Jaurrietako Axuri-beltza dantza estreinatu zela 40 urte
1969ko maiatzaren 4an estreinatu zuen Argia dantzari taldeak Axuri-beltza edo Jaurrietako nesken-dantza. Garai batean dantza izan zena berreskuratzeko modurik ez, eta Azkuen kantutegiak jasotzen zuen doinuan oinarrituta dantza berregin zuen Juan Antonio Urbeltzek.
Juan Antonio Urbeltzek bera idatzi ditu Jaurrietaren berregitearen nondik norakoak azaltzen dituen ondoko lerroak:
Eaurtako neska-dantza
1967an, Otsagabiako
dantzak biltzen ari ginela, Auñamendi argitaletxeak Erronkariri, Nabaskozeri
eta Zaraitzu
ibarrari buruz argitaratutako bi liburuxka erosi genituen.
Zaraitzuri buruzko liburuxkan, Jaurrieta herriko dantza kantatu bat
aipatzen zen. Aurkezpen laburrean zioenez, "nesken" dantza
zen. Garai hartan xehetasun garrantzitsua zen hori, neskentzat dantza
gutxi baitzituzten dantza tradizionalak dantzatzen zituzten taldeek.
Bernardo eta José
Estornés Lasari informazioa eskatu genien, eta esan ziguten R.M. Azkueren
kantategitik hartu zutela dantza eta Axuri Beltza izena zuela. Ondoren,
Jaurrietara joan ginen argibide gehiagoren bila. Emakumezko adindu batekin
hitz egin genuen; ohean zegoen, ezindua. Doinua kantatu genion; zerbait
gogoratzen zuen, baina zehaztasun handiegirik gabe. Orduan, koreografia
berregin genuen, Azkueren testua oinarri hartuta -doinuak mutil-dantzaren
edo muxikoen erritmoa zuela zioen-. Dantza eszenaratzeko, beste dantza-doinu
bat hartu genuen, Lekarozko Zikiro Beltza izenekoa, eta soka-dantzaren
itxura eman genion. Azkenik, Zaraitzu ibarreko emakumezkoen jantzi dotoreez
apaindu genituen dantzariak. 1969ko udaberrian estreinatu zen Eaurtako
neska-dantza, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.
Erritmoa eta doinua,
hitz kantatuak eta jantzi dotoreak batuta berregin genuen dantza, eta
Euskal Herriko dantza-taldeen errepertorioan dago orduz geroztik.
Juan A. Urbeltz
1969ko maiatzaren 4an, igandean, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian Argia dantzari taldeak eskainitako emanaldian aurkeztu zuen Jaurrietako neska-dantza. Bezperan, La Voz egunkarian argitaratu zituen Javier Aranburuk Argiaren emanaldiaren nondik norakoak. Asteartean, maiatzaren 6an, argitaratu zen La Voz-en Javier Aranburuk emanaldiari buruz egindako kritika. "Sobrecogedora la Danza de las Muchachas de Jaurrieta" zioen bertan.
Harrezkero bide luzea egin du Axuri-beltzak. Euskal Herriko hainbat eta hainbat dantza taldek bildu zuten dantza beren errepertoriora eta taldeen emanaldietan ohiko dantza bihurtu zen denbora gutxian. Jaurrieta herrian bertan ere, orain urte batzuk herriko neskak hasi ziren dantzatzen axuri-beltza.
Orain urte batzuk, Lisa Corcostegui euskal-amerikar dantzari eta ikertzaileak jakinarazi zigun, Ameriketako Estatu Batuetan ere bide bitxia egiten ari zela Jaurrietako dantza. Janzkera beltza eta dantzaren xalotasunak eraginda, euskal amerikar dantza talde zenbait "The widow's dance", alegia, "alargunen dantza" zelakoan egiten hasiak ziren.
Axuri-beltza
txuria berriz hobea
dantzan ikasi nahi duen horrek
nere oinetara begira
Zertan ari haiz bakar
dantzatzen
agertzen gorputz erdia
su ilun horrek argitzen badin
ageriko haiz guztia


Erantzunak