Iztuetaren Gipuzkoako dantzen liburua sarean
oier 2006/04/25
Juan Inazio Iztuetaren 1824ko liburu klasikoa "Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia" oso-osorik digitalizatuta dago dagoeneko Interneten. Susa argitaletxearen eskutik Klasikoen Gordailuan jaso dute Iztuetaren liburua. Testu osoa, kapituloka antolatuta, bertan irakurtzeko moduan dago, eta RTF dokumentu bezala jaitsi eta norberaren ordenagailuan gordetzeko moduan prestatuta dago.
Ikusi Juan Inazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia Susa argitaletxeak bultzatutako Klasikoen Gordailuan.
Susakoek digitalizatu duten Iztuetaren lana 1990ean Mari Jose
Ezeizabarrenak argitaratu zuen edizioa da. Datu hau kontuan hartu behar
da, izan ere, euskal dantzaren alorrean gehien erabili izan den edizioa
1968an La Gran Enciclopedia Vascak argitaratu zuena da, bi zutabetan,
euskaraz eta gazteleraz dagoena. Iztuetaren idazkera erretoriko samarra
da eta darabilen grafia ez da gaur egun darabilgun bera, ondorioz,
askori nekeza gertatu izan zaio euskaraz irakurtzea, eta esango nuke
gehienbat gazteleraz irakurri izan dela Iztueta. Horregatik oso
interesgarria da 1990ean Mari Jose Ezeizabarrenak egin zuen lana,
Iztueta bere jatorrizko moduan, euskara hutsean argitaratu baitzuen, eta
grafia gaurko modura egokitu zuen. Eta liburu horixe da orain oso osorik
Interneten eskura dagoena.
Horrez gain, orain urte pare bat aipatu genuen Sancho el Sabio
Fundazioaren liburutegi digitalean ere jarri zutela Iztuetaren dantza
liburua. Kasu horretan liburuaren jatorrizko bertsioa da, bere horretan
jaso zutena. Liburutegi Digital hori ondoko helbidean dago, baina gaur
behintzat ezin izan dugu bertan ezer aurkitu, bilatzaileak arazoren bat
du eta.

