Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

Bideoak

Aiziritze: kabalkada 1989 muxikoak

Dantza-jauzien historian urte gutxitan gertatu den estilo aniztasunaren galera izugarria bistaratzen digute Claude Iruretagoienak 1989an grabatutako irudiok. Burgaintzi taldekoek antolatutako kabalkadaren barruan, bertako eta inguruko nagusienak dantzan jarri zituzten eta muxikoak dantzatzen ikus ditzakegu kasu honetan, eta nola dantzatu ere! Hamaika lagun eta hamaika dantzakera.

Aurretik sareratu ditugun sorta bereko bideotan ageri diren dantzariekiko desberdintasunez gain, bada jauzia markatzeko eran ere alderik: Burgaintzi taldekoak dantzan direla erdizkak, zote eta doblak markatzen badira, Mañe Elgartek (Burgaintzikoen jauzi-maisu izandakoa hain zuzen) xinple/akaba eta phikak markatzen ditu mikrofonotik oraingoan, Zuberoari batez ere lotzen diogun eran hain zuzen ere, eta zonaldean ohikoa zen legez bestetik. Ohikoa zen baita ere phikak (zote eta doblak) bueltan ematea, bideoan ikus daitekeen bezalaxe.

Jauzia bukatzean, Mañe Elgartek phika eta fini markatu arren, musikariek segida jotzeari ekiten diote dantzari beteranoak ezustean harrapatuz dantzatzeari utzi baitiote denek. Musikariek ere hala ulertuta lehenengo notak jo ostean bere horretan uztea erabakitzen dute jauzia.

Hona hemen muxikoak jauziaren urratsak grabaketan markatua entzun daitekeen bezala dantza jarrai dezazuen:

  • Aitzina biga X2
  • Xinple-phika-akaba eta hiru X2
  • Xinple-eskuin-ezker eta hiru-akaba X2
  • Xinple lauetan
  • Pika-xinple-phika-akaba
  • Ezker-akaba
  • Aitzina biga lauetan
  • Biga-erdizka X4
  • Biga-ezker-biga-akaba X2
  • Xinple-phika-akaba eta hiru
  • Xinple lauetan
  • Phika-xinple-phika-akaba
  • Xinple-phika-akaba
  • Xinple lauetan
  • Phika-xinple-phika-akaba
  • Xinple lauetan
  • Phika eta hiru-xinple-phika eta jo-akaba X2
  • Xinple lauetan
  • Pika-phika eta hiru-xinple-phika eta hiru-akaba-phika eta fini!

 

Bideo hau Maritzuli konpainiako Claude Iruretagoienak 1989an Aiziritzen grabaturiko irudien sortako bat da. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik diska-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean. Orain liburu-diska-dvd horretako edukiak bere webgunean sareratzen hasi da Aiko Taldea, eta bideoak ere bertan argitaratuko ditu.

Irudiak: Claude Iruretagoiena / Maritzuli. Aiziritze, kabalkada, gau ainerak,1989-02-12.

Kategoriak