Hemen zaude: Hasiera Albisteak Uztarrozeko ttun-ttunaren testigantzak

Uztarrozeko ttun-ttunaren testigantzak

2011/12/29 11:35
1980ko hamarkadan, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeko kideak Erronkarira joaten hasi ziren bertako folklorea biltzera. Erronkariko ttun-ttunaren inguruko zenbait testigantza jaso zituzten eta horiek argitaratu berri dituzten beraien webgunean. Hona hemen 1986an egindako hiru elkarrizketa Uztarrozen, Eduarda Lorea, Dionisia Marco eta Fidela Bernat.

Beste zenbaitetan bezala Juan Antonio Urbeltzen aholkuak jarraituz Erronkarira jo zuten  Andra Mariko kideek bertako folklorea biltzera. 1986ko neguan Uztarrozeko ttun-ttuna aztertzen aritu ziren eta hainbat elkarrizketa etgin zituzten bertan. Besteak beste, Andra Mari taldeko Jabi Arrunbarrena, Jabi Bengoa, Aitor Zamalloa eta Josean Legarretak aritu ziren lan horretan. Bideoan grabatutako elkarrizketak digitalizatu eta sareratu ditu Andra Marik eta denon eskura jarri ditu.

Lehen bideoan Dionisia Marco ageri da. 81 urte zituen grabaketaren egunean. Uztarrozeko ttun-ttuna eta beraien bizimoduaz aritzen da. Dantza egiteko altxatzen da ere une batzuetan, ttun-ttuna dantzatzeko urratsak erakusteko eta baita jota nola dantzatzen zuten erakusteko ere.

Bigarren bideoan, Fidela Bernat ageri zaigu. Fidela Bernat Erronkariko azken euskalduna, erronkarieraz mintzatzen zen azken euskalduna izan zela esan ohi da. 1898. urtean jaio zen, Uztarrozen, eta beraz, 88 urte zituen Andra Mari dantzari taldekoek elkarrizketatu zutenean. Euskaraz ere esaldi batzuk egiten ditu elkarrizketan, erronkarieraz zenbait gauza nola esaten ziren azalduz.

 

Hirugarren elkarrizketan Eduarda Lorea ageri zaigu. 95 urte ditu eta Uztarrozeko ttun-ttunari eta garai bateko bizimoduari buruz hitz egiten du. Erronkariko jantziak erakusten ditu, eta bertako historioak kontatu ere.

 

Erronkariko ttun-ttunaren historian hainbat taldek lan egin dute ingurutxo hau bizirik mantentzeko eta Galdakaoko Andra Marik ere egin du bere ahalegina. Ikerketutakoan praktikan jarriz ttun-ttuna dantzan jarri izan du, eta horixe da azken bideo honetan ikus daitekeena. Uztarroze eta Izabako ttun-ttuna Galdakaoko Andra Mari dantzari taldearen eskutik.

 

 

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Erlazionatutako elementuak
Uztarroze: ttun-ttuna 1986 Dionisia Marco