Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza autoktonoen jaialdia Basaurin

Dantza autoktonoen jaialdia Basaurin

dantzan.com
2007/09/05 13:59
Lekeitioko eguzki-dantza eta kaxarranka, Eltziegoko dantzak, Gipuzkoako brokel-dantza eta soinu zaharrak, Lizarrako dantzak, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako inauterietako dantzak ikusi ahal izango dira datorren irailaren 15ean Basauriko Bizkotxalde parkean. Dantza autoktonoak zutabe dituen Euskal Herriko Dantza Agerketaren 35. ekitaldia izango da.

Orain 35. urte abian jarritakoan ezarritako irizpide berekin jarraitzen du lanean Basaurin Euskal Herriko Dantza Agerketak. Dantza talde autoktonoak bakarrik izaten dira gonbidatuak erakustaldi horretara, eta honela definitzen ditu jaialdiak "talde autoktono" horiek: "Beren herriko eta eskualdeko dantza propioak gordetzen dituzten taldeak dira, eta herritarrentzat esanahi berezia duten une zehatzetan (herriko jaiak, inauteriak, e.a.) dantzatzen dituzte dantza horiek. Dantza horietako asko jatorrizko lekuan eta egun zehatz horietan bakarrik ikus daitezke." Hala ere Basauriko Dantza Agerketaren antolaketa taldeak argitzen duenez, salbuespen batzuetan, dantzak bere jatorrizko herrian egiteari utzi izan zaionean, dantza horiek egiten dituzten taldeak gonbidatu ohi dira.

Euskal Herriko Dantza Agerketa folklorea bere sustraietan mantentzen duten talde hauen lana erakusteko eta bultzatzeko jaio zen, eta ikusleei dantza horiek ezagutzeko aukera emateko egun zehatz horietan herri horietara joateko beharra izan gabe.

2007ko dantza agerketa

Egitaraua


Irailak 15, larunbata

18:00tan Kalejira parte hartuko duten talde guztiekin Sozial Antzokitik Bizkotxalde parkeraino. Emanaldi laburrak egingo dira Begoñako Andramari kalean, Balendin Berriotxoa kalean eta Solobarria plazan.

18:00tan Buruko tradizionalen erakusketaren irekiera, buruko zapiak jartzeko tallerra eta musika tresnen tallera Bizkotxalde parkean.

19:30ean tokian-tokiko dantzen ikuskizuna Bizkotxalde parkeko eszenatokian:

  • Etorkizuna (Lekeitio, Bizkaia): Eguzki-dantza, Kaxarranka.
  • Eltziego Dantza Taldea (Eltziego, Araba): Pasacalles, la danza, Cuastro calles, Árbol, Jota.
  • Udaberri (Tolosa, Gipuzkoa): Brokel-dantza, soinu zaharrak eta Agurra.
  • Ibai Ega (Lizarra, Nafarroa): Larrain-dantza, Jota de Iturrieta, Corroncho, Desmayo, Ballestas, Baile de la Balsa.
  • Begiraleak (Donibane Lohitzune, Lapurdi): Lapurdiko inauteriko dantzak.
  • Burgaintzi (Donapaleu, Behenafarroa). Makilariak, Bolant dantza, Eskualdunak-Sorgiñak, Makil Txiki, Gabota, Martxa eta Kontradantzak.
  • Aitzindariak (Zuberoa). Zuberoako maskaradetako dantzak.


Irailak 16, igandea

Basauriko Agintzari, Basauritar eta Edurre dantza taldeek emanaldia eskainiko dute Bizkotxalde parkean.

Iraileko hirugarren larunbatean egin ohi da jaialdia Basauriko Bizkotxalde parkean, eta euria eginez gero Sozial Antzokian burutzen da. Basauriko dantza taldeek antolatzen dute Euskal Herriko Dantza Agerketa, Basauriko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, BBKren diru-laguntzarekin, eta herriko txoko, Danbolin Txistulari Elkartea eta Euskal Dantzarien Biltzarrarekin elkarlanean. Urtero 100 lagunetik gora aritzen da jaialdi honen antolaketa lanetan.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.