Folklore erakundeen izena eta izana
Aritz Ibañez 2007/11/19
Mugimendu erromantikoak folkloreakiko interesa eta elkarte folklorikoen sorrera bera bultzatu zituen XIX. mende bukaeran. Ehun urte baino gehiago pasa dira ordutik eta elkarte horien bilakaera nolakoa izan den aztertzea xede harturik, antolatu ditu Iruñeko Ortzadar Elkarteak bere XIII. Folklore jardunaldiak.
Hiru egunez elkartu dira alor bateko zein besteko adituak haien gogoetak plazaratzeko. Azaroaren 14an eta 15ean Susana Irigaray, “Julio Caro Baroja” Museoa eta “Cuadernos de Etnografia y Etnología de Navarra” aldizkariaren zuzendaria; Aitzpea Leizaola, EHUko Antropologia irakaslea; eta Juan Mari Beltran, Herri Musikaren Txokoaren Zuzendaria mintzatu dira.Azaroaren 16an Emilio Xabier Dueñas, Eusko Ikaskuntzako Folklore ataleko Lehendakaria; Oier Araolaza, dantzaria eta dantzan.com webgunearen sustatzailea; eta Mikel Aranburu, Folklorezalearekin osatutako mahaingurua gidatu du Karlos Irujok, Ortzadarreko kideak. Honakoak, azaroaren 16ko arratsaldean, Iruñeko erraldoien txokoan esandakoen kronika izan nahi du.
Eusko Ikaskuntzaren aportazioa
Emilio Xabier
Dueñas izan zen hitza hartzen lehena. Folklore hitzaren jatorriaren
inguruko zertzelada
batzuk eman ostean, Eusko Ikaskuntza erakundean
folklorearen inguruan egindako ekarpenak aletzen hasi zen. Oñatin (Gipuzkoa)
1918an egindako Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren ondoren sortu zen
Eusko Ikaskuntza bera. Nazional-erromantizismoaren garaia zen eta iragana
aintzat hartzen eta iragan horren lekukotasunak biltzen hasi ziren,
tartean folklorea.
(Argazkia: Aritz Ibañez)
Aro ezberdinak
Ia ehun urte hauetan gora behera ezberdinak bizi izan ditu Eusko Ikaskuntzak, gizarteak bizi izan dituenen gisakoak, gutxi gora behera. Erakundearen lehen aroan (1918-36) hainbat kongresu eta udako ikastaro antolatu zituen, sail ezberdinen bilkurak egin ziren eta baita dantza,
musika,
bertso, herri kirol eta enparauen emanaldiak ere, aspaldiko Lore-jokoetan
egiten zirenen modukoak 1937-76eko
tartean Espainiako gerra zibilaren eta ondorengo erregimenaren eragina
nabarmena izan zen, noski. Geldialdia izan zen erakundearen jardunean
eta ondoren, zaila izan zen estruktura berriz ere martxan jartzea.
Hirugarren
aroan (1977-...) Nazioarteko kongresuak, sail ezberdinen kaierak, eusko
ikaskuntzen nazioarteko aldizkaria eta eguneraketa prozesua (Euskonews,
Asmoz, Euskonwes&Media,...) izan dira protagonista
Hasiera hasieratik izan du folklore saila Eusko Ikaskuntzak. Hasierako ekarpenen ondotik, bere jarduera zabaldu du folklore sailak: erakundeekiko elkar-lana, folklore jardunaldien antolaketa, Jentilbaratz kaieraren karrikaratzea eta bestelako proiektuak.
Ez du izenak
egiten izana.
Gotzon Garatek bildutako atsotitz horrekin hasi zuen bere solasaldia Oier Araolazak. Kontua
da, dantza taldeak haien nortasuna definitzeko beharrean topatu direla
historian hainbatetan, eta horretarako etiketa ezberdinak erabili dituztela
unean-unean. Asko eta asko folklore talde izatetik, dantza tradizional
talde izatera pasa dira.
60. hamarkadan
nolabaiteko iraultza gertatu zen. Garai hartan hasi zen Jorge Oteiza
Arte Garaikidearen Euskal Eskolaren ideiaren bitartez euskal artea dinamizatzen.
Musikaren alorrean Ez dok Hamairu nola, dantzaren alorrean Juan
Antonio Urbeltz eta Argia dantza taldea hasi ziren lanean.
Argia-ren lan
moldeak beste dantza talde askotara zabaldu ziren. Gerra eta gerraostearen
ondoren erroak galduta zegoen euskal folklorea eta iturrietara,
herrietara, sustraietara, tradiziora itzultzeko bidea egin zuten dantza
talde askok. Folklorea kudeatzeko modu berriak aztertzen hasi ziren
eta ikerketa taldeak sortu ziren dantza taldeen baitan. Gaurko perspektibaz
eta agian zertxobait krudela izanda, fruitu gutxi eman zuen mugimendu hark guztiak, formazio eta metodologia falta tarteko.
Oier Araolaza eta Mikel Aranburu Urtasun.
(Argazkia: Aritz Ibañez)
Ugalkortasuna eta anonimotasuna
Sally Price
Antropologoaren esanak ere ekarri zituen gogora Araolazak. Mendebaldetik Arte Primitiboaren kontzeptua nola sortu eta erabili izan den aztertu du Pricek. Arte primitiboaren ikuskeran antzemandako ezaugarrietako batzuk ere antzeman daitezke euskal dantza taldeen jardueran. Adibide batzuk:
- Dantza tradizionala
nekazal munduarekin, ugalkortasunarekin, basatikeriarekin, paganismoarekin...
lotzeko joera. Euskeraren herrian bizi gara gainera eta euskera hizkuntza
antzinakoa, zaharra, basatia bada, gure dantzak ere halakoak behar dute:
antzinakoak, bereziak, bitxiak,...
- A
nonimotasuna.
Dantza tradizionala komunitatean sortu, garatu eta zabaldu deneko
ustea azaltzen da testuotan. Komunitatea azpimaratu eta norbanakoa desagertu
egiten da. Sortzaile indibidualik ez da onartzen.
- Orainaldi
etnografikoa. Testu horietan aditzak modu batean erabiltzen dira, non
aditz bakarrak Historia hasieratik gaur arte definitzeko balio baituen.
Hau da, antzinatea aldi historiko osotzat hartzen da, ez dago garai
zehatzen erreferentziarik, beraz ez dago bilakaerarik, ez dago aldaketarik.
Gauzak horrela izan dira beti.
70. hamarkadako
folklore taldeek ikusmolde erromantiko horren ezaugarriak jaso zituzten. Dantza
ikerketa esparru nagusi zuten, baina ez bakarra. Bestelako ekimenak ere
abiatuko zituzten: Olentzero, Santa Ageda, inauteriak, janzkeren inguruko
ikerketa lanak...
90. hamarkadatik
aurrera baina, “folklore talde” izena zuen erakunde hura “dantza
talde” izena hartzera pasako da. Izana izenarekin batera eraldatuko da maiz. Izan
ere, gizartearen babesa galduko dute taldeek, ikur izateari utziko diote,
lan esparrua murriztu eta hartara izena ere aldatuko dute.
Eta gaur egun
zer? Dantza taldeen erronka nagusia haien funtzio berriak (xumeagoak
akaso) zehaztea izanen da, auzo eta herriarekin lotuagoak.

Dantza taldeak,
amortizatutako ondasuna?
Mikel Aranburu
izan zen hirugarren hizlaria. Azkena izateak baditu alde on zein txarrak. Dantza taldeen
garapenaren laburpena eginez hasi zen. XIX. Mendeko nazionalismo erromantikotik
hasi, Espainiako Errepublika garaiko batzokietako ezpata-dantzari taldeekin
jarraitu, gerra ondoko dantza talde kamuflatuekin segi eta 70. hamarkadako
boom-arekin bukatuz.
Eta egungo
taldeen egoera zein da? 70. hamarkada horretatik aintzina etengabeko
gainbehera bizi izan dute dantza taldeek. Ez omen dute helbururik, ez
funtzio jakinik eta haien denboraren %90 bizi-irauteko erabiltzen dute.
Sorgin-gurpila
dago horren atzean. Produkzio artistiko eskasa dute taldeek, kalitaterik
ez, hartara ez dago emanaldirik ezta dirurik ere. Dirudik gabe ezin
taxuzko deus prestatu. Baliabiderik gabe produkzio artistiko eskasa
berriz,...
Dantza taldeen
funtzio berrien, profesionalizazioaren, esperientziadun dantzarien aholkuaren
beharra ere izan zituen hizpide Aranburuk.
Ondoren galderen
txanda heldu zen eta solasaldi interesgarriak sortu ziren dantzaren
krisi famatuaz, eskolaren garrantziaz, dantza ikasketen eta maisuen
profesionalizazioaren beharraz, zenbait dantza eredu berrien egokitasun
ezaz, erakundeen axolagabekeriaz,...
Gustora irten ginen jardunaldietara hurbildutako 40 bat lagunak. Arrakasta kualitatibo eta kuantitatiboa eta beraz, zorionak Ortzadar-eko antolatzaileendako egindako lanagatik. Heldu den urtean gehiago!
interesgarria eta beharrezkoa
Eztabaida horrek jarraitu behar luke.


Kontu asko zakuan