Hemen zaude: Hasiera Albisteak Erronkariko ttun-ttunaren historia osatzen

Erronkariko ttun-ttunaren historia osatzen

Oier Araolaza
2011/06/16 17:21
San Lorentzoko danzanteen kofradiak argitaratu duen boletinean Erronkariko ttun-ttunaren inguruko artikulua idatzi du Fernando Hualdek. Izaba, Uztarroze eta Garden dantza berreskuratzeko egindako ahaleginak aipatzen ditu, eta oro har, Erronkariko ttun-ttunaren inguruan izan diren ekimenak jasotzen ditu. Baina ibilbide horretan zenbait lan garrantzitsu aipatu gabe geratu dira, eta lan hori osatzen saiatuko gara honekin.

Badira bospasei urte Fernando Hualde berak Erronkariko ttun-ttunaren inguruko artikulua argitaratu zuela Diario de Noticias de Navarra egunkarian. Artikulu hartan zeuden hutsuneetako batzuk seinalatu zituen Mikel Aranburu Urtasun-ek <dantzan> posta zerrendan, eta Mikel Aranburu berak Euskomedian ttun-ttunari buruz argitaratutako artikuluan zehaztasun gehiago eskaintzen ditu. Oraingo honetan, San Lorentzoko danzanteek argitaratutako aldizkarian lan zabalagoa egin du Hualdek, baina lehenengo hutsek bere horretan jarraitzen dutenez, honako honen bidez dantza horren inguruko zenbait kontu aipatuko ditugu.

Erronkariko biztanleen ahaleginak

Fernando Hualderen lanean aipatzen den erreferentzia nagusia 1978an Marisol Oterminek egindako ikerketa lana da. Horren arabera, ttun-ttuna Erronkariko zazpi herrietan dantzatzen zen garai batean, baina XX. mende hasieran galtzen hasi, eta galdu zuen azken herria Uztarroze izan zen, 1920 inguruan Erronkariko bikotea Izabako iturrianutzi baitzitzaion bertan dantzatzeari. Oterminek Jose Berro, Eduarda Lorea eta Jonas Lorea adinekoak elkarrizketatu zituen bere lanerako, eta Izaba eta Uztarrozeko ttun-ttunak aztertu zituen bereziki. Horrez gain, 1930eko hamarkadan berreskuraketa ahalegin batzuk izan zirela aipatzen du, baina batez ere 50eko hamarkadan Izabako Estornes Lasa-tarrek egindako bilketa azpimarratzen du.

Hain zuzen ere, 50eko hamarkadan Javierrera egindako peregrinazioetan dantzatu izan zela aipatzen du Hualdek, eta 60ko hamarkadan izan zirela ahaleginak berreskuratzeko, eta Erronkari bailararen egunean dantzatu izan zela. Marisol Oterminen lanaren ondoren, 1982 eta 1983an Susana Garde, Amaya Zalguizuri eta Elena Zalguizurik berreskuratu eta herriko gazteei irakasteko ardura hartu zutela aipatzen dute bai Mikel Aranburuk eta bai Fernando Hualdek beren artikuluetan. Ez gaude ziur, baina ondoko bideoan agertzen direnak garai horretako irudiak izan daitezke.

 

Ondoren etena izan zen, eta 1998ko uztailaren 4an berpiztu zen, Izaban egindako emanaldi batean.

Ttun-ttuna Erronkarin XXI. mendean

2003an, Garden, eta Jose Manuel Mendiolari esker ekin zitzaion berriz ere ttun-ttuna dantzatzeari. 2004an Uztarrozek berreskuratu zuen dantza, baina ez zuen jarraipenik izan. 2003-2004 ikasturtean, Erronkariko Musika Eskolak Uztarroze, Izaba eta Gardeko ttun-ttunen musiken aldaerak bildu zituen, eta 2004an, Susana Garderen ekimenez, Izaban dantza berreskuratzen hasi ziren. 2005eko uztailaren 25ean egin zuen bere lehen aurkezpena Izabako Kurruskla taldeak, eta hamairu bikotek parte hartu zuela lehen emanaldi hartan kontatzen du Hualdek.

2005ean Erronkari herrian bertan, Andoni Iribarrenek akuilatuta, sortu zen ttun-ttuna dantzatzeko taldea, eta ordutik urtera dantzatzen dute herriko jaietan. Taldearen ekitaldi eta lanen berri jasotzen du Kurruskla taldearen blogak eta Izabako elkarte honek azken bost urteetan egindako lanaren erakusgarri da.

Ondoko bideoan, Kurruskla taldea ageri da Izaban, 2007ko abenduaren 9an Bernardo Estornesi egin zitzaion omenaldian ttun-ttuna dantzatzen.



Aurrekari batzuk falta
dira 

Orain artekoak dira Fernando Hualdek aipatzen dituen berreskuratze eta ikerketa lanak. XX. mendearen Erronkariko bikotea 1922bukaera eta XXI. mende hasieran hainbat ahalegin egin direla ikusten da, eta gaur egun indartsu antzematen da ttun-ttuna Erronkarin. Baina arestian aipatu bezala, XX. mendearen erdialdean ere zenbait ahalegin interesgarri izan ziren, eta horiek jaso nahi ditugu honako honetan. Badirudi, kanpotarrek egindako lanak ez direla aintzat hartu lan horretan, baina zenbaitetan kanpotar horiei esker berreskuratu ahal izan dira zenbait dantza, eta honako honetan ere, ziur aski lagungarri gertatuko ziren.

Oberena eta Maxi Aranburu

Lehenik eta behin, Gerra ostean, 1941tik aurrera, Iruñeko Oberena taldeak egindako lana aipatu behar da. Maxi Aranburuk (Mikel Aranbururen aitak) gidatutako taldeak Erronkariko ttun-ttuna ikasi eta hainbat emanalditan eskaini zuen gerra oste ilun horretan, eta ziur aski beste inon ttun-ttunik dantzatzen ez zen garaian, piztuta eutsi zioten ingurutxo horren sugarrari. Mikel Aranburuk Euskomedian idatzitakoaren arabera 1941eko udan jo zuten Maxi Aranburuk gidatutako Oberenako gazteek Erronkarira. Uztarrozen Teodoro Marco-rekin ikasi zuten dantza, eta 1942ko maiatzean Uztarrozen bertan eta haraneko janzkera tradizionala zeramaten Uztarroze bertako zazpi neskarekin dantzatu zuten. Oberenak bere errepertorioan txertatu zuen ttun-ttuna eta bere emanaldietan ohikoa izaten zen.

Gaizka Barandiaran eta ttun-ttuna

XX. mendeko 50eko hamarkadan Izabako Estornes Lasa familiak ttun-ttuna berreskuratzen egindako Erronkariko gizon taldea 1900lana aipatzen dute Hualdek eta Aranburuk, baina bitxia da ez dutela aipatzen Gaizka Barandiaran-en lana. Gaizka Barandiaranek dantza alorrean egindako lehen bilketa lana izan zen Erronkariko ttun-ttunarena. Xabierreko konbentuan zegoen garai horretan eta aipatua izan denez jabieradetan maiz dantzatu izan zen ttun-ttuna 50eko hamarkadan. Barandiaran berak honela gogoratzen zuen ttun-ttunaren inguruko lana orain 2006an egindako elkarrizetan:

  • Zuk egindako lehenengoetako ikerketa lana Uztarrozeko ingurutxoari buruzko izan zen?
Hori izan zan lehenengo-lehenengo dantza. Erronkarin egoten nintzen askotan. Hango berri banekien. Halako batean izan nuen Uztarrozeko dantzaren berri eta joan nintzen hara. Galdetu nuen, hango neskatxek uste dut dantza egiten zutela orduan, eta bati hartu nion Uztarrozeko dantza hori. Musika hango beste bati hartu nion. Lehehenengo-lehehengo argitaratu nuena horixe izan zan.

Boletin de la Real Sociedad Basconda de Amigos del Pais-en argitaratu zuen lan hori, 1956. urtean. Hementxe duzue erreferentzia eta artikulua bera ere pdf formatuan:

Artikuluan bertan azaltzen duenez, Gaizka Barandiaran-ek Uztarrozeko Teodora Layana eta Bernarda Perez-ekin ikasi zuen ttun-ttuna, eta haiek emandako argibideak jarri zituen paperean.

Ttun-ttuna NO-DOan

Oberena eta Gaizka Barandiaran-en lanen ondorengo urteetako da jarraian aurkezten dugun bideoa. Zehazki 1959koa da, eta NO-DO-rako eta Seccion Femeninaren akuiluz egindako dantzen grabazioen sortakoa da. Iruñean egina da grabazioa eta Uztarrozeko ttun-ttuna dantzatzen dute. Ez dakigu zein talde ageri den dantzan, beraz, inork baleki eskertuko genioke argitzea.


Beste grabazio hau berriz 1963koa da. Uztarrozeko ttun-ttuna dantzatzen ageri dira, Iruñean grabatutako irudiak dira, eta itxura guztien arabera dantzariak ere Iruñeko talderen batekoak izan daitezke.


Argia dantzari taldea eta ttun-ttuna
 

Donostiako Argia dantzari taldeak 1969an ikasi zuen Erronkariko ttun-ttuna. Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi eta Argiako kideek Uztarrozeko Sastre etxeko Ricarda Perez eta Leonides Mayok irakatsita ikasi zuten eta Izabakoa, Justa Labayruk, garai haietan Iruñean bizi zenak, irakatsita. Gero, Maxi Aranbururekin izan ziren, eta haren aholkuekin osatu zuten dantza. Argiak bere emanaldietan maiz eskaini zuen Erronkariko ttun-ttuna, ondoko argazkiak 1971an Donostiako Trinitate plazan egindako emanaldikoak dira adibidez.

Argia: Ttun-ttun 1

1971, Argia Trinitate plazan CC-BY-SA Garayalde, Javier - GureGipuzkoa.net 

Argia: Ttun-ttun 3

1971, Argia Trinitate plazan CC-BY-SA Garayalde, Javier - GureGipuzkoa.net

Argiak ttun-ttuna dantzatzeko erabiltzen zituen jantziei dagokionez Estornes Lasa familiak utzitako Lodosa Urbeltz ttun-ttun-aargazki zaharrak, Erronkariko gaia aurkezten zuten Sorollaren margoak, Donostiako San Telmo museoan zeuden piezak eta Erronkariko haraneko juntetxean ikusgai zeuden jantziak hartu zituzten eredu. Jexux Larreak jakinarazi digunez, Laurak, Donostiako jostunak egin zituen jantziak.

Urte batzuk beranduago, 1988tik aurrera, Argiak Zortziko ikuskizunean ere eskaini zuen ttun-ttuna eta hona horren adibide bat. Erronkariko ttun-ttuna Argiaren Zortziko ikuskizunean, Oiartzun, 1989. 

 

Nafarroa: Musika herrikoia 

Soñua zigiluaren eskutik, 1982. urtean, Nafarroa, Musika Herrikoia I, diska

argitaratu zen. Bertan, lehen bi doinuak Erronkariko ttun-ttunarenak dira,  hain zuzen ere Izabako ttun-ttuna, eta Uztarrozeko ttun-ttuna. Doinu horiek Mintxo Garaikoetxea musikariak interpretatu zituen grabazio horietarako eta hemen dituzue eskura mp3 formatoan:

Bestalde, Amaia Baglietok, Izabako Kurruskla taldearekin aritzen den txistulariak jakinarazi digunez, Aiko taldeak ere badu Izabako ttun-ttunaren grabazio bat Zubia argitaletxearen "Euskal Herrialdeetako Dantzak" diskarako prestatu zuena eta bere webgunean eskuragarri dagoena:


Josema Mendiola eta Gardeko ttun-ttuna

Garden ttun-ttuna 2003tik berriz ere urtero, abuztuaren 18an dantzatzen dela jaso dute Hualdek eta Aranburuk, eta horren eragilea Jose Manuel Mendiola dela. Mendiolari buruz Hualdek dio Gardeko emakume batekin ezkondutako gipuzkoarra dela, eta Gardeko herritarrek ttun-ttuna ezagutu zezaten lehenengo eta behin bere taldea ekarri zuela. Ondoren Gardeko herritarrei irakatsi zien ttun-ttuna eta jantzi eta orrazkeraren azken detailea zaindu zuela dena txukun plazara zedin.

Jose Manuel Mendiola añorgarra da, Arkaitz Añorgako dantzariak taldekoa eta horixe da Gardera eraman zuen taldea, bertakoek gipuzkoar batzuen eskutik beren herriko dantza ikusi eta ikasi zezaten. Beste herri eta momentu batzuetan ere gertatu izan dira horrelakoak, eta horregatik iruditzen zaigu dantza lokalen historiak egiterakoan aintzat hartu behar direla kanpoko taldeek egindako lanak ere. Altsasuko inauteria Altsasun galduta zegoen eta Galdakaoko Andra Marik berreskuratu eta Altsasun aurkeztu ondoren abiatu zen berreskuratze lana. Horrelako adibide gehiago ere badira. Horregatik, merezi du Mendiolaren nondik norakoari erreparatzea, izan ere, Josema Mendiola Arkaitz taldekoa izateaz gain, Donostiako Argia dantzari taldean aritu zen luzaroan, eta Argian ikasi zuen Erronkariko ttun-ttuna.

Ttun-ttuna Garden. Gardeko udala.

 

Arkaitz Añorgako dantzariak taldea 2001ean izan zen Gardeko jaietan ttun-ttuna dantzatzen Gari Otamendik argitu digunez. Ondoren, herritarrei irakatsi zien dantza Josema Mendiolak eta 2003tik aurrera beraiek egiten dute ttun-ttuna.

Erronkari -herriko- ttun-ttun parte-hartzailea

Erantzunetan Karlos Irujok jakinarazi digunez, Erronkari herrian sustatu den ttun-ttunak baditu ñabardura batzuk Gardekoarekin alderatuta. Andoni Iribarren-ek Iruñeko Ortzadarren ikasi zuen ttun-ttuna, Oberena eta Maxi Aranbururekin ikasia zuten bertan, eta dantza bera oso antzerakoa bada ere, plazara eramateko moduan aurki daitezke desberdintasunak. Izan ere, parte  hartzea sustatu nahi izan da Erronkari herrian, eta ondorioz, bikoteak erabat modu librean osatzen dira, neska, mutil, gizon, emakume edo ume diren kontuan hartu gabe, janzkera arrunta izaten da, eta musika grabatua erabiltzen da. Ondorioz, parte hartze handia izaten da.

Galdakaoko Andra Marik jasotako testigantzak (eguneraketa, 2011-12-29)

1980ko hamarkadan, Juan Antonio Urbeltz-ek gomenduta, Erronkariko folklorean biltzen aritu zen Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea. 1986ko neguan Uztarrozeko ttun-ttunari buruzko zenbait elkarrizketa egin zituzten eta horiek bideo grabazioak sareratu dituzte. 1986an egindako hiru elkarrizketa dira, Uztarrozen, Eduarda Lorea, Dionisia Marco eta Fidela Bernat emakumeei ttun-ttunari buruz eta garai bateko bizimoduari buruz egindakoak.  Besteak beste, Andra Mari taldeko Jabi Arrunbarrena, Jabi Bengoa, Aitor Zamalloa eta Josean Legarretak aritu ziren lan horretan. Bideoan grabatutako elkarrizketak digitalizatu eta sareratu ditu Andra Marik eta denon eskura jarri ditu.

Lehen bideoan Dionisia Marco ageri da. 81 urte zituen grabaketaren egunean. Uztarrozeko ttun-ttuna eta beraien bizimoduaz aritzen da. Dantza egiteko altxatzen da ere une batzuetan, ttun-ttuna dantzatzeko urratsak erakusteko eta baita jota nola dantzatzen zuten erakusteko ere.

Bigarren bideoan, Fidela Bernat ageri zaigu. Fidela Bernat Erronkariko azken euskalduna, erronkarieraz mintzatzen zen azken euskalduna izan zela esan ohi da. 1898. urtean jaio zen, Uztarrozen, eta beraz, 88 urte zituen Andra Mari dantzari taldekoek elkarrizketatu zutenean. Euskaraz ere esaldi batzuk egiten ditu elkarrizketan, erronkarieraz zenbait gauza nola esaten ziren azalduz.

 

 

Hirugarren elkarrizketan Eduarda Lorea ageri zaigu. 95 urte ditu eta Uztarrozeko ttun-ttunari eta garai bateko bizimoduari buruz hitz egiten du. Erronkariko jantziak erakusten ditu, eta bertako historioak kontatu ere.

 

Erronkariko ttun-ttunaren historian hainbat taldek lan egin dute ingurutxo hau bizirik mantentzeko eta Galdakaoko Andra Marik ere egin du bere ahalegina. Ikerketutakoan praktikan jarriz ttun-ttuna dantzan jarri izan du, eta horixe da azken bideo honetan ikus daitekeena. Uztarroze eta Izabako ttun-ttuna Galdakaoko Andra Mari dantzari taldearen eskutik.

 

 

Ttun-ttunaren historia osatzen

Erronkariko ttun-ttuna Izaba, Uztarroze, Garde edo Erronkari bertako herritarren ondarea da. Baina folklorean maiz gertatzen den moduan, batzuetan tokian-tokiko biztanleek estimatzen ez dutena kanpotarrek estimatzen dutelako gorde eta berpiztu ahal izaten da. Artikulu honen bidez Erronkariko ttun-ttunaren ibilbidean bere ekarpena egin duten Erronkaritik kanpoko zenbait talde, ikertzaile eta dantzari aipatu nahi izan ditugu, herriko sustatzaile eta dantzariekin batera, dantza eder honi segida emateko lanean zeresana izan baitute. Eta ziur aski, izango dira beste zenbait, hemen aipatu gabekoak (haien berri izan ez dugulako),  bailarakoak zein bailaratik kanpokoak, ttun-ttunaren historian bere ekarpena egin izan dutenak. Inork horien berri izanez gero estimatuko diogu zerrenda hau osatzen jarraitzea.

Karlos Irujo
2011/06/17 19:48

Atzo bertan egon ginen Ortzadarkook Andoni Iribarrenekin Erronkari herriko ttun-ttunari buruz solasean. Orain arte emandako azalpenak erabat interesgarriak izan dira eta bat datoz Andoniren ahotik entzun genituenekin. Garde eta Erronkariko kasuak bitxiak dira. Bi ttun-ttunak edaten baitute iturri ezberdinetatik: kasu batean Argia taldeak jaso zuen informazioetatik eta Erronkarikoen kasuan Andonik Ortzadarren ikasitako ttun-ttunetik; hau Oberena eta Maxi Aranbururengandik ikasia, Mikelek arrunt ongi erraten duen bezala. Ñabardurak bilatzeagatik erran genezake plazara eramateko garaian izan direla ezberdintasunak. Erronkariko kasuan xedea dantzatzea bera da. Hori lortze aldera ez da lehenetsi janzkera edo txistulari bat izatea, adibidez. Erronkarin bikoteak ez dira derrigorrez neska-mutilez, andre-gizonez osatuta; haurrek eta helduek dantzatzen dute; musika CDan dago grabatua eta horrela entzuten da... Partaidetza haundia da, bestetako egun guztietan egiten da. Parte hartzea hobetsi da bertze elementu batzuk sakrifikatuz. Erronkariko ttun-ttunaren erronkari modu askotaz egiten ari zaio aurre modu arrakastatsuan. Eskerrik asko, Oier, egindako lanarengatik.

2011/06/20 13:56

Mila esker argibide gehigarriengatik Karlos! Gehitu ditut testu nagusira. Horrez gain, artikulua argitaratu eta gero jaso ditudan beste zenbait informazio gehitu dizkiot testuari. Mintxo Garaikoetxeak konfirmatu dit berak jotzen dituela Soñuak argitaratutako diskan Erronkariko ttun-ttunaren doinauk. Amaia Baglietok jakinarazi dit Aiko Taldeak ere baduela grabazio bat Izabako ttun-ttunaren doinuekin. Jexux Larreak Argiaren jantziak Donostiako Laura jostunak egin zituela gehitu dit. Gari Otamendik argitu dit Arkaitz taldeak 2001ean dantzatu zuela ttun-ttuna Garden lehen aldiz. Mila esker denori!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

CC-BY-SA Elosegui, Jesus - Aranzadi - GureGipuzkoa.net