Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza Idiazabalen bilduma

Dokumentuaren akzioak

Dantza Idiazabalen bilduma

Axari dantza taldea eta Idiazabalgo Udala
2013/02/14 15:15
“Dantza Idiazabalen” bilduma, iaz, izen berarekin antolatu zen erakusketa egin ondoren sortu den proiektua izan da. Iazko otsailean, Idiazabalen dantzaren arloan egin den lana eta zegoen ondarea jaso eta herritarrei erakusteko ahalegina egin zen Dantza Idiazabalen erakusketarekin.

Idiazabalgo Kultura Batzordetik, herrian horrenbeste garrantzia izan duen dantza munduaren inguruko lana nolabait jaso eta ezagutzera eman nahi zen, aldi berean dantza taldea indartu nahian. Orduan, material ugari bildu ahal izan genuen. Dantza talde ezberdinen arropak, banderak, dokumentuak, argazkiak… 1930. Urtean hasi eta gaur arteko Idiazabalgo dantza taldeekin erlazionatutako material sorta zabala eskuratzea lortu genuen. Erakusketa ordea, denbora gutxiz egon zen ikusgai, eta jasotako guztia nolabait atzera bildu eta gordeta gera dadin egin dugu  aurkezten dugun “Dantza Idiazabalen” bilduma berri hau.

Bilduma honek DVD bat eta CD bat jasotzen ditu. Lehengoan, iaz Idiazabalgo dantza taldeak ardatz hartuta antolatu zen mahai inguruaren bideoa eta iazko erakusketari buruzko bideoa jasotzen dira. Bigarren diskoan, berriz, 30. Hamarkadatik gaur arteko argazki bilduma zabala jaso dugu. Garai bateko dantza taldeak, Arkaitz Dantza taldea eta Axari dantza taldeen argazkiak dira jasotakoak. Sueltoko dantzarien argazkiak ere jaso dira  aurrekoez gain. Ia 500 argazkik osatzen dute bilduma. Iaz erakusketarako jasotako argazkiak dira guztiak, herritar asko eta askok utzi dizkigutenak.

Bilduman jasotako argazki bitxienen artean, oso bereziak diren argazki ugari jaso ditugu: 50. Hamarkadan egindako azken soka-dantzaren argazkia, 70. Hamarkadan Idiazabalgo Arkaitz dantza taldeak eta Lazkaoko dantza taldeak Idiazabalen egindako dantzari txiki eguneko irudiak, sanblas jaietan antolatutako lehengo sueltoko dantza txapelketaren argazkiak edo eta Axari dantza taldeak herrian eta herritik kanpo egindako emanaldi ugaritako argazkiak.

Bilduma hau eskuratzeko bi modu izango dira. Alde batetik, Idiazabalgo Izpar dendan erosteko aukera izango da, 5 euroren truke. Herritik kanpo “Dantza Idiazabalen” jaso nahi dutenek, kultura@idiazabal.info postara email bat bidali behar dute helbidea emanaz, eta 6 euroren truke bidaliko zaie bilduma.

Agerraldi honen bidez, eskerrak eman nahi dizkiegu, argazkiak utziz edo beste modu batera bilduma hau osatzea posible egin duten guztiei, eta nola ez, Idiazabalgo dantzak eta dantza taldeek bizirik eta indartsu jarrai dezaten lan egin duten eta lanean ari diren guztiei.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.