Alurr taldea Tafallan eta Berastegin ariko da

Eli Nosellas 2010/07/30

Alurr Dantza Taldeak Sua ikuskizuna aurkeztuko du Tafallan uztailaren 31n, eta Alurr Dantza Eskolako 75 gazte ariko dira Berastegin abuztuaren 8an

Tafallan (Nafarroa), frontoian izango da Sua ikuskizunaren emanaldia, uztailaren 31n (larunbata), gaueko 22:00etan. Alurr Dantza Taldeak 2008ko azaroaren 11n estreinatu zuen Sua ikuskizuna Tolosan (Gipuzkoa). Ikuskizun horren emanaldi ugari egin ditu geroztik Euskal Herrian zehar, eta denetan ikus-entzuleen eta adituen txalo zaparrada eta laudorioak jaso ditu Alurr taldeak.

1609. urtean Lapurdin gertatu zen istorio batean oinarritzen da Sua ikuskizuna. Gaueko ikuskizuna da, eta 20 dantzari aritzen dira agertokiaren gainean. Dantzak eta musikak ez ezik, argiek eta jantziek erabateko garrantzia hartzen dute. Betiko ikuspuntutik urrun, historiaren eta sorginen ikuspegi desberdin bat erakusten du Sua ikuskizunak. Jauntxoen dotorezia, herriaren beldurra, sorginen sentsualitatea, ezkutuko bizipenak, askatasuna… eta guztiaren erdian sua dago, itxaropenaren sua, beti bizirik dirauena.

Bestalde, Berastegin (Gipuzkoa), Alurr Dantza Eskolako 75 gazte ariko dira, herriko txistularien laguntzaz, abuztuaren 8an, gaueko 22:30ean. Berastegiko herriarentzat bereziki prestatua dago emanaldia, eta dantza hauek eskainiko dituzte, besteak beste: Eguzki dantza, Banako, Fandango, Arin-arin, Makil jokoa, Korteseko makil dantza, Jaurrieta eta hainbat koreografia.


Erantzunak

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Kontagailua:
Ikusi estatistika osoak