izan ere,
- Bolondres aritzeak gure ezjakintasuna barkagarri egiten al du?
- Genero herrikoia jorratzeak zabarkerira jotzea justifikatzen al du?
- Sortu beharra ez al da gure ondarearen ez-ezagutzaren ondorio?
- Nora goaz?
Gai interesgarri ugari eta eztabaidarako mamia!
*Oharra= Arrateko Amaren dantzei buruzko mezua bihar-edo.
Erantzunak
oier.
Nork: oier.2006/11/28 08:20:37.332 GMT+1
http://www.dantzan.com/blogak/oier