Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan

Dokumentuaren akzioak

Kapeluak dantzan Bagolinoko ihauterietan

Xabier Itzaina
2013/02/24 10:15
Bagolino italiar Alpesetan dagoen 3900 biztanleetako herri gotor bat da, Val Sabbia ballean. Administratiboki Bresciako probintziari (Lombardia) eratxikia da, bainan historikoki lotura politiko eta ekonomiko indartsuak izan ditu luzaz Veneziarekin, bai eta Trento-rekin elizaren partetik. Bagolinok ihauteri eder bat zaindu du gaur arte, eta aurten altxor horren jastatzeko parada ukan ginuen.

Igande arratsaldez

Bortu elurretan ateraldi bat eginik, herrirat hurbildu ginen 2013ko otsailaren 11an, igande arratsaldez. Ihauterietako azken hiru egunak dira gehienik ospatuak hemen, nahiz eta Erregeetarik geroz, astelehen eta ortzegunero soinulariak eta maskak jada karriketan barna ibiltzen diren. Erran zahar batek dio omen Eguberritik landa berehala datorrela Ihauteri, eta Erregeetarik landa, karrikarat joan daitekela: “dopo Nadal l’è sübit Carnaval, e dopo l’Epifania se po sübit nà via”. Bagolinoko ihauterian ateratzen dira bi talde desberdin: dantzariak (balarì) eta maskak (mascher). Dantzari helduak astelehen eta asteart gizenez beizik ez dira ateratzen. Igande arratsaldez, haurrak ikusi ginintuen dantzan, bai eta maska eta orga apainduak. Haurren dantza arrabita, kontrabaxu, gitarra eta mandolinak laguntzen zituzten. Haurrak ibili ziren karrikaz-karrika, geldialdi bakotx kontraiantza mota bat emanez. Arte hortan, maskak beren balentrian ari. Gehienak atsoz beztituak zirela (le vecchie), sorgin gisako maska batekin. Bertzeak bertze, atsoek behazaler josten eta iruten erakusten zuten, kilua gerrian. Gure Bresciako adixkidek errana zaukuten erne ibiltzea, Bagolinoko masken jokoa zela omen behazaleen parte pribatuenen hunkitzea, joritasunaren indartzeko xedearekin. Guk hasteko ez ginuen holakorik jasaiterik izan.

Bagolino elurpean. Bagolino 2013 01. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Ostatuetan arno beroa eta ihauterietako doinuak tirahala. Astirian plazan, haur eta gaztek eman zuten Ariosa dantza eder bezain luzea, errondan emaiten den bakarra. Dantza berarekin zuten helduek ihauteria bururatuko biharamun arratsean plaza berean. Egia erran, herria hain da bildua, dena karrika hertsi, arkupe, xoko eta izkin, nun plaza hori den errondan dantzan artzeko toki bakarra. Haurrak dantzan ari ziren bitartean, maska bat ari zen komedian, italiar hauteskundeak eskarniatuz eta Emirateko ezantza bonoak salduz. Bide nabar karrika izkin batean hauteman ginintuen lau gizon, besoz-beso kantuz ari gogotik hiru bozetan. Besta herrikoi giro goxo hortan utzi ginintuen beren artean Bagossi-tarrak (Bagolinoko biztanleak) igande arratsean.

Mascher-ak. Bagolino 2013 02. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Astelehenean, goizean goizik

Biharamun goizean, Bagolinoko San Giorgio elizan ginen goiz-mezarentzat 6ak eta erditan ttanko. Elurra jeutsahala ari, bidea dena bihurgune, ez ginen fida. Otoa ahal bezala utzirik igan ginen elizarat. Karrikak ilun, argi bakar batzu han eta hemen, dantzari bat edo bertze ageri karrika izkin edo arkupe batetarik, denak presaka elizarat abian, elurraren pean. Ipuin giroa. Eliza bera, XVII. mendeko bastiza haundi bat, mukurru betea zen. Dantzariak – 120 aurten, denak gizonak eta adin guzietakoak, batto omen 80 urtetakoa– lehen alkietan jarriak ziren. Beren xapela eta maskak utziak zituzten sahetsetako aldaretan. Ebanjelioa Canako ezteietaz. Ura arno bihurtu, ihauteriarentzat egokia. Predikuan erretorak azpimarratu zuen elgarren errespetuaren premia. Tokiko prentsan aipatu omen zuten azken urteetan izan zirela gataska zonbeit, kanpoko gazte mozkorren gatik. Mezatik landa, elurra beti eta azkarrago ari zela eta, balarì-ek bi lerrotan eman zituzten hiruzpalau dantza elizaren arkupean, erretoraren ohoretan. Lehen emanaldi hori bururatu eta, erretorak gomitatu zituen dantzariak, herritarrak eta kanpotiarrak apezetxerat askariko. Menturatu ginen gu ere, eta salda beroa gozatu, bai eta xingar, xerriki, kruspeta eta Bagossi tokiko behi gasna ospetsua. Balarì batek bi arbendol goxoki eskaini zituen Sara gure Bresciako adixkideari eta Fabienne nere andreari. “Eta zertako ez guri?” inplizituki zion nere behara zorrotza hautemanik, dantzariak azaldu zautan untsalaz balarì batek eman goxoki horiek emazteen joritasunaren azkurri bihurtzen zela. Hala bada, alabainan... Apezetxeko paretetan, saindu eta kurutzen artean, ihauterietako hunenbertze argazki eder. Erretora argazkizalea eta ihauterizalea omen da, gauza arraroa! Milanoko Inter eta AC eta Torinoko Juve-k osatzen zuten Trinitate heterodoxo bat ere bazen apezetxeko argazkietan, Italian gira.

Dantzariak goiz mezan. Bagolino 2013 04. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Apezetxea utzirik, segitu ginintuen dantzari eta soinulariak, lehenik herriko zahar-etxerat. Elurra beti ari zenez, dantzariak erabaki zuten etzirela egun contrade edo auzoetan ibiliko. Biharamunean bai, atertzekotan. “Gaurkoan, Konpañia desegin da” zeraukun dantzari batek. Soinulariek halere aintzina jo zuten, xaharren loriarentzat. Soinu fina, eztia eta airosa, dantzarako deia. Nerio arrabitariarekin solasetan hasita, soinulari baten etxean sartu ginen ezinbertzean elurraren gatik. Bestak barnean segitu zuen du soinu, kantu eta dantzekin.

Lehen dantza, mezatik lekora. Bagolino 2013 05. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Jauntziak

Balarì dantzari bat. Bagolino 2013 06. Arg. Fabienne Lastere-ItzainaGure arrabitariari esker bildu ginintuen hunenbertze xehetasun balios. Neriok lehenik azpimarratu zaukun dantzarien jauntzien garrantzia. Jauntziak izigarri aberatsak dira. Dotoretasun eta noblezia emaiten diote dantzariari. Parte garrantzitsuena kapelua da. Oinarri gorri baten gainean josiak dira hunenbertze floka eta xingola, panpina ttipi batek loturik atxikitzen dituenak gainetik. Kapeluan josiak dira hunenbertze broxa, joia, eraztun eta sautoir-ak, Lapurdi-Baxenabarreko bolant edo kaxkarotek papoan derabiltzatenen parekoa. “Kapeluaren beztitzea” erraiten diote emazten esku den urreriaren joste lanari. 1976an, Italo Sordi Veneziako ikerleak, Guilcher irakurririk, azpimarratzen zuen Bagolinoko urreria eta Uztaritzeko kaxkaroten papoko joieraren arteko parekotasuna (Sordi 1976). Uztaritzen, kaxkarotek papoaren bi aldetarik derabilaten lepoko berde edo gorria bi eraztunetarik barna pasatzen da. Garai batez, kaxkarotaren burrasoen eztei eta ezkont-hitzetako eraztunak ziren. Papoko sautoirs edo urrezko kadenak aldiz untsalaz ezkont berriak bere andreari eskaintzen zituenak ziren. Kaxkaroten etxe-kurrida, hain segur, ezkont-gaien parada bat zen. Bagolinon aldiz, adin guzietako gizonak dira beztitzen, ezkonduak barne.

Eliz-arkupean. Bagolino 2013 07. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Bagolinon urreria ez da alegiazko. Dantzarien etxe-kurrida hain xuxen urreria prestatu duten etxeetan geldituko da, dantza batekin eskertzeko. Dantzariak eta soinulariak ez dira untsalaz sartzen etxetan. Dantza emaiten dute etx’aintzinean, eta soinularier diete edaterat emaiten. Garai batez dantzari batzuk lasto bat erabiltzen zuten edate zerbeiten harrapatzeko. Dantzariaren bisaia maska batek kukutzen du. Mascher-ak bezala, dantzariak ez du bere burua ezagutarazi behar. Erdi xuri, erdi beltz, Veneziako masken eitekoa – artetik erraiteko, Veneziako ihauterietarat egin ginuen agerraldi bat, bainan euri uharrak ginintuen oroz gainetik ikusi -. Bagolinon, dantzari batzuk gizonarena (capo) egiten dutena eta bertzek andrearena (figura), eta binazka ari dira dantzan. Italo Sordik (1976) dioenez, izan zen garai batez hirugarren dantzari mota: bat, “zuave” deitua, arlekino gisakoak. Ez naiz hemen jauntziaren xehetasunetan sartuko, balitaike erraiteko frango. Derragun bakarrik kapelua dela jauntziaren gakoa: Soinulariek diotenez, Bagolinon kapelua dute dantzarazten, eta ez dantzaria. Behin ba omen zen dantzari bat eri izanki ezin izan zena atera ihauteriz. Jauntziak lagun bateri utzi zituen, eta uros zen jakinez “bere kapelua dantzan arizanen zela”!

Apezetxean salda. Bagolino 2013 08. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Soinulariak

Soinularien ihauterietako errepertorioan badira 25 dantza desberdin. Italia mailan herri bakar batek hain errepertorio aberatsa ukaitea salbuespen bat da. Doinuek badute Europa erdialde edo Eskandinabiar kutsu zerbeit. Izen zonbeitek frantses edo okzitandar oihartzun zerbeit badute: “Pas en Amur”, “Bal frances”. L’Ariosa dantza doinuaren bigarren partea Baxenabartarren Lauetan erdizka edo Xiberoko Satan-en doinua orroitarazten du. Frantzian “Bon voyage, cher Dumollet” bezala ezaguna zen doinu hori. Bertzalde, aire zonbeitek, bereziki Pas en Amur delakoak, badute Ossau balleko branle-ekin ahaidetasun zerbeit, eta, urrundik bada ere, gure Gabotarekin. Ahozko tradizioz transmititu izan ziren gaur arte doinuak, nahiz eta kanpotiar batek 1816an jada partituretan ezarri zituen. Bagolinoko ihauteriaren lehen aipamenak aurki ditaizke XVI. mendean, eta ihauteria ez da sekulan gelditu, ezta gerla denboran ere. Azken gerlan, soinulariak atera omen ziren presonerrak herrirat sartu zirelarik.

Zahar etxean. Bagolino 2013 09. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Balarí bikote bat. Bagolino 2013 10. Arg. Fabienne Lastere-ItzainaSoinulariak denak herritarrak dira. XVIII. mendean jada, bagossi-ek soinulariak edo kantari fama zuten. Frangotan tresnak berak eginak ziren. Izan ziren garai batez lau dantzari konpañia betan ateratzen zirenak herrian. Gaur egun biga dira: bat Bagolinon berean, bertzea Ponte Caffaron (Bagolinoko herriari lotua den behereko auzoa). Soinulariak dantzarien xerbitxuko daukate beren burua. Eta harreman hori ez da sinbolikoa bakarrik: compagnia osatzen duten dantzariek ordaintzen dute quota bat soinularien pagatzeko. 1970 urteetan oraindik, dantzariak zuen manatzen soinularier ze aire jo behar zuten. Dantzariak pagatzen zuen bere dantzarentzat capo in seconda edo bigarren buruzagiari. Hunek dirua capo edo buruzagi nagusiari emaiten zuen, eta azken hunek zituen soinulariak pagatzen arabera arratsean berean. Buruzagiak markatzen zuen dantzari bakotxak zonbat dantza galdegin zituen kaier batean, edo ilhar bat sartzen sakelan aire bakotx, edo oxka bat egiten arrabitan. F. Cappelletto antropologoak dioenez, soinulariek dantzarien buruzagiek beino gutiago irabazten zuten. “L’è un sunadùr”: hau soinulari bat da, erraiten omen zioten Bagolinon gutirekin bizi zenari. Dantzarien buruzagiek aldiz untsa irabazten zuten. Cappellettok bildu datuen arabera, bi gerlen artean, dantza batek (una suonata) 50 lira balio zituen, eta behi batek 2-3000 lira. Buruzagi bakotxak irabaz zezazken 7000-15000 lira ihauteri batez. 1970 urte erditsutan, dantzariak 500 lira pagatzen zituen doinu bakotx.

Soinularien pausa. Bagolino 2013 11. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Alabainan, etekina partekatu behar zenez, orduko soinulari taldeak gaurkoak beino murritxago ziren. Gehienez lau, soinularien nagusiak berak hautatuak. Noizpeit deliberatu zuten xixtema aldatzea. Dantzari guziek dirutze bera emanen zutela konpañiaren partzuer bilakatzeko, diru horrekin pagatuko zirela soinulariak eta ihauteri undarreko afaria. Geroztik ez da pagatzen dantza bakotx. Lapurdin – eta Baztanen XX. mende erditsuraino - xixtema bertsua izan zen XIX. mendean: Milafrangan 1845, gaztek osatzen zuten “la société du tambourin” edo “ttunttunaren elkarte” bat, eta Bazkotik Abendoraino arrestatzen zuten ttunttunero edo arrabitari bat igandero jotzeko. Elkartean parte hartzeko bakotxak behar zuen hunenbertze pagatu. Konduek eztabaida sortzen zuten batzutan. Adibidez Vincent Samacoïts tamburinak 1832an auziperatu zituen Milafrangako gazteak, eta halaber egin zuen Luhusoko gazteriarekin 1817an Christobal Errotaldebehere itsasuar tamburinak. Hegoaldean soinulariaren diru tratuak ezagunak dira frangotan herriko etxek ordainduak zirelakotz. Iparraldean, soinularien pagak agertzen dire herrietako konduetan XIX. mende hastapena artino, gero aise gutiago, frangotan gazteriaren esku pasatu zirelakotz. Bada hor barnatzeko zerbeit. Jean-Mixel Bedaxagar-en ganik badakit, adibidez, Lexardoat Atharratzeko xirulariak zurgin baten jornala –bera hala zen ofizioz - galdegiten zuela egun pasa bazabilalarik maskaradekin.

Ihauteriek eta soinulariek Elizarekin zuten harreman koropilatsuaren berri aurkitzen dugu baita ere Bagolinon. Itxura guzien arabera, ihautezale eta herriko erretoraren arteko harremanak ez ziren beti orain bezain lehunak izan. Garai batez elizak debekatzen zuen kapeluaren beztimena bera. Orain dela 40 bat urte, gertatu izan zen behin soinulari eskasez ihauteriak Garizumako lehen egunetan atera behar izaitea. Ondoko igandean, erretorak meza denboran dantzan eta soinuan ari ziren batzu izendatu eta exkomunikatu zituen. Nola ez gogoratu Izpurako Faustin Bentaberry, Senpereko “Iñaxio ehulea” arrabitaria, Ezpeletako Zugarramurdi klarinetaria eta bertze hainbat soinulariek apezekin izan zituzten tirabirak? Bainan ber-denboran, Kanbo behereko kaxkarotek, 1939 arte, asteart-ihauteko itzulia goiz mezarekin hasten zuten, eta gero erretorak eskaini askariarekin, Bagolinon bezal-bezala. Han hemen bezala, jendea jende, eta apezaren pertsonalitateak ainitz egiten zuen harreman horietan.

Etxerateko tenorea ginuela eta, eguerdi inguruan utzi ginintuen Bagossi-ak beren artean. Gibelerateko bidaia bertze balentria bat izan zen, elurraren gatik.

Dantzarako prestatzen. Bagolino 2013 12. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Irakurketak

Sinboloz betea da Bagolinoko ihauteria. Francesca Cappelletto antropologoarentzat, Bagolinoko ihauterietan bi elkartruke erritualizatzen dira (Cappelletto 1995). Alde batetik, dantzariaren etxeko emazteek kapeluaren beztitzeko eta “ohoratzeko” behar den urreria prestatzen dute. Prestamuaren truke, balarì-ek dantza eskaintzen du : “ballare è un rendere” (dantzatzea ordaintzea da). Ezkontgaiaren etxe aintzinean ere emaiten da untsalaz dantza bat. Bigarren elkartrukea dantzarien artekoa da: ihauteri garaian, dantzari bakotxak badu partzuer bat (socio), eta birazka ibiltzen dira bi egunez, bai dantza bai atseden denboran. Elgarren arteko lotura azkarra da, partzuerra “anaia beino hobekiago da”. Lehenago, hirugarren elgar-truke bat izaiten zen: herriaren bi parteren artean (Caprile eta Visnà): dantzarien konpañiek kasu egiten zuten herriaren bi parteren arteko orekaren errespetatzea, bai konpañiaren osaketan, bai ibilaldian. Auzo herrien arteko bisitak ere ba omen ziren. Cappellettok erakusten du ihauterian herriko familien eta etxeen harremanak zirela sinbolikoki jokatzen. Monografia antropologiko klasiko hortan erakusten dira mundu errituala, familiaren mundua eta lanaren munduaren arteko funtsezko loturak. Bai metodo aldetik, bai ekeiaren aldetik, Cappelletto-ren lanak Sandra Ott-ek Santa Graziz egin zuen lan baliosa orroitarazten du.

1970 urteetan, Italo Sordik zion Bagolinoko ihauterietaz bazirela hunenbertze interpretazio lehian (Sordi, 1976). Ikerle zonbeitentzat, ihauteria ihardokitze soziopolitiko sinboliko bat zen, boterearen satira. Xapelaren beztitzea, sentsu hortan, pobrearen dotoretasunaren sinbolo bihurtzen zen. Sordik dio, haatik, 1970 urteetan Bagolinon nehor ere etzela irakurketa hortan bermatzen. Izaitekotz, herritarrek dantza eta masken erranahi erotikoa zaukaten bixtan. Historikiko gainerat, zion Sordik, sobera arruntak ziren sinboloak emeki emeki baztertu zituzten. Dantza batzuen doinuetan kantatzen ziren hitzak lehenagoko erranahi horren lekuko zitaizken.

Kapeluak goiz meza denboran. Bagolino 2013 03. Arg. Fabienne Lastere-Itzaina

Bertzalde aurkitzen dira Bagolinon bertze europar ihauteritan hautemaiten diren hainbat elementu: arrabotsa (bereziki masken erabiltzen dituzten eskalapoin bereziekin), hartza (bere dantza ere izan zuena garai batez), basa eta zibilizatua, eta abar. Sordi berak proposatzen zuen 1970 urteetan airean zagoen klase irakurketa bat: dantzariak eta soinulariek herriko jabe, saltzaile eta ofiziale klasea irudika lezakete. Klase horrek bere ereduak hiriko kulturan bilatu zituen, gero eredu hori kultura herrikoian osoki murgilduz. Maskek aldiz, eta bereziki xahar eta atsoen figurek, lehenagoko laborari eta artzain mundu “ez antolatua” lukete irudikatzen. Cappellettoren lanaren arabera, ezin erran haatik laborari eta artzain mundua etzela antolatua, izaitekotz alderantziz. Harreman sozial guziak kodifikatuak ziren, bai lanean bai esparru erritualetan. Erantzunik gabeko galdera ainitz beraz, han hemen bezala. Hasteko, izigarri besta ederra eta herrikoia zaindu dute Bagolinon. Eta, xiberutarrek dioten bezala, guri egin zaukuten batzarria ez gaude ahanztekotan.

Florentzian, 2013ko otsailean

Bagolinoko ihauteriari buruzko dokumental bat:

Dantza doinuak:

AESS: Archivo de etnografia e storia sociale: http://www.aess.regione.lombardia.it

Bagolinoko webgunean: http://www.bagolino.net/musicheballi.htm

Bibliografia:

Cappelletto, F., Il carnevale : organizzazione sociale e pratiche cerimoniali a Bagolino, Brescia, Grafo, 1995.

Leydi R., Pederiva C. (1976), “I balli del carnevale a Bagolino”, in R. Leydi, B. Pianta (a cura di), Mondo popolare in Lombardia. Brescia e il suo territorio, vol. 2, Milano, Silvana, p. 45-74.

Richiedei, N. (2012), Il Carnevale di Bagolino in Val Sabbia in Luca Giarelli (a cura di), Carnevali e folclore delle Alpi. Riti, suoni e tradizioni popolari delle vallate europee, p. 69-75.

Sordi, I. (1976),”Il Carnevale di Bagolino, in R. Leydi, B. Pianta (a cura di), Mondo popolare in Lombardia. Brescia e il suo territorio, vol. 2, Milano, Silvana, p. 25-43.

2013/02/25 10:39
Bai inauteri eta artikulu ederrak Xabier! Elurrak zail jarri zizuen txangoa alajaina. Oso interesgarriak erritual, jantzi eta musikan antzeman dituzun antzekotasunak euskal inauteriekin.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Argazkiak: Fabienne Lastere-Itzaina