Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Bideoak

Leitza: San Tiburtzio 2014 Ezpata-dantza eta dantzari-dantza

San Tiburtzio egunez (abuztuak 11), ezpata-dantza egin ohi da Leitzan. 1933an hasi ziren ohitura horrekin Leitzan, Patxi Ripak irakatsi baitzuen Leitzan garai hartan Durangaldetik Euskal Herri osora zabaldu baitzen Eusko Gaztedik egokitutako ezpata-dantzaren aldaera. 2014an Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea gonbidatu berezia izan da Leitzan San Tiburtzio egunean. Herriko dantzariak, Aurrera dantza taldekoak, eta Galdakaokoak, Andra Marikoak, elkarrekin, bakoitza bere taldean plazaratu dira, eta dantzari-dantza osorik egin dute bi taldeek, bakoitzak bere erara. Aurrerakoek Leitzan Patxi Ripak irakatsitako eran gaurdaino San Tiburtzio egunean dantzatu den moduan eta Andra Marikoek Alejandro Aldekoa Berrizko dantza-maisuak erakutsitako moduan. Leitzako txistulariek, Leitzan ohi duten doinu eta eran jo dute, eta beraz, zenbait doinutan Durangaldean egin ohi denarekin alderatuta desberdintasunak antzeman daitezke. Honako dantza hauek egin dituzte bi taldeek batera: agintariena, zortzinangoa tokian (leitzarrek bakarrik), zortzinangoa , ezpata-joko txikia (Andra Marikoek), banangoa, binangoa, launangoa, makil handi, ezpata-joko nagusia eta txotxongilloa. Irudiak: Andra Mari dantzari taldea. Leitza, San Tiburtzio, ezpata-dantza eta dantzari-dantza Aurrera eta Andra Mari taldeen eskutik, 2014-8-11