Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza tradizionalaren dokumentazio mapa

Dokumentuaren akzioak

Dantza tradizionalaren dokumentazio mapa

2011/12/30 16:59
Dantzaren dokumentazio zentroaren eskaera sistematikoa izan da sektorearen aldetik azken urteotan. Eskaera horie aurre egin beharrean, luzamendutan ibili da administrazioa, eta saihetseko ihes horietako bat txostenak enkargatzea izaten da. Horrela enkargatu zitzaion Eusko Ikaskuntzari dantza tradizionalaren dokumentazio mapa bat egitea. Ikerketa bukatu ondoren, Jaurlaritzan, kajoi batean gordeta geratu zen eta han egin du urtebete. Txosten hori argitaratzea erabaki dugu, interesgarria delako, eta hasierako aldarrikapena nabarmen uzten duelako: euskal dantzaren dokumentazio zentro bat behar da.

Kulturaren Euskal Planean dantzaren sektoreak eskatu zuen argi eta garbi: dantzaren dokumentazio zentro bat behar dugu. Jaurlaritzaren erantzuna izan zen: dantzaren dokumentaziaren mapa bat egin dezagun. Haserretu ginen, eta eskatu genuen hori egiten zen bitartean Eresbilen dantzaren fondoa martxan jartzeko, eta hori behintzat lortu zen aurrekoan kontatu dugun moduan. Eta horrekin batera, Eusko Ikaskuntzari enkargatu zitzaion Dantza eta eszena tradizionalaren dokumentazio mapa egiteko.

Eusko Ikaskuntzatik, Beatriz Akizuren ardurapean, Emilio Xabier Dueñas-ek zuzendu du lana, eta Harkaitz Millan eta Amaia Zalba aritu dira ikerketa burutzen. Euskal dantzaren inguruan aritzen diren 152 talde, elkarte, eskola, konpainia edo gune hautatu ziren, eta horietako 100ekin jarri ziren kontaktuan. Guztira 52 zentro bisitatu dituzte ikertzaileak eta bakoitzean dagoen dokumentazioaren zentsoa osatu dute. Bakoitzean dagoen  liburu, aldizkari, dokumentazio karpeta eta kutxa, CD, DVD, KZ, grabazio original, grabatu, argazki eta abarreko materialak zentsatu dira.

Ondorioak

Neurri handi batean lan kuantitatiboa izan da, zenbat, non eta nola dagoen ezagutzea. Baina horretan oinarrituta, txostenak zenbait puntu nabarmentzen ditu bere ondorioetan.

  • Dantza eta eszena tradizionaleko fondoen gordailuen desegituratze eta ahultasunaren ondorioz, dantza talde eta elkarteek bildutako ondarea eta ezagutza galtzeko arriskua dago.
  • Premiazkoa da dantzaren dokumentazio zentro bat. Zaleei, ikertzaileek, hezkuntzako profesionalei, asialdeko taldeei zerbitzua eskainiko dien zentro bat, eta baita formazioa, dibulgazioa eta ikerketaren alorrean, kultura tradizionalaren jarduera eremuak batuko dituen gune bat ere.
  • Diagnostikoak eta estadistikak nahi adina egin daitezke, baina denek norabide bera markatzen dute, eta ekintzara pasatzeko garaia da. Bada garaia erakundeek kultura, eta kultura tradizionala bereziki, babestu, sustatu eta bultzatzeko beharrezko diren ekintzak burutzeko.

 

Txostena

Hementxe duzue Eusko Ikaskuntzak egindako txostena osorik:

 

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.